Testua: Salbatore Mitxelena
Matzelino Idoiaga, Cantos religiosos, II. t., 68. kanta
Doinua: Herri-doinua, moldatua (OKA-ko “Ardi Txuriak” kanta)
Jose Maria Ibarbia, Arantzazukoak, 9. zenb., 5-6 or.
Organoko laguntza: Martzelino Idoiaga
– AAB: 121, 242

  1. Oñatiarrak Errodrigokin
    abia ziran bidari,
    bide osoan izar eder bat
    zijoakien gidari;
    lau ordu luze jarrai zioten
    izar mirarizkoari,
    eta hara halakoan nun takatzen dan
    arantz baten gain ñirñari.

  2. Hantxe zegoan Jesus haurrakin
    agertutako irudia,
    arantzan gora arantza gabe
    zeruetatik jetxia;
    belaunikatu ziradenean
    agurtzeko miraria,
    Birjina berak hitz egin zien
    ta azaldu borondatea.

  3. Euskaldun seme ene maitea,
    ermitatxo bat eidazu,
    ermitaxo bat eidazu eta
    nerea izango zera zu.
    Euskaldun seme on danak hemen
    izango dute ostatu,
    izango dute ostatu eta
    Euskal Meza nun opaldu.

Abesti hau, testu eta doinu, Salbatore Mitxelenak osatua da seguruenik. Lehen estrofaren aldaera Mitxelenaren Poemako “Euria” kapituluan dago (AEP-2, 58. or.); bigarrena eta hirugarrena, berriz, Mitxelenak berak sortu zituen, zalantzarik gabe, kanta osatze aldera; horietako ideiak behin baino gehiagotan ageri dira Mitxelenaren AEP-n. Dena dela, Idoiagak Mitxelenari egotzi zion testu osoa. 1949-1952ko Arantzazuko Teologi ikasleen giro literario-musikal hartan zebiltzan Mitxelenaren kanta asko; horietakoa da seguruenik hemengo hau ere. Batzuk gero OKA kanta-liburuxkan sartuko zituen Mitxelenak berak; beste batzuk ez. Hemengo hau, adibidez, kanpoan geratu zen, baina honen doinu bera ipini zion OKA-ko “Ardi txuriak” abestiari (AAB: 215).

Dena dela, Martzelino Idoiagak bere Cantos Religiosos bilduman (II. t., 68. kanta) jaso zuen, hiru bertsoekin, eta organoko laguntza gaineratuz. J. M. Ibarbiak, bere aldetik, Arantzazukoak sortan sartu zuen, lehen eta bigarren bertsoekin bakarrik.


AAB: 121

AAB: 242