Testua: Salbatore Mitxelena
OKA-1969, 10-11 or.
Doinua: Herri-doinua (Mitxelenak moldatua)
OKA-1969, 3. kanta, 10. or. // – AAB: 178, 215, 243, 258

  1. Gorago eta nun goxoago,
    nun goxoago larrea,
    egunero ta are gorago
    ihesten zan artaldea.
    Errodrigotxok, gaztea izanik,
    gaztea eta trebea,
    ardi haietxek gauero biltzen
    ez zun makala nekea.

  2. Zertara, baina, ardi txuriak,
    zoazte gora ta gora,
    Uribarriko belarrak baino
    hobe ustetan inora?
    Galdetu ohi zun Errodrigotxok
    ezin asmatuz galdea.
    Ez baitzekian Aloñan gora
    ze larre zegon gordea.

  3. Barruak, aldiz, eskatzen zion:
    Utzi ardiak joaten,
    Aloñan gora Aloñan behera
    nahitara bazka ditezen.
    Ardi txuriak berak dakite
    larre goxoa non duten.
    Ta ardi txurien atzetik junda,
    miraria arki zuen!

  4. Oi udaberriz Aloña maldan
    elorriaren lorea!
    Aloñan gora Aloñan behera
    dago zerutar larrea.
    Arantzazuko mendian baino
    nun arki bazka hobea?
    Elorriaren loretan Lore,
    Birjina errugabea!

“Ardi txuriak larre goxora” olerkia (ik. AEP-2, 23-28 or.) guztiz birmoldatu eta laburtu egin zuen S. Mitxelenak OKA-ko kanta bihurtzeko. Herri-doinua aukeratu eta moldatu zuen bere bertsoentzat.

J. M. Ibarbiak (Arantzazukoak, 10. kanta) bestelako doinua jarri zion abestiari, Mixelenaren estrofak ere bere erara aukeratu eta moldatuz. 1965an F. Ibarrondok harmonizatu zuen –4 ahots– (AAB: 178), eta urte berean grabatu zuen Arantzazuko koruak. Martzelino Idoiagak organoko laguntza erantsi zion (OKA/Id, 3. kanta; AAB: 258), OKA-ko lehen estrofa aukeratuta.

1997an egindako grabazio berriak (Arantzazu. Ameskabi, otoizleku CDa) berreskuratu egin zuen AEP-ko jatorrizko poema (AEP-2, 25-28 or.), bertako ahapaldi gehienak jasoz –batzuk birmoldatuz–, OKA-ko doinuari egokituz, eta tarteko zati batzuk errezitatuz. Hona hemen koruak abesturiko estrofak, libretoan eguneratutako ortografian eta ebakeran:

Oi udaberriz Aloña maldan elorriaren lorea!
Min du errekak utzi beharra halako txoko maitea.
Arantzazuko mendian baino non aurki bazka hobea?
Zoriontsua, txoko hartara iristen den artaldea!

Hemen baino han, gorago eta non goxoago larrea,
egunero ta gorago dabil Errodrigon artaldea.
Errodrigotxok, gaztea izanik, gaztea eta trebea,
ardi galduak gauero biltzen badu halare nekea.

Uribarriko ardi txuriak: utzi beheko lainopea.
Aloñan gora, Aloñan behera dago zerutar larrea.
Ez beldur izan harkaitz arteko basapiztien herpea.
Helduko da bai zuen atzetik Errodrigotxo ernea...

Aloñan gora Aloñan behera, pozik euskal artaldea.
Artzain ta artalde, Euskal Herriak asmatu digu bidea!
Oi udaberriz Aloña maldan elorriaren lorea!
Elorriaren loretan Lore, Birjina errugabea!


AAB: 178

AAB: 215

AAB: 243

AAB: 258