Arantzazuko “Kanta zaharrak” deitu izan dituzte Santutegiaren inguruan sorturiko baladak, autore anonimoenak; kontrara edo, “kanta berriak” deitu ditut 1881etik aurrera Arantzazun edo inguruan abesteko testuak, gehienetan autore ezagunenak.
Erromesek edo koruak taldean abestekoak dira kantok; horretan bereizten dira, besteak beste, bertso-sortetatik. Bertso berrien generotik oso hurbilekoa da gehienetan abesti-testuena, ondo neurtuak eta erritmikoak direlako oro har, estrofaz estrofa doinuari egokitzeko. Horietako batzuk olerkien generoan sartzekoak izango dira, beraien balio poetikoarengatik; emaitza poetiko-literario eskasekorik ere bada tartean. Baina hemen bereziki axola zaiguna zera da: denak daudela doinu eta musika-konposizioren bati lotuak, jatorrian bertan nahiz geroago erantsita, doinuen ahozko espresio bezala. Eta horrek, besterik gabe, literatur balio erantsia ematen die nolabait testuoi.
Arantzazuren aro modernoa oso oparoa izan da horrelako kanten sorkuntzan. Eta ez naiz ari Arantzazuko fraideek sortu dituzten abesti--testu eta konposizio guztiez; Arantzazuri buruzkoez bakarrik ari naiz hemen, fraideek nahiz bestek sortutakoez: zuzenean Arantzazu –Andre Maria, erromesak, historia, lurraldea, artea, etab.– dutenak ziotzat. Alde batera utzi ditut, beraz, Arantzazuko Benedikta izeneko elizkizun liturgiko tradizionaleko salmo eta antifonak –konposizio musikal askoren inspiratzaile, bestalde– edo “Arantzazu” izeneko nahiz Arantzazuko Andre Mariari eskainitako Salbeak edo Mezak, latinezkoak izan ala euskarazkoak. Horrela mugatuta hemengo kanten eremua, 150 bat musika-testu aurkitu dut; horien gain eta horiek egokituz idatzitako konposizio musikalak askoz gehiago dira, testu berberaz baliaturiko konposizio musikal –doinu nahiz harmonizazio– bat baino gehiago aurki daitekeelako sarritan.
Arantzazuko kantaren aro berria 1881ean hasten da –santutegiko gaztelaniazko kantetan, bada XVIII. mendearen erdialdeko “Pues tomó de vuestro pecho” hasten dena, lehenbizikoz 1857an musikatu zutena, eta gero ere beste hainbat musikarik baliatuko zuena–. Liburuxka argitaratu zuen Arantzazuk 1881an, Felipe Arrese Beitiaren Arantzazuko Kondairarekin batera, beste hainbat olerki-bertso eta kanta biltzen zuena: Ama Virgiña Aranzazucoaren condaira zortzico aundietan eta aurtengo erromeriarako itz neurtu batzuec (Tolosan, Eusebio Lopezen moldizteguian, 1881-garren urtean).
Merezi du aurkezpen berezia liburuxka honek. 50 orrialdekoa da; ez du autore orokorrik, baina gehienbat Arrese Beitiaren bi bertso-sortek eta Aita Aranaren kantek osatuta dago, bakoitzaren autoretza aitortuta. Hona eduki osoa: 1. Sarrerako otoitz txikiaren (2. or.) ondoren, liburuxkaren lehen partea, lehen erdia, Arrese Beitiaren “Condairak” hartzen du (3-26 or.), honako titulu pean: “Ama Virgiña Arantzazu-coaren condaira zortziko aundietan” (47 bertso); 2. Modesto Letemendiaren [sic] “Arantzazuco euskaldun erromesentzat. Zortzico”: F. Arrese Beitiaren “Agur, agur, agur Maria” kantaren partitura, zenbakitu gabeko orri soltean; 3. Arrese Beitia beraren “Arantzazuco euscaldun erromesentzat Ama Birjiñari eguiteco agurrac” (27-33 or., 18 bertso); 4. Sinismen edo fedearen aitormena, autorerik gabe (34. or.); 5. “Ama doncella Arantzazucoari. Erregua” (35-27 or.) –autorea: Fr. J. E. (Jose Epelde santutegiko arduradun nagusia noski)–; 6. Aita Aranaren hiru kanta datoz ondoren (38-44 or.): “Ama Virgiña Aranzazucoari agur-ona edo salvea, Aita Aranak aterea”, “Ichasoco izar Virgiña edo «Ave Maris stella» euskaraz, Aita Arana-rena” eta “Azquen-agurra Ama Virgiñari, Aita Aranac ipiñia” –partiturarik gabe daude kanta horiek–; 7. Azkenik, Arana beraren “Ama Virgiña Aranzazucoari cantaera. Aita Aranac jarria” –“Arantzazuko Ama Birjina” ereserki ezaguna, alegia–: aurrenik partituraren orri soltea, E. Lopez berak argitaratua, eta ondoren kantaren testu osoa (45-49 or.): leloa eta zazpi ahapaldi edo bertso. –Hemendik aurrera AVAC siglaz izendatuko dut liburuxka hau–.
Horrekin bateratsu argitaratu zuen Patrizio Antonio Orkaiztegik bere Jesus eta Mariaren billeracoentzat itz neurtubac. Baita Egüerri, garizuma edo misiyo demboraraco, eta berebat dotriñan dabiltzanentzat, Ama guciz garbiyaren alabai lembici, guero berriz aurtengo erromeriyagatic Arantzazuco Virgiñari esqueñiyac, Tolosa: Pedro Gurruchagaren moldizteguiyan, 1881-garren urtean.
Ekoizpen musikal-literario berriaren eragile A. Jose Epelde dago, Arantzazuko frantziskotar komunitate berreraikiko nagusia. Felipe Arrese Beitia eta A. Patrizio Orkaiztegirekin batera ekimen handiko A. Jose Ignazio Arana jesuita dago aurre-aurrean, Epelderen herritar eta adiskidea bera, eta Arantzazuri oso atxikia. Baina abesti-testuez ari garenez, ezin aipatu gabe utzi horien bertso eta olerkiak musikatu zituztenen izenak, bereziki Modesto Letemendia –gero Letamendia– eta Felipe Gorriti.
Horiek sorturiko abesti-testuekin eman diot hasiera liburu honetako bildumari. Ondorengoak sailean etorriko dira, testu-sortzaileen araberako ordena kronologikoan. Kanta bakoitzean sarritan testuak eta musika ez dira urte edo garai berekoak jatorriz; bestalde, hainbatetan ez dugu ezagutzen ez olerkiaren eta ez doinuaren edota harmonizazioaren datarik. Horregatik abesti-testuaren idazlearen heriotza-urtea hartu dut erreferentziatzat; eta testua anonimoa edo ezezaguna denean, musikariaren heriotza-urtea, lehenbizikoz testua musikatu duenarena. Dena dela, jakin dakigunetan seinalatuta geratzen dira testuaren nahiz musikaren sorkuntzako edo lehen argitalpeneko urteak.
Ezaguna da batzuetan autore berbera izan daitekeela poeta –testu-idazlea– eta musikaria –konposatzailea–; baina gehienetan ezberdinak izan ohi dira. Hala gertatzen da Arantzazuko kantetan ere. Azpimarratzekoa da, hala ere, poeten eta musikarien zuzeneko lankidetza Arantzazuko kanten sorkuntzaren historian, ADK-I liburukian seinalatuta geratu denez. Gorago aipaturiko 1881eko poeta eta musikari bikoteen fenomenoa behin eta berriro errepikatzen da XX. mendean ere Arantzazuko sortzaileen artean: Antonio Arruti eta J. J. N. Garmendia, Ignazio Omaetxebarria eta Leonardo Zelaia, Bitoriano Gandiaga eta Pello Zabala, Iñaki Beristain eta Pello Zabala, berriro. Bereziki emankorra gertatu izan da horrelako bikoteen lankidetza.
Poeta-musikarien zuzeneko edo aldi bereko lankidetzaz at, testuen eta musikaren arteko elkarreragin handia gertatzen da kanten historian, Arantzazukoetan behintzat. Batzuetan poetak bere olerkia idatzi du, zuzenean doinu jakinen bat gogoan eduki gabe, baina musikariren bati doinua sortzeko bidea eta oinarria emango dion itxaropenez, eta asmo horrekin; nahiz eta gero batzuetan musikatu gabe geratu behar izan, abesti-testutzat hartu ditut horrelakoak. Beste batzuetan poetak berak aukeratu eta seinalatu izan du lehendikako herri-doinu edo autoredunen bat bere testuari egokitzeko. Gertatzen da, baita ere, poetak inolako doinu eta musikarik kontuan eduki gabe idatzi izana bere olerkia, baina ondoren etortzea musikaria, bere inspirazio iturritzat hartuz halako testua, eta osorik edo partez aukeratuz bere kantaren konposiziorako; musika-konposatzaileek nahikoa libre jokatu ohi dute, poetaren testutik beren erara ahapaldiak edo estrofak aukeratzekoan eta batzuetan aldatu edo moldatzean; horrela jatorrizko testu poetikoa hainbat eratara ager daiteke musikariek eraturiko kantetan, titulu eta hasiera ezberdinekin sarritan; gainera doinu-sortzaileek –edo ondorengo kopiatzaileek– badute maiz ohitura txarra, testuaren autoretza ez aitortzekoa, beraiek ere ezagutzen ez dutelako edo abesti-testuari garrantzirik ematen ez diotelako. Bestelako kontua da, doinua testu jakin bati lotuta sortua izana, baina gero bestelako testuak erantsi izana doinu berberari.
Testu eta doinuen gurutzatze libre hori dela eta, gertatzen da batzuetan, zuk ezagutzen duzula alde batetik olerkia eta beste aldetik kanta, baina bien arteko lotura egiteko ikerketa berezia egin behar izatea. Azken batez, abesti-testuaren eta musikaren historiak ezberdinak dira sarritan, eta elkarreraginean doaz, testuak doinu edo harmonizazio berriak “eskatuz” edo konposizio musikalek jatorrizko olerki berberak beren erara erabiliz eta moldatuz. Bihurri xamarra gertatzen da batzuetan alde bitako historia horien jarraipena egitea.
Abesti-testuen bilduma soila izan nahi zuen hasieran liburu honek. Baina laster konturatu nintzen aldaerak dituztela horiek, kanta edo partitura batetik bestera ezberdinak. Beraz, ez zegoen abesti-testuen jarraipena eta historia egiterik, horien doinu eta harmonizazio ezberdinak kontuan hartu gabe. Horregatik, testu edo olerki bakoitzaren azpiko oharretan doaz berorrek izan dituen musika-bertsio ezberdinen berriak, baita horien arabera testuak berak izan dituen aldaketen berriak ere.
Lan-metodo honen arabera Arantzazuri buruzko kanta guztien partiturak bildu eta alderatu behar izan ditut testu nahiz musika aldetik. Horiek denak eskuetan izanik, berriz, zergatik ez digitalizatu eta guztien kopia txukuna egin? Hortik etorri zen, bada, Arantzazuri buruzko kanta guztien partituren edizio digitala lantzea. Musika-notazio digitalaren lana Ramon Udabe Usurbilgo parrokiako koru-zuzendari eta musikariak hartu zuen bere gain. Eskerrak berari bihotz-bihotzetik! Lan horretatik atera da Arantzazuko Abestien Bilduma (AAB), 400 bat partituraz osatua (1.200 orrialde inguru).
Hemengo abesti-testuen eta partituren bilduma digitalizatua bata besteari lotuta doaz, beraz, eta bata bestearen argigarri ere gerta daitezke sarritan. Areago, bata bestearekiko erreferentzia esplizitoak gaineratu ditut, liburu honetako abesti-testu bakoitzetik dagozkion partituretara bidaliz irakurlea, eta, alderantziz, AAB-ko partitura bakoitzean oinarrizko olerkiaren erreferentzia zehaztuz: testuan bertan ezezik, horri egindako oharretan hainbat argibide historiko-kritiko aurkitu ahal izateko. Bestalde, AAB-ko abestien ohar historiko-kritiko hainbat hemen aurkituko du irakurleak. Azken batez, AAB edizioa eta hemengo liburuki hau batera hartzekoak eta erabiltzekoak dira.
“Literatura arantzazuarraren” ezaugarriez hitz egitean (ik. ADK sail honetako lehen liburukia) nabarmenduta utzi nuen nola dagoen literatura hori estu lotuta kantari, eta nola doazen parez pare edo bateratsu literatura eta musika Arantzazuko kondairan. Bereziki nabarmena da hori Arantzazuko bi euskal poeta handienei dagokienean: Salbatore Mitxelena eta Bitoriano Gandiaga.
Salbatore Mitxelenaren Arantzazu. Euskal Poema oso-osorik da bertso edo olerki, kanta bihurtua edo bihurgarria. Areago, haren Ogei kanta Arantzazuko liburuxkako abestiak, Poema-tik atereak, Arantzazuko doinurik hedatuenetarikoak izan dira urte askotan, santutegian bertan nahiz handik kanpo.
Bitoriano Gandiagak ere kantuz idazten zituen sarritan bere poemak, edota kanturako; edo zuzenean musikatzeko idatzi ez izanda ere, gero haren ehundik gora testu kanta bihurtuta daude. Horietako zenbait Arantzazu duena zuzenean kantagai.
Arantzazuko kantak sorreraz – Arantzazuko kantak egokitzapenez – Arantzazuko kantak, gero bestelako bihurtuak... Hiruretakoak ditugu. Martzelino Idoiaga Arantzazuko fraideak izan zuen joera Andre Mariaren kantak Arantzazukoari bereziki egokitzeko, hitz bat edo beste aldatuz: adibidez, “Maite zaitugu, Ama / Birjina Maria”, jatorriz Arantzazuko kanta ez dena, Arantzazuko bihurtu zuen –eta organorako harmonizatu–, olerkiaren bigarren lerroa aldatuz: “Maite zaitugu, Ama Arantzazukoa” (ik. M. Idoiaga, Diversas obras..., 114-115 or.).
Sarrera hau amaitzeko, Arantzazuko ‘himno’ edo ereserkiari buruz argibideren bat eman nahi dut, sarri ageri baita Arantzazuko abestien deituretan horrelako kalifikazioa.
Zuzenean erabili, Arantzazuko kanten bi autorek erabili zuten, ‘himno’ beren konposizioak izendatzeko: Aita Donostiak: “Himno a Ntra. Sra. de Aránzazu”, bere “Salve, Virgen guipuzcoana” abestia izendatzeko, seguruenik horren jatorrian dagoen Sanz y Aldazen olerkiak titulu horixe zuelako; eta Anjel Urzelai-k: “Himno a la Virgen de Aránzazu, Patrona de Guipúzcoa”, bere “Arantzazuko Ama maitea, Gipuzkoako zaindaria” hasten den kantarentzat.
Irudi luke Andre Mariaren Gipuzkoako zaindaritzari bereziki lotuta legokeela halako titulua (1918), baina lehenagokoei ere eman izan diete kalifikazio hori. Eta berdintsu zaigu, konposatzaileak ala ondorengo partitura-kopiatzaileak nahiz interpreteak emandako titulua izan.
Jose Arruek “Arantzazura. Ibildeun-ereserkiya (himno de procesión)” titulua eman zion bere “Arantzazura” edo “Donostiatik gatoz” kantari (Arantzazu. Homenaje filial a Ntra. Señora de Aránzazu, Celestial Patrona de Guipúzcoa, Bilbao, 1918, 76-77. or.), “Himno a la peregrinación de Aránzazu” bihurtu zen beste edizioren batean (REA/JK, 82-bis or.) eta azkenik, “Himno a la Virgen de Aránzazu” (Arantzazu, VII, 1927, 76. zenb, 262. or.).
Berrikiago, Tomas Garbizuren “Arantzazuko eleiz agurra” kantaren –Felipe Arrese Beitia / M. Letamendiaren “Agur, agur, agur, Maria” jatorrizkoa pianorako egokituaren– partituraren kopietakoren batzuen oinean honako hau irakur daiteke: “El popularizado y bonito himno a la Virgen de Arantzazu que se cantará en aquel santuario”
Bruno Imazek “Arantzazuko Ama Birgiña. Himno” izena ipini zion J. I. Aranaren “Arantzazuko Ama Birjina” olerkiaren gain berak sorturiko doinuari, Letamendiarenaz ezberdinari.
Arantzazuko ereserki ofizialik ez dago. Santutegiko abestietan “ereserkia” generokoak askotxo izanik, zeini eman diezaiokegu ereserkienaren eta Arantzazukoenaren kategoria: “Arantzazuko ereserkia”? Badirudi, J. I. Arana / M. Letamendiaren Arantzazuko Ama Birjina kanta hain ezagunak eta tradizio hain handikoak irabazia duela titulu hori Santutegiko erromesen eta herritar Arantzazu-zaleen buruetan eta bihotzetan.
_____________________
Artxiboak, Bibliografia eta Diskografia
Siglak
Laburduraz edo siglaz hasten diren erreferentziak horrexen bidez aipatuko ditut. Berezko tituluarekin doazenei ere laburtua eman diet askotan titulua, aipamenak erraztu ahal izateko.
A) Artxiboak
AranMusArtx – Arantzazuko Musika Artxiboa (hemen artxibo modernoaz ari naiz, ez 1834ko santutegiaren erreketaren aurretikoaz).
Eresbil – Euskal Herriko Musika-Artxiboa (Errenteria).
AranLitArtx – Arantzazuko Literatur Artxiboa.
AranArtxHist – Arantzazuko Artxibo Historikoa.
ZarMusArtx – Zarauzko Musika Artxiboa (Frantziskotarren liburutegian).
B) Bibliografia
AAB – Arantzazuko Abestien Bilduma, edizio digitala (Ed.: P. Agirrebaltzategi; partituren notazio digitala: Ramon Udabe), 2018. 375tik gora pieza dira; ordenatuta doaz, eta zenbakituta: Z/001, eta horrela.
ADK – Arantzazu Dut Kantagai. Arantzazu kantatzen duten balada, olerki, bertso eta bestelako testu poetikoen edizio kritikoa, liburukitan sailkatua; honako hauxe da horietan VI.a.
AKDB – “Arantzazu Kantagai. Datu-Basea” (Arantzazuri buruzko balada, kopla, kanta, bertso sorta eta olerkien eta Arantzazu aldizkariko bertso eta olerkien datu-base digitala). Edizio kritikoa (P. Agirrebaltzategi).
AEP-1 – Salbatore Mitxelena (1949), Arantzazu. Euskal Poema (1. ed.), Oñate: Ed. Aranzazu.
AEP-2 – Salbatore Mitxelena, Arantzazu. Euskal Poema (1984, 2. ed.), in: Idazlan guztiak, (Ed.: Karmelo Iturria eta Jose A. Gandarias), Oñati: Editorial Franciscana Aránzazu, 1-300 or.
AKZB – “Arantzazuko Kanta Zaharren Bilduma”. Arantzazuko Literatur Artxiboan bilduta dauden kanta zahar (balada, bertso, kopla, etab.en gorputz osoa), hainbat sorta eta kopiaz osatua. (Horiei buruzko azterketa historiko-kritikorako ik. ADK, l. lib.).
ARAM – Arantzazuko Frantziskotarrak eta Oñatiko Santa Anako klaratarrak, Arantzazu. Ameskabi, otoizleku (Zuz.: Iñaki Beristain), (1997), [CD + testuen liburuxka], Arantzazu-Oñati: EFA. Salbatore Mitxelenaren eta Iñaki Beristainen testuetan dago bereziki oinarrituta; Mitxelenaren Ogei Kanta Arantzazuko liburuxkatik hamar bat doinu daude hartuta (batzuetan testuak osatuta, Mitxelenaren beraren Arantzazu. Euskal Poema liburuko testuez baliatuz).
Aramburu, Vicente (1947), Colección de cantos religiosos. Eliz Abesti sorta, Bilbao: Talleres Ordorica. Laburtuta: “V. Aramburu, Colección... Sorta (1947)”.
Arantzazu. Ameskabi, otoizleku (ik. ARAM).
Arantzazuko korua abesti sorta (Edizio digitala, AranMusArtx, K 112) (Ed.: Iñaki Beristain). Sailetan banatuta dago; laugarren sailak “Maria” du titulutzat, eta bertan Arantzazuko Andre Mariari eskainitakoak ere badaude.
Arantzazura bidezkundeko abestiyak, Bermeo: Imp. de Ruiz, 1920 (?)
AVAC – Ama Virgiña Aranzazucoaren condaira zortzico aundietan eta aurtengo erromeriaraco itz neurtu batzuec, Tolosa: Eusebio Lopezen Moldiztegian, 1881-garren urtean, 50 or. (Donostiako KMK-ko liburuxkaren barruan datoz M. Letemendiaren [sic] “Arantzazuko Ama Birjina” eta “Agur, agur, agur Maria” kanten partiturak, orri soltetan, inprimategi berberak argitaratuak). Arantzazuko Artxiboan ere bada liburuxkaren kopia, ia berdina, argitaratzaile berarena eta urte berekoa, baina edizio ezberdinekoa.
CPV – Resurrección Maria de Azkue (1968), Cancionero Popular Vasco, I-II tomo, Biblioteca de La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao, 1968 (edizio faksimila).
DCV – Aita Donostia, Cancionero Vasco (Ed.: Jorge de Riezu), 4 tomo, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
EERV – Antonio Zavala, Euskal Erromantzeak. Romancero Vasco, [Auspoa Liburutegia], Oiartzun: Sendoa arg., 1998.
Echeverría, Silverio F. de – Antia, Manuel Antonio (1881), Ama Virgiña Aranzazucoaren imagiñ eta eleizaren condaira laburra, S. F. de E. gaztelaniaz izcribatua eta M.A.A. euscarara itzulia, Tolosa: Eus. Lopez-en moldizteguian, 1881-garen urtean.
G2T – Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumako sortetako bat (Moldatzailea: Paulo Agirrebaltzategi), 93 or. fotokopiatu: baladak, bertso sortak eta bestelako eliz kantak. (Ik. ADK-I, 2. atala).
HGB – Bitoriano Gandiaga (19912), Hiru gizon bakarka, Donostia: Elkar (1. ed., 1974).
HVSA – Jose Adrian Lizarralde, Historia de la Virgen y del Santuario de Aránzazu, Oñate: Edit. Aránzazu, 1950.
Ibarbia, Jose Maria, Arantzazukoak abesti sorta [Eskuizkribua, AranMusArtx, K 76). Arantzazuri buruzko 22 kanta. Dirudienez, J. M. Ibarbia musikariak egindako eskuzko kopia da. Gehienak S. Mitxelenaren Ogei kanta Arantzazuko (OKA) liburukoak dira, baina ez denak. Ustez, OKA-ren aurretik Mitxelenak esku artean erabili bide zuen sorta probisionala da, gero ez osorik eta ez guztiz berdin igaroko zena OKA-ren ediziora.
Idoiaga, Martzelino (biltzailea) (1965), Cantos religiosos (Eskuizkibua), Arantzazuko Musika Artxiboa, K 104. Lau tomotako abesti erlijiozkoen bilduma handia idatzi zuen Idoiagak eskuz. Arantzazuko Andre Mariari dagozkionak bereziki II. tomoan ageri dira.
Idoiaga, Martzelino, Arantzazuko Amari abesti sorta (Eskuizkribua, AranMusArtx, K 109) (Biltzailea: Martzelino Idoiaga). Arantzazuri buruzko 25 kanten bilduma.
Idoiaga, Martzelino, Diversas obras. Eskuz idatzitako 46 kanten bilduma, horietatik 25 inguru Arantzazuri buruzkoak (AranMusArtx); batzuk musikari beraren bestelako bildumetan aurki daitezke. Idoiaga beraren organoko laguntza dute.
Lausardi koro sinfonikoa (2005), Arantzazu musikaren mendeetan. 2 siglos XIX-XX. mendeak (CDa eta liburuxka; Zuz.: David Azurza), AusArt Records. Arantzazuko hainbat kanta, testu eta guzti.
Lekuona'tar Manuel (1985), Idaz-lan danak. 10. t.: Gabon eta eliz-kantak [Kardaberaz bilduma, 31], Tolosa: Librería Técnica de Difusión, 1985.
Mitxelena, Salbatore (1977), Idazlan guztiak-I (Ed.: Karmelo Iturria eta Jose A. Gandarias), Oñati: E.F.A.
— (1984), Idazlan guztiak-II (Ed.: Karmelo Iturria eta Jose A. Gandarias), Editorial Franciscana Aránzazu.
MNA – X. Marcha Nocturna de Aránzazu (I eta II). Titulu horixe dute Arantzazuko Musika Artxiboko bi koadernoek (K 106); esku ezberdinek kopiatutako abestien partiturak daude beraietan, batzuk Arantzazuri buruzkoak.
O4S – OSJ-ren fotokopietako bat da (ik.), ADK-ko I. liburukiko 2. atalean deskribatua. (Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bilduman dago).
OEA – “Omaetxebarriaren Eskuizkribuen Artxiboa”: Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumako sortetako bat, Ignazio Omaetxebarria fraide frantziskotarrak bildu eta eskuz transkribatutakoena, Paulo Agirrebaltzategik moldatua: 35 dok. (ik. ADK liburu sorta, I. lib. 2. atala).
OKA-1952 – Salbatore Mitxelena (19521), Ogei kanta Arantzazuko, Oñate: Talleres gráficos del Santuario de Aránzazu.
OKA-1969 – Salbatore Mitxelena (19692), Ogei kanta Arantzazuko, Oñate: Talleres gráficos del Santuario de Aránzazu. Bi edizioetan Mitxelenaren hogei kantez gain eranskin txikia du, Arantzazuko lau abesti klasikoen hitzena. Liburu honetan 1969ko edizio aipatuko dut, kontrakorik ezean: OKA-1969.
OKA/Id – Martzelino Idoiaga, Ogei kanta Arantzazuko. Acompañamiento para órgano (Kopia digitala, AranMusArtx, K 6). Salbatore Mitxelenaren Ogei Kanta Arantzazuko liburuxkako abestientzako organoko laguntza.
OSJ – “Omaetxebarriaren jatorrizko Sorta”: I. Omaetxebarriak egindako Arantzazuko REA/JK koadernoko kanten kopia partziala, mekanografiatua (ik. ADK-ko I. liburukia, 2. atala). Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumaren barruan dago.
Orcaiztegui, Patricio Antonio – Iriondo, Toribio (1881), Jesus eta Mariaren billeracoentzat itz neurtubac. Bai eta Egüerri, garizuma edo misiyo demboraraco, eta berebat dotriñan dabiltzatzentzat, Ama guciz Garbiyaren alabai lembizi, guero berriz aurtengo erromeriyagatic Arantzazuco Virgiñari esqueñiyac. Tolosa: Pedro Gurruchagaren moldizteguiyan, 1881-garren urtean. Liburua ia osorik Orkaiztegik idatzia da; lau kanta bakarrik tartekatu zituen T. Iriondorenak. Arantzazuko kondaira bertsotan kontatuaz gain, hiru abesti ditu liburuak, Arantzazuko Andre Mariari eskainiak.
Plana, Mariano (1931), Seleccción de Cantos Religiosos, Tolosa: Gráf. Laborde y Labayen.
REA/JK – Romances Euskéricos de Aránzazu (u. g.), Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumako Koaderno nagusia, 200 or. Horren berri eta deskripzio zabalerako ik. ADK-I, 2. atala: “REA/JK-ren familia ugaria”.
Riezu, Jorge de (ed.) (1960-1980), Obras Musicales del P. Donostia (12 tomo), Archivo Padre Donostia.
Urkiza, Julen (1999), Aldizkari eta egunkarietako euskal bertso eta olerkien bibliografia [Karmel sorta-11], Markina-Xemein.
Zenbait (1918), Arantzazu. Homenaje filial a Ntra. Señora de Aránzazu, celestial patrona de Guipúzcoa, Bilbao.
Zenbait (1935), Homenaje a la seráfica Provincia de Cantabria en el septuagésimo quinto año de su Restauración, Oñate: Imp. de la revista Aránzazu.
Nabarmentzeko liburuxka bat
Bibliografiako zerrendan aipatua utzi dut Arantzazura bidezkundeko abestiyak liburuxka (16 orrialde). Azalpen apartekoa merezi du honek, XX. mendean herrietan antolaturiko Arantzazuko erromes taldeentzako abesti nagusien esku-liburu osoa delako. Bertan daude jasota lau abesti klasikoak: [Donostiatik] gatoz (Jose Arrue: sarrera eta 3 estrofa), Arantzazuko Ama Birjina (Jose Ignazio Arana: leloa eta 4 estrofa), Agur, agur, agur, Maria (Felipe Arrese Beitia: leloa eta 4 estrofa), Agur Jesusen Ama (J. I. Arana: 2 estrofa), Benedicta (hiru salmoak, latinez) eta Salve Regina. 1920 ingurukotzat jotzen dute liburua; 1918 baino geroagokoa da, nolanahi ere, Arrueren abestia urte horretakoa delako.
Euskarazko lau abestiak, oraingoan partitura eta guzti, 1928an hogei orrialdeko Arantzazu tituluko liburuxkan argitaratu zituzten Oñatin (Arantzazun bertan seguruenik).
Bizkai herrialdekoen erromesaldi handiren baterako argitaratu ote zuten? Izan ere Arrueren prozesio-abestia “Bizkai-erritik gatoz” hasten baita. Hala ere, ez zituzten testuok bizkaerara moldatu, eta funtsean jatorrizko testuan eta ortografian argitaratu zituzten kantok, batzuetan estrofaren batzuk kenduz.
Bestelako zenbait laburdura
Doc.: documento, Arantzazuko artxiboan.
Erg.: Datu-baseko erregistroa (“Arantzazu Kantagai” datu-basekoa).
Lib.: liburua.
Sec.: Sección, Arantzazuko artxiboan.
u.g.: urterik gabe (argitalpena).
zenb.: zenbakia.