Testua: Ignazio Omaetxebarria
Musika: Norberto Almandoz
Eskuzko partitura eta partitxelak (AranMusArtx, D 9)
Ik. N. Almandoz, P. Amurrio, Oratorio lírico-dramático
(partitura inprimatua, a.g.) (AranMusArtx, D 9)
– AAB: 099 –
Agur zuri, Birjin Arantzazuko,
agur zuri, Birjin zoragarri!
Goratu dezagun Ama Birjina,
goratu dezagun Andre Mari;
txuri-txuri arantzan dagoenez,
lili zerutar eder dirudi.
Arantza artean zauden
zeru goiko lili!
Agur, Ama Birjina,
agur, sortzez garbi!
Andre Mari sortzez garbi,
begira, Ama guri!
Ama, gutzaz zaite erruki!
Amatxo maitetxo, txit maitagarri!
Zugan daukagu guk itxaropena,
zu zera, Birjin, gure zaindari;
zaindu Euskal Herri...
Zurea dan gure herria hau
bakarrik ez utzi;
zure babes berezian,
bizi bedi, bizi bedi beti!
Andre Mari,
sortzez garbi,
begira, Ama, guri.
Ignazio Omaetxebarriak olerki luzea argitaratu zuen 1935ean Bandera Antoniana aldizkarian “Sicut lilium inter spinas” tituluarekin. Gero 1937an Arantzazu aldizkarian argitaratu zuen, zerbait aldatuta, eta “Begira, Ama, guri” tituluarekin (XVII, 183. zenb., 23. or.). Ondoren laburtu eta egokitu egin zuen hori latinezko “Salve, Mater” titulua duen eta “O lilium florens inter spinas” hasten den gorazarreari euskarazko testua eransteko.
Almandozen musikari egokitzeko moldatutako testua da, beraz, hemengo hau, olerki luzearen hasierako eta amaierako atalak aukeratuta. Latinez bezala euskaraz ere sarritan abestu zuten nonbait Arantzazun Almandozen kanta, artxiboko partitxela ugariek adierazten dutenez.
Jatorriz, Patricio Amurrio erredentoristak idatzitako guztiz bestelako testuarentzat sortu zuen Almandozek bere musika-pieza: “Eres legión, milicia de Ligorio” hasten da, eta “Oratorio lírico-dramático” du titulua. Arantzazuko Musika Artxiboan (D 9) bada horren partituraren alea, eta beraren pentagramen tartean eskuz idatzita latinezko “O lilium inter spinas” eta euskarazko hemengo “Agur zuri, Birjin Arantzazuko”.
Omaetxebarriaren olerki osoa ADK liburu sortako V. liburukian ikus daiteke –Arantzazuko Olerkiak eta Olerkariak–.