Testua: Anunciación Aldalur
Eskuzko liburuxka, titulurik gabea (AranLitArtx, SAR-1956/2: 14-002)
Doinua: Jose Arrue, “Arantzazura” (“Donostiatik gatoz”)
Agur, agur, agur, Maria,
agur, agur, guztiz Garbia.
- 1Agur Arantzazuko
Maria Birjina,
Zu zera gure Ama,
Ama atsegina,
zeru eta lurrean
zera Erregina,
“Zu, maitatzen egingo
degu ahalegina”.
Agur, agur... - 2Ama Zu ikustean
arantza gainean,
bihotza indartzen da
poz atseginean.
Zure antza nahi degu
buru ta oinean,
Zurekin bizitzeko
zeru haundinean!
Agur, agur... - Maitagarria zera
grazi emailea,
itxasoko izarra
distiratzailea.
Zurekin gustatu zan
Aita Egilea,
munduan zinalako
garbi langilea!
Agur, agur... - Ama graziazkoa,
errukiz betea
Jaungoikoaren Ama
eta Emaztea:
Zurekin guk nahi degu
zerura juatea,
Zurekin maitatzeko
Jaungoiko maitea!
Anunciación Aldalur klaratarra zen, Zarauzko komentuan, bertsoak jartzen saiatua, bereziki gai erlijiozkoen inguruan. Arantzazu aldizkariak hamaika bertso sorta behintzat argitaratu zizkion 1965-1973 urteetan, “Sor Anunciación Aldalur” sinatuta; horietako bat Arantzazuko A.M.-ri eskainia: “Ama Birjiña Arantzazu'koari, eskerrak Mixiolarien alde” (XLIX, 1970, 473. zenb., 153. or.).
Lehenago, 1956an, Arantzazuko Jubileu urtean Arantzazuk antolaturiko bertso-sariketan hartu zuen parte, bertso sorta luze batekin (64 bertso) –aipamen berezia merezi izan zuen– eta beste bat laburragoarekin (23 bertso). ADK liburu hauetako IV. liburukian –Arantzazu bertso berritan– ikus daitezke sorta biak. Bertso sorta luzeekin batera bi kanta laburrago ere bidali zituen, opari moduan edo, biak gai eta egitura berekoak: hemengo hau eta ondorengoa. Lau piezek osaturiko koadernotxo osoa (36. or.), eskuz idatzia, aurki daiteke Arantzazuko Literatur Artxiboan, bertso-sariketako beste idazlanekin batera.
Hemengo hau koadernoko kantetako bat da, beraz (34. or.). Dakidanez, ez dago inon argitaratuta. Bertan iradokita dagoenez, J. Arrueren “Donostiatik gatoz” kantaren doinuan abestekoak dira bertso hauek.