Testua: A. Arruti; J. I. Arana; S. Mitxelena
OKA-1969, 36-38 or.
Doinua: Herri-doinua (Mitxelenak moldatua)
OKA-1969, 16. kanta, 36. or.
– AAB: 153, 228, 271; 098; 157 –
- Zure errukizko begiak, Ama,
arren itzuli izkidazu.
Negarrez dagon seme gaixoa
gozatutzen badakizu.
Ama zera-ta semien alde
zuk zer egingo ez dezu?
Gure saminak gozatutzeko
zaude bai hor arantzan zu!
(Antonio Arruti) - Hortikan zaude Euskal Herriko
seme gaixoen begira;
gaur zure seme hoien kontrako
etsaiak ugari dira.
Zugana gatoz, Ama maitea,
zure mantupe argira.
Ixuri zazu zure indarra
euskal bihotzen erdira.
(J. Ignazio Arana) - Ondamenaren lainotan dagon
beheko munduari ihes,
Mendi Santuko eguzkitara
gatozkizu bizi nahiez.
Gure bizitza ta itxaropena
zu bakarrikan zeranez,
eutsi ta salba gaitzazu, Ama,
zure arantza horren babes!
(Salbatore Mitxelena) - Zure babesak pozten bagaitu,
berriro gogoz mundura,
afaltokitik ikasle ahulak
atera ziren modura.
Gure anaiei adieraziz
berri on pozgarri hura,
Jesusen bide askatzailea
ekarri digun mentura.
(Iñaki Beristain)
Kanta honen testuaren konposizioa oso berezia izan da. Badirudi aurrenik Antonio Arrutiren ahapaldi hori hartu zuela begitan Mitxelenak; poeta frantziskotarraren 20 ahapaldiko “Gorantz” olerkiaren azkena da hori (ik. Antonio Arruti, Olerki galduak (Ed.: Joeba Intxausti), Donostia: Elkarlanean, 1998, 254-256 or.); hitz bat bakarra aldatu zuen Mitxelenak: ‘negarrez’, jatorrizko ‘samiñez’ hitzaren ordez. Ondoren Arantzazuko beste olerkari eta abesti-testuen sortzaile ezagun J. Ignazio Arana jesuitaren “Arantzazuko Ama Birjina” kanta ospetsuan ipini zuen begia, eta bertako 6. ahapaldia aukeratu zuen, Arrutirenari eransteko, lerro bat aldatuz hemen ere: “etsaiak ugari dira” idatzi zuen “etsaiak pranko badira” lerroaren ordez. Azkenik Salbatorek berak sortu zuen hirugarren ahapaldia, aurrekoen neurri berekoa: zortziko nagusian, alegia. Horra abesti-testua osatuta, OKA liburuan aurkitzen duguna, ahapaldi bakoitzaren autoretza aitortuta. Askoz beranduago –agian 1995ean, abestia berriro grabatzeko orduan– erantsi zion I. Beristain koru zuzendari eta idazleak bere laugarren ahapaldia.
Kanta honen lehen estrofari dagokionez, S. Mitxelenak oso gogokoa zuen A. Arrutiren “Gorantz” poema, eta baliagarri ikusi zuen Arantzazuko kantak sortzeko. Hemengo honetaz gain, beste bi kanta ere eratu zituen –“Gorantz dijoaz” eta “Ama laztan bat”– “Gorantz” poemako ahapaldietako bat edo beste aukeratuz. Liburu honetan bertan ikus daitezke beste bi kanta horiek.
Herri-doinua du, zortziko nagusiaren aldaeretako bat; eta Mitxelenak bi ahotsetara edo duora moldatu zuen. Gerora erakarpen handia izan du abesti honek kantarien, musikarien (konposatzaile eta harmonizatzaileen) eta kanta-grabatzaileen artean.
Aurrenik Estanislao Sudupek harmonizatu zuen, 4 ahotsetara moldatuz, OKA-ko doinutik abiatuta, eta bertako testua jasoz (Eresbil-en horren eskuzko partitura jatorrizkoaz gain, kopia inprimatua aurki daiteke, zatitxo bat falta bazaio ere: E/SUD-01/R-03; Arantzazuko Musika Artxiboan ere badira, noski, horren kopiak, bertako koruak abestu izan zuenez: AranMusArtx, D 19. M. Idoiagak, bere aldetik, organoko laguntza gaineratu zion OKA-ko kantari (AAB: 271) –lehen ahapaldia bakarrik–. ARAM CDan OKA-ko kanta abestu eta grabatu zuten, I. Beristainek idatzitako 4. ahapaldia gaineratuta, esanda geratu denez.
M. Idoiagak berak, bestalde, OKA-ko “Alargunarena” kantaren doinua egokitu zion hemengo testu honi, bere aldetik organoko laguntza erantsiz (ik. Arantzazuko korua edizio digitalean, IV. Maria, 12. kanta). Gainera Peñagarikanok (Pedro Peñagarikano frantziskotarrak) bestelako herri-doinua egokitu zion hemengo testuari, hiru ahotsetara harmonizatuta (AAB: 157); horren kopia –eskuzkoa– aurki daiteke Arantzazuko korua kanta sortan ere (IV. Maria, 30. kanta).
“Zure errukizko” kantak badu laugarren doinua ere –1 ahots eta organoa–. Nondik dator hori? Luis Iruarrizagak “Haurtxo txikia sehaskan dago” kantaren herri-doinua egokitu zion “Déjame, Madre, en tu dulce seno” hasten den abesti-testuari, organoaren laguntza gaineratuz (ik. L. Iruarrizaga, Obras completas, t. II, Madrid: Ed. Conculsa, 1949, 128-130 or.; AAB: 098). Testu horrek ez du zuzenean zer ikusirik Arantzazuko A.M.-rekin. Gainera Miguel Manzazo musikari eta musikologoak erlijiozko abesti-testu maxkal horietakotzat jo izan du “Déjame, Madre, tu dulce seno” hori.
Mitxelenak osaturiko “Zure errukizko” testuari benetan ederra eta inspiratua deritzot. Eta M. Idoiagari Iruarrizagak baliaturiko eta landuriko doinu eta harmonizazioa iruditu zitzaion baliozkoa horri egokitzeko; eta horrela egin zuen, haren partitura osoa eskuz kopiatuz, eta gaztelaniazko testuaren azpian S. Mitxelenarena idatziz. Arantzazuko Musika Artxiboko eskuizkribuaren fitxak Idoiaga ematen du harmonizazioaren autoretzat; baina Iruarrizagarena hartu zuen berak, Arantzazuko abesti bihurtzeko nolabait.