Testua: Salbatore Mitxelena
OKA-1969, 38. or. (AEP-2, 190-196 or.)
Doinua: Herri-doinua (Mitxelenak moldatua)
OKA-1969, 17. kanta, 38. or.
– AAB: 068, 131, 154, 199, 229, 234, 272, 365 –
1a |
Zuk zer dezu, Arantzazu, |
1b |
Izena bera, Arantzazu, |
2a |
Izen hori, Arantzazu, |
2b |
Zuk zer dezu, Arantzazu? |
3a |
Arantzazuren agurra |
3b |
Euskal Herri, egin kantu, |
4a |
Andre Marik zaitu seme, |
4b |
Kantak, kondaira argituaz, |
Kanta honen testuaren osaketak bere eboluzioa izan zuen. Aurrenik badirudi jaio berria zen Arantzazuko Andre Mariaren egutegia-rako (1947) idatzi zuela, horren aurkezpen gisa edo; 1946an idatzia litzateke, beraz; hortxe aurkitu eta zirrara handiz irakurri zuen Muxika'tar Kindinek Argentinan, Euzko Deya-n idatzitako artikulutxo batean aitortzen duenez (1947, 288. zenb., 17 or.); artikuluaren barruan, ordea, kopiatu egin zuen Mitxelenaren olerkia, eta dirudienez lehen hiru ahapaldiak bakarrik zituen: 1a, 1b eta 2a. 1947. urte bereko Arantzazu aldizkariaren lehen zenbakian argitaratu zuen, doinu eta guzti (XXVII, 1947, 277. zenb., 12-13 or.), 2b ahapalditxoa gaineratuz, seguruenik doinuari egokitzeko. Izan ere, S. Mitxelenak bere Poema handia (AEP) argitaratu baino bi urte lehenago, eta bere Ogei Kanta Arantzazuko (OKA) argitaratu baino 5 urte lehenago, 1947an argitaratuak zituen Arantzazuri buruzko bost kanta Arantzazu aldizkarian: testu eta doinu. Horietan aurrena, hain zuen, “Zuk zer dezu, Arantzazu” izan zen; “Arantzazu” tituluarekin argitaratu zuen, besterik gabe, hitzaurre aski luzearekin; bertan agertu zuen, gero OKA izango zenaren kanta sortaren asmoa: Euskal Herria kantuan jarri nahi du berriro, eta horretarako bildu eta eskaini nahi dizkio, arbasoek “biotz-biotzean somatu eta ezpañetan beti erabilli zituzten ideiak”, “bertsoak, xamurrak, bioztiak, batere nekerik gabekoetan” adieraziak, eta “doinu zar jatorretan” abestekoak. Abestiaren harrera onaren seinale da, 1947. urte berean jaso izana Bizente Aranburuk bere Colección de cantos religiosos / Eliz Abesti sorta liburuan (392. or.).
Mitxelenaren Poema-ko “Agur, Jesusen Ama” kapituluaren barruan (AEP-2, 183-197 or.) ageri da hiru ahapaldiko jatorrizko olerkia, 190. orrialdean, hain zuzen ere –ez dago OKA-ko 2b ahapaldia–. Askoz beranduago, 1995ean-edo, ARAM CDa eratu eta grabatzekoan, beste lau ahapalditxo tartekatu zituzten, AEP-tik hartuta (195-196 or.). OKA-koen atzetik ipini ditut gaineratutako horiek.
AEP-n bertan dago iradokita kantarentzako doinua (ik.190. or.), aurretik Arantzazu aldizkarian emana bera; eta liburuko beste partituren artean dago (AEP-2, 9. kanta, 249. or.). Herri-doinua da, Mitxelenak bi ahotsetara edo duora moldatua. Arantzazukoak sortako lehen kanta, OKA-koarekin berdina da, hitzen baten aldaera gorabehera.
1947an bertan 5 ahotsetara kantatzeko moduan, organo eta guzti, harmonizatu zuen J. J. N. Garmendiak (AAB: 068); Arantzazuko Musika Artxiboan dago horren jatorrizko eskuzko kopia (AranMusArtx, D 1); aldizkarian zuen titulu bera du: “Arantzazu” –ez geroko “Zuk zer dezu Arantzazu?”–. Horren kopia Eresbilen ere badago (E/GAR-36/R-19), honako dedikatoriarekin: “Al R. P. Salvador Michelena”. Bi kopietan 1a eta 1b ahapaldiak bakarrik daude partituraren barruan. Geroago Estanislao Sudupek 4 ahotsetara ipini zuen OKA-ko kanta (AAB: 154) –horren jatorrizko eskuzko partitura Eresbilen aurki daiteke, E/SUD-01/R-02 signaturarekin–.
M. Idoiagak organoko laguntza gaineratu zion OKA-ko kantari bi aldaera ezberdinetan: a) OKA/Id, 17. partitura; AAB: 272 –1a eta 1b ahapaldiak bakarrik jasota–, eta b) Cantos religiosos, II, 109. kanta, 217. or.; AAB: 131 –1a / 1b eta 2a / 2b ahapaldiak daude kopiatuta–.
Bai Frantzisko Madinaren Arantzazu Poema sinfónico-coral-ak eta bai Felix Ibarrondoren Arantzazu konposizioak (orkestra eta korua) zuzeneko erreferentzia musikal eta testuala egiten diote beren piezen barruan.
Ignazio Ansorenak txisturako pieza landu zuen “Zuk zer dezu Arantzazu?” kantaren doinuaren gain (AAB: 365). Juan Carlos Irizarrek bere Arantzazu pieza instrumentalean sartu zuen kanta honen doinua, bere erara harmonizatua (ik. Natura CDa, 2004, 9. pieza).
Arantzazu aldizkariak maiz argitaratu zuen kanta honen testua, fraideek eta herritarrek gogoz kantatu izan dutena. Adibidez: XLI, 1961, 400. zenb., 272'. or., kontrazala-2; LX, 1983, 621. zenb., 225'. or., azala; LXIII, 1986, 656. zenb., 1'. or., azala.