Testua: Ignazio Omaetxebarria
Eskuizkribua (AranMusArtx, D 35)
Doinua: Doinurik ez

Agur Birjina zoragarri,
graziz betea, sortzez garbi,
Arantzazuko Andra Mari,
arantza artean lili txuri.

  1. Errodrigo Baltzategi
    artzaitxo gazte bat zan,
    Uribarriko auzoan
    bizi ohi zan artzaintzan.
    Zenbait ahuntz eta ardi zeuzkan
    harkaitz artean dantzan
    gauero biltzen zirala
    Begilotsako olatzan.
    Artzaitxoa arratsaldean
    haien bila joaten zan.

  2. Bi urteko lehortea,
    bat ere ez zan euririk,
    haserre zan Jaungoikoa
    gizon gaiztoengatik,
    anaiak alkarren kontra,
    alkar ikusi ezinik,
    gure Euskal Herri maitea
    zoritxarrez beterik.
    Ez ote zaigu sortuko
    inun sendabiderik?

  3. Errodrigo Baltzategi
    Maila aldeko malkartzan,
    larunbat egun batean
    ahuntzen bila atera zan.
    Iruditzen zitzaiola
    kanpai hotsa ez ote zan,
    gauza ziur jakin nahiez
    hurbildu zan zalantzan.
    Halaxen arkitu zuen [sic]
    Andre Mari arantzan.

  4. Emakume txit ederra,
    Haurtxoa du besuan,
    arantzatik zintzilika
    txilin ozena albuan,
    inortxok eragin gabe
    dulundu ziharduan.
    Arantza loretan dago,
    izartxo bat zeruan;
    gauza harrigarria oso,
    hain toki lakartsuan.

  5. Errodrigo Baltzategi,
    ez zakizkit bildurtu,
    zure aita harotza da-ta,
    ermita bat eidazu...
    Urteakin txilin hura
    kanpai zaigu bihurtu,
    ermitatxoaren ordez
    eliza bat da sortu.
    Horra nola maite duan
    Birjinak Arantzazu.

I. Omaetxebarriak eskuz idatzitako orrietan dago olerki hau Arantzazuko Musika Artxiboan, gaztelaniazko zazpi ahapaldiko beste olerki batekin. “La canción de la montaña” du titulua horrek, eta seguruenik horixe da jatorrizkoa –ik. ADK-VIII–; euskarazko hau gaztelaniazkoaren moldaera burutu gabea da –ez itzulpena–. Ez du doinurik, baina badirudi abesteko sortu zuela, hasierako inbokazio eta guzti. Erromantzearen airea du. Itziarko A.M.aren kantarekin batera daude orriok, baina haren doinua ez da baliagarria honentzat.