Testua: Toribio Alzaga
Musika: Buenabentura Zapirain
Chanton Piperri, Leipzig: Imp. de Breitkopf & Härtel, 1899, 144-151 or.
– AAB: 033 –
- Txoragarrizko berri gozoa
bihotz pozkidagarria,
lasterka nator kontatutzera,
aitu bezate egia. - – Ez degu ezer jakin beharrik.
– Horren berri ona al da?
– Hoberik ezin izan liteke.
– Orduan kontatu, bada. - Baltzategiko Rodrigo artzaia,
Antxo Txapel deitzen dana,
Aloña mendi tontor-tontorran
zan goiz-goizetikan juana. - Han bat-batian agertu zaio
arantza zorrotz gainian
zeruetako Ama Birjina,
Jesus dabela besoan. - Dio: – Harritua uzten nazu:
Ama Maria! Arantzan zu?
Poztutzen gaitu berri on honek,
zenbat ez liteke esan. - Baina nola da, Ama Birjina
agertutzia arantzan?
Zuen arteko gudu zitala
ikusirikan nolakua zan - Non nahi zenduten agertutzia,
arantza zorrotza [sic] ez bazan?
Non nahi zenduten agertutzia
arantza zorrotza ez bazan? - Birjina hauxe bere Erregintzat
hautatu du Euskal Herriak,
beregandikan izango ditu
zeruko ontasun guziak. - Horregatikan berarengana,
pasarik laster mendiak,
pozez beterik dijoaz danak,
jaun eta nekazariak. - Zure semetzat hartu gaitzazu,
Ama Maria, Arantzazu.
Guazen, gu ere, guazen lasterka,
guazen danak berihala,
ikusi dezan Ama Mariak
bere semeak gerala. - Zaudete ixilik, ez hori esan,
ez batzuek ez bestiak.
Anai odol-ixurtzaliak
ez dira Amaren semiak. - Zuen bihotzak arkitzen dira
gorrotoz oso betiak.
Ama Birjinak ez ditu hoiek nahi,
Ama Birjinak nahi ditu bihotz garbiak.
Txanton Piperri operaren 3. ekitaldiko 5. eszenako testua da hemengo hau. Ezaguna da Alzaga–Zapirain-en operaren hirugarren ekitaldiak Arantzazuko Andre Mariaren aurkikuntzak ekarri omen zuen bake sozialaz diharduela. Ekitaldia Berastegin gertatzen bada ere, Arantzazu da erreferentzia nagusia. Alde horretatik operaren 3. ekitaldi osoa esan daiteke Arantzazuko kanta dela, hirutan banatua: Hemengo hau eta ondoren datozen biak: “Ongi etorri gure artera” eta “Arantzazuko Ama Maria”.
Hemengo zati hau laster ikasi zuen nonbait herriko jendeak, eta Arantzazuko balada edo kanta zaharren artean hasi ziren kantatzen herritarrak. Horrelakoen ahotatik jasota iritsi da, iritsi ere, Arantzazuko Kanta Zaharren Bildumara: kantaren lehen hiru bertsoak. Bi aldetatik eta bi aldaeratan etorri zaigu: bata I. Omaetxebarriak bildua nonbait (OEA sorta, 16. dok.), eta bestea, Oñatiko Bidaurretako Kaietana anderearengandik norbaitek jasoa. Zerbait ezberdinak dira bata bestetik, eta baita T. Alzagaren testuarekiko ere. Bietan jatorrizko bigarren ahapaldia janda dago. Alzagaren jatorrizko testu osoa ekarri nahi izan dut hona, 12 ahapalditan banatuta.
Kaietanaren ahapaldiak kanta luzeago baten barruan iritsi ziren, REA/JK koaderno nagusian (23-24 or.); “Agostuaren amabosgarren” balada klasikoarekin hasten da hori. I. Omaetxebarriak, ordea, lau kanta ezberdin identifikatu zituen emakumearen testu luzean, eta horietako bat, apartekoa, hemengo honetako 1., 3. eta 4. bertsoak.
Salbatore Mitxelena ondo konturatu zen Kaietanaren “Txoragarrizko berri gozoa” kanta laburtua ez zela inolako balada edo Arantzazuko herri-kanta zaharra jatorriz, eta nondik zetorren ere jakin zuen, bere Aboz abo liburuan idatzitako oharrean aditzera eman zuenez: “Hau ez da kanta-zarra, Zapirainen “Txanton Piperri” euskal operaren zati bat baizik” (Ahoz aho. Arantzazuko Kanta Zaharrak [ADK, IX], 79. or., 63. oharrean).
Ez dakit horretaz konturatu zen Antonio Zabala, zeren eta bere Euskal Erromantzeak. Romancero Vasco (EERV) liburuan benetan balada zati direnekin batera argitaratu baitzuen. Igone Etxebarriaren Arantzazuko Baladak edo Kanta Zaharrak (ABK) liburuak, ordea, ez zuen baladatzat hartu nonbait, eta kanpoan utzi zuen.