Arantzazuko Baladak eta Kopla zaharrak. Osagarria... Bietakoak biltzen ditu liburu honek: baladak (edo erromantzeak) eta koplak. Zeren osagarri baina? Bereziki Igone Etxebarriak, 2003an argitaraturiko Arantzazuko Baladak edo Kanta Zaharrak (ABK) liburuarena.
Izan ere, ABK-k Arantzazuko REA/JK koadernoan dauden Arantzazuri buruzko baladak biltzea zuen helburua –nahiz eta beste iturriren bat edo beste ere erabili–. Baina Arantzazuko Baladen eta Kanta Zaharren Bilduma zabalagoa da; bereziki kontuan izatekoak bertako artxiboko G2T, OEA eta DGA sortak; horietako aldaerak ez zituen sartu, ezta Aita Donostiaren DCV-koak ere; Resurrección M. Azkueren Cancionero Popular Vasco-CPV-koak ere ez zituen sistematikoki sartu, eta batzuk kanpoan utzi zituen. Antonio Zabalaren EERV-k, Arantzazuko Bildumaz gain beste bilduma eta artxibo hauek ere erabili zituen: Aitzolen Bilduma, Azkue (CPV eta CPVE), Aita Donostia (DCV), Sebero Altube; I. Etxebarriak berak ezaguna zuen EERV, baina bertako aldaerak ez zituen sistematikoki jaso. Helburu mugatua eta espezifikoa zuen berak: REA/JK koadernoko baladak bildu eta argitaratzea. Horrexegatik koadernoko Arantzazuri buruzko kopla zaharrak ere kanpoan utzi zituen.
Arantzazuri buruzko balada-aldaera guztiak-edo biltze aldera, bertako Bildumako guztiekin batera beste iturrietakoak daude jasota Arantzazu Kantagai datu-basean (AKDB): denetara, hirurogeita hamarretik gora, ABK-n jaso gabeak. Gainera hamabi bat kopla ere badaude, Arantzazuri buruzkoak, ABK-k kanpoan utziak. Horiek denak bildu nahi izan ditut I. Etxebarriaren liburuaren “Osagarri” den honetan.
Bestalde, Arantzazuko Bilduman badaude jasota Arantzazuri buruzkoak ez diren balada edo konplaren batzuk ere, Arratekoren batzuk batik-bat. Horiek ere sartu nahi izan ditut “Osagarri” honetan, aparteko atalean.
Azkenik, Arantzazuko “balada bateratuak” deitu ditudanak daude: hau da, zenbait aztertzailek berreraikitakoak, jatorrizko aldaera eta zati ezberdinak nolabait lotuz. Horiek ere jaso nahi izan ditut hemen.
1. Biltzaileak eta argitaratzaileak
Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharrak argitara emateaz hainbat biltzaile, aztertzaile eta editore arduratu izan da, XIX. mendearen azken aldean hasi eta gaur arte. Horrelako kanten edo kanta-pusken argitalpen guzti-guztiak seinalatzeko asmorik gabe, nagusien eta adierazgarrienen kontua eman nahi dut hemen laburki.
R. M. Azkuek merezi du aurreneko lekua, jakina. 1922-1925 urteetan argitaratu zuen bere Cancionero Popular Vasco (CPV) obra erraldoia, 1915ean euskal herri-kanten bildumen lehiaketa, Foru Aldundiek ipinitakoa, irabazi ondoren. Sortaka argitaratu zuen bere obra.1 Horko 1.000tik gora kantetatik 26-edo dira Arantzazuri buruzkoak. Horietako bat edo bi zalantzazkoak izan daitezke, ez baitago argi zuzenean Arantzazuri buruz ari diren ala ez; baina ondorengo aztertzaileek Arantzazuko tradiziokotzat jo izan dituzte. III. sortan, –“Danzas”–, “Aitak artajorrara” izeneko kantaren azpian honako kopla hau jaso zuen, kantarekin berarekin zerikusirik ez zuela baina Orexako Maria Frantziska Malkorrak haien ondoren kantatu ziola esanez: “Arantzazu mendiko pagoaren ondoan / Maria Santisima nedukan gogoan: / lalaralalai lalara lala, / lalaralalai laralarala”. VIII. sortan –“Canciones narrativas”– ageri da Arantzazuko lehen balada (620. zenb.): “Birjina Amaren bezpera da ta”. Beste kantaren baten barruan abestu zizkion nonbait lekukoak horren bi ahapaldiak; honela dio azpian Azkuek: “La letra arriba transcrita está íntimamente relacionada con el romance Arantzazura, que figura en el siguiente volumen...”.2 X. sortan –“Romances y cuentos”– bildu zituen Azkuek Arantzazuko balada gehienak: horko lehen hirurak (806.a –1 eta 2– eta 807.a) Arantzazuri buruzkoak dira: “Abuztuaren hamabosgarren” kanta, hiru aldaeratan.
Agostuaren amaboskarren (I-A) | CPV, X, 1-806(1) (924-925 or.) |
Agostuaren amaboskarren (I-B) | CPV, X, 1-806(2) (925. or.) |
Agustuaren amaboskarren (II) | CPV, X, 2-807 (925-926 or.) |
Aitak artajorrara agindu ezkero | CPV, III, 8-193 (276-277 or.) |
Amabost pausuz konponitzen da | CPV, IX, 14-729 (848-849 or.) |
Arantzazu aldean | CPV, IX, 17-732 (851-852 or.) |
Arantzazura egin dut promes | CPV, X, 15-820 (946-949 or.) |
Bide batean topatu nuen | CPV, IX, 21-736 (854-855 or.) |
Birjina Amaren bezpera da ta (I) | CPV, X, 24-829 (961-962 or.) |
Birjina Amaren bezpera da ta (II) | CPV, X, 25-830 (962-963 or.) |
Birjiña Amaren bezpera da-ta | CPV, VIII, 25-620 (747-748 or.) |
Birjina Arantzazukoa | CPV, X, 26-831 (963-964 or.) |
Birjinearen gaba da eta (I) | CPV, IX, 23-738 (856. or.) |
Birjinearen gaba da gaur da (II) | CPV, IX, 24-739 (856-857 or.) |
Eguna zala, eguna zala | CPV, V, 30-398 (498-499 or.) |
Gure Ama Birjina | CPV, X, 38-843 (982-983 or.) |
Ia dirade irurogei urte | CPV, VIII, 39-634 (762-763 or.) |
Izar ederrak argi egiten dau (I) | CPV, X, 44-849 (988-989 or.) |
Izar ederrak argi egiten dau (II) | CPV, X, 45-850 (990-991 or.) |
Izar ederrak argi egiten dau (III) | CPV, X, 46-851 (991. or.) |
Izotzetan, elurretan | CPV, XI, 51-962 (1115. or.) |
Trinidadeak eta Kopo Kristoak | CPV, X, 100-905 (1053-1054 or.) |
Eguna zala, eguna zala | CPVE (A. Zabala, EERV, 686-687 or.) |
Izar eder bat ateri zaigu | CPVE (A. Zabala, EERV, 675-676 or.) |
Izar eder bat ateratzen da | CPVE (A. Zabala, EERV, 683. or.) |
Arantzazura bidea luze | CPVE (J. L. Ansorena: argitaragabea) |
CPV-n argitaratuak 22 dira; azken lauak Azkueren artxiboan (CPVE) argitara gabe geratu eta Jose L. Ansorenak eta Antonio Zabalak argitaratuak.3
Askotxoz lehenago Joan Karlos Gerrak argitaratua zuen “Neure Ama Birjiña” kopla bere Ama Birjiña Arantzazukoaren kondaira liburuxkan (Donostia, 1890).
Neure Ama Birjina
Arantzazukoa,
Rodilek erre dizu
zure komentua.
Arantzazuri buruzko lau kanta argitaratu zituen Gerrak, Euskalerriaren alde aldizkarian:4 “Mundu onetan gura dabenak” eta “Armallatan altuban” baladak, eta “Arantzazu mendiko” eta “Neure Ama Birjiña” kantinelak (koplak); horietako bi bere Viejos textos del idioma. Los cantares antiguos del Euskera liburuan ere jaso zituen (1924).5 Bildu, berriz, beste askotxo ere bildu zuen nonbait, Jose Adrian Lizarraldek iradoki zigunez.6
Lizarraldek, Arantzazuko Kanta zaharren biltzaile eta bilarazle handiak,7 ez zuen bere aldetik horien argitalpen sistematikorik paratu; baina han eta hemen horien aldaera puska askotxo eman zuen ezagutzera, Arantzazu aldizkarian idatzitako lau artikuluetan,8 nahiz bere liburuetan, bereziki hil aurretik (1935) aski burutua utzi zuen bere Historia de la Virgen y del Santuario de Aránzazu (HVSA) obran (1950).9
Aita Donostiak ere jaso zuen Arantzazuri buruzko zenbait baladaren puska txikirik, baita koplaren batzuk ere, doinu eta guzti, bere Cancionero Vasco-n: besteak beste, 1918-1920 urteetan Modesto Lekunberrik bildutako hiru hauek: “Arantzazu [sic] banoa”, “Arantzazura bidia luze” eta “Arantzazu mendiko”.10
Manuel Lekuonak herri-literaturako piezen bila egindako bere bilaketetan Arantzazuri buruzkoak ere aurkitu zituen, lauzpabost, Oiartzunen. Bi kopla Anuario de Eusko-Folklore-n argitaratu zituen,11 “Ama Birjiña eguna da ta” balada, berriz, urtekari berean argitaratu ondoren,12 Argiaren Egutegia-n eta El Día egunkarian argitaratu zuen urte berean. Literatura oral vasca liburuan jaso zuen berriro; kopletako bat ere bai.13
2. Musikariak: doinuak eta harmonizazioak
Arantzazuko kanta berriak sortu eta ugaritzearekin batera, erromesek eta herritarrek kantatzen zituzten doinu zaharrak biziberritzen, harmonizatzen eta elizkizunetara eramaten saiatu ziren hainbat musikari eta Arantzazuko korua, XIX. mendearen azkenalditik hasita. Hona hemen horretan egindako bidea.
—1886
Urte horretakoa da nonbait “Melodía de Ntra. Sra. de Aránzazu” kanta polifonikoa –“Ai artzachoa, ai artzachoa”, G2T sorta, 79-84 or.–, non Arantzazuko balada-aldaera edo puska ezberdinekin testu bateratua eratu baitzuen autore anonimoak, eta nolabaiteko batasuna eman melodia bakarra erantsiz eta harmonizatuz. 1886an, Arantzazuko Andre Mariaren koroazioaren kariaz antolaturiko lehiaketara aurkeztu bide zuen pieza hori.
— 1918-1925
G2T sorta beraren 85-88 orrialdeetan kanta sorta adierazgarria dago, partitura eta guzti. Zazpi kanta dira partituratan jarriak, bata bestearen ondoren: 1. “Agustubaren Amabostgarren” (85. or.), 2. “Rodrigo Baltzategui” (86. or.), 3. “Arantzazu mendiko” (86. or.), 4. “Arantzazu aldean” (86. or.), 5. “Errodrigotxo Balzategiko” (87. or.), 6. “Ai artzachoa, ai Artzachoa” (87-88 or.), 7. “Eguna zala, eguna zala” (88. or.). Denak daude Arantzazuko balada nahiz kopla ezagunetan oinarrituta: testu eta doinu. Aurrenekoan hiru balada-doinu daude egokituta kantaren ahapaldi ezberdinei; beste batzuetan Arantzazuko artxiboko baladen bilduman doinurik gabe dagoen testuari egokitu diote beste nonbaiteko doinua; inoiz baladen bilduman beste nonbait dagoen kanta bera jaso dute (hitz eta doinu berberak); bada artxiboko Bildumako kantaren baten doinurik ere testu berriari egokituta. “Eguna zala, eguna zala” kantaren (88. or.) lau ahapaldiko testua REA/JK-ko 25. orrialdekoa bera da, aldaera grafiko txikiren batekin; baina kantaren aldaera horrek ez du doinurik iturrian; gure musikariak beste aldaera baten (CPV, V, 30/398, 498-499 orrialdekoaren) doinua hartu zuen, eta horren gain bere bariazioak egin zituen.
Zazpi partiturok esku berberak kopiatuta daude 2 orritan (4 orrialde beteak). Badirudi bakarka nahiz taldean abesteko prestaturiko partitura-paperak direla. Eta hipotesi honek balio baldin badu, uste izatekoa da Arantzazuko fraideak hasi zirela garai hartan balada herritarrak taldean (koruan?) abesten. Hau berrestera etorriko dira ondorengo datuak.
Noizkoak dira, ordea, partiturok? Zazpi kanten artean “Arantzazu aldean” dago, Azkuek jasotako doinua, berak erantsitako hitzekin. 1918an argitaratu zuen berak lehenbizikoz horren testua, bere Ardi galdua nobelaren azkenean; geroxeago Cancionero Popular Vasco bilduman argitaratu zuen doinu eta guzti (CPV, 732. kanta). Harmonizatu ere egin zuen, organoaren laguntza idatziz (ik. K3B, 86. or.). Garai hartan Azkuek berak hiru ahotsetara harmonizatu zuen “Abuztuaren hamabosgarren” balada (ik. CPV, X, 2-807, 925-926 or.) eta organorako “Birjina Amaren bezpera da-ta” (ik. CPV, X, 25-620, 747-748 or.). Era berean 1918an argitaratu zituen Jose Arruek “Nere Ama Birjina” eta “Abuztuaren hamabosgarren” baladen doinuak, berak bildutakoak, organoaren laguntzarekin (Arantzazu. Homenaje filial a Ntra. Sra. de Aránzazu, Bilbao, 1918, 80. or.).
Uste izatekoa da, beraz, 1920.eko urteetan Arantzazuko koruak doinu herritarrok abesten zituela elizkizunetan, bizi berria emanez balada zaharrei.
— 1928-1935
G2T-eko aipaturiko laugarren kantaren doinua –“Arantzazu aldean”– harturik edo, testu berria ipini zion Ignazio Omaetxebarriak 1928an, eta estrofa erantsi ere bai, Arantzazuko baladetako beste doinu bat baliatuz. 1933an Jose Natividad Garmendiak 6 ahotsetara harmonizatu zuen “Arantzazu aldean”, organoko laguntza eta guzti. Geroago Leonardo Zelaiak 4 ahotsetara harmonizatu zuen, organoko laguntzarekin. Horixe bihurtu zen gerora Arantzazuko koruaren abesti klasikoetako.
—1947-1952
Salbatore Mitxelena izan zen saiatuena Arantzazuko baladak gaurkotzen. Horien testuak hitzez hitz hartu baino gehiago, horietan inspiratu zen oso hurbildik, bere bertso berriak sortzeko, eta beroriei Arantzazuko baladen doinuak –nahiz bestelako doinu herritarrak– egokitzeko. 1947koak dira horrelako kantetan argitaraturiko lehenak (Arantzazu aldizkarian). 1949an bere Arantzazu. Euskal Poema liburuan eskaini zituen horietako batzuk eta berriak; 1952an Ogei kanta Arantzazuko liburuxkan bildu zituen horietako askotxo, berriren batzuk ere gaineratuz –gerora Martzelino Idoiagak organoko laguntza ipiniko zien denei–. Arantzazuko fraideek eta erromesek eurrez abestu izan dituzte Mitxelenaren balada-kutsu beroko kantok. 1949-51 inguruan beste batzuk ere ahalegindu ziren Arantzazuko Teologiako ikasleen artean balada zaharren doinuak kantari-taldeentzat egokitzen; Mitxelena beraren hurbileko eraginez, hori bai. Garai honetakoa edo ingurukoa izan daiteke Frantzisko Madinaren Arantzazu'ra pieza ere: “Birjina Amaren bezpera da-ta” baladaren harmonizazioa.
— 1965
Urte horretan grabatu zuen Arantzazuko koruak Aránzazu diska (Columbia disketxea). Bertan sartu zituen Salbatore Mitxelenaren kantetako askotxo, Estanislao Sudupek eta Felix Ibarrondok harmonizatuta.
— Tomas Garbizu eta Jesus Guridi
“Arantzazura egin dut promes” eta “Abuztuaren hamabosgarren” izeneko baladek izan dute arrakasta berezia musikarien eskuetan. Euskal konposatzaile handietako bik, Guridik eta Garbizuk, horien gain idatzi zuten beren zenbait pieza.
— Jose Antonio Gandarias (?): “Errodrigotxo Baltzategiko”
Datatze zailagokoa da J. A. Gandariasen artxiboan agertutako “Errodrigotxo Baltzategiko” pieza; S. Mitxelenak bere Arantzazu. Euskal Poema liburuan aukeraturiko 8. herri-doinuarentzako organo-harmonizazioa da (ik. AEP-1949, 251. or.). Gandarias Mitxelenaren lagun handiak kopiaturikoa da partitura; berarena ote da konposizioa?
— Leonardo Zelaia
“Arantzazu aldean” kantaren harmonizazioaz gain “Abuztuaren hamabosgarren” kantarena ere badu L. Zelaiak. Baina bereziki aipatzekoa da bera hemen, Arantzazuko baladen doinuei (REA-JK koadernoan jasota dauden guztiei) organo-laguntza ipintzen egindako ahaleginagatik. Urte askotako asmoa betetze aldera, bizitzako azkenekoetan (1984-1989) saiatu zen batez ere horiek txukuntzen eta banan banan lantzen; hainbat zirriborro eta aldaera utzi zigun gainera batzuetan doinu berberaren gain. Zoritxarrez ez zuen burutu bere lana, eta argitaratu gabe geratua zen. Ramon Udabe, Arantzazuko abestien notazio digitala egitean, bereziki saitu da Zelaiaren eskuzko partituron nahas-mahasean argiren bat egiten eta horien transkribapen digitala ematen. Arantzazuko Abestien Bilduma (AAB) edizio digitalean jasota daude horiek aparteko eranskinean (3. eranskina: 39 pieza) –nahi duenak eranskinaren sarreran aurki dezake lanaren argibide gehiago–.
3. Azterketak eta argitalpenak
Manuel Lekuonak Arantzazuko Kanta zaharrak bildu, argitaratu eta zabaltzen bere meritua irabazia du, jakina. Hemen azpimarratzekoa da, ordea, haren eragina, Salbatore Mitxelenarengan izan zuena, berau baladez zaletzeko eta horien gozamenean murgiltzeko.14
Egin ere, Mitxelenak berak egin zuen Arantzazuko baladak aztertu eta zabaltzeko ahalegin apartekoa, beste inork baino handiagoa. Horien hitzez hitzeko edizio sistematikorik eskaini ez bazigun ere zuzenean, hiru aldetatik landu zituen gogoz: a) Bere bi obra handien inspirazio-iturritzat hartzean: Arantzazu. Euskal Poema-n (AEP-n) balada-puska sakabanatuak poema unitario bihurtuz nolabait, eta Ama-semeak Arantzazuko kondairan liburuan historia poetizatzeko baliatuz horiek; b) Bere AEP-n eta Ogei kanta Arantzazuko liburuxkan baladen inspirazioa jaso eta herriak abesteko kanta bihurtuz; c) Aboz abo. Arantzazuko Kanta zarrak azterlan kritikoan baladen ugaritasun nahasian argia egin eta lehen hiru nagusiak asmatu ta eskainiz, “txukunduta” eta osatuta. Seguruenik beste inork baino gehiago berak, Mitxelenak, zituen hausnartu Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharrak –hitz eta doinu–, eta dastatu horien zapore poetikoa eta musikala, hamaika bider abestuz eta abestaraziz. Berak aitortua duenez, bere literatur ildoa lantzeko gaia eta zioa eskaini zioten Arantzazuko baladek. Hitzaldiak ere eman zituen garai hartan Arantzazuko Kanta Zahar tradizio luzekoei buruz.15
Bere aldetik, ordea, apaltasunez, I. Omaetxebarria “Aritzondo” zeukan aditurik handientzat Arantzazuko Kanta Zaharretan.16 Bere intuizio zorrotz eta jakintza handiaz gainera, alor horretan egindako lan luzetik zetorkion Omaetxebarriari halako itzala. Arantzazuko (eta Arrateko) kanta zahar askotxo bildu zuen, bildu ere, zuzenean herritar lekukoengandik; beste hainbat kopiatu eta sartu ere bai Arantzazuko Bilduman. Oso erabilia eta eskuztatua zuen REA/JK koadernoa, eta oharreztatuak zituen –zuzenduak (¡?) ere bai batzuetan– horko testuak. Hil arte eutsi zion horien azterketa historiko-kritiko sistematiko eta orokorra egiteko asmoari; hainbat eskema ere utzi zuen zirriborraturik bere eskuizkribuen artean; baina, bestelako eginkizunek harrapatuta edo, ez zuen izan ez burutzerik ez itxuratzerik bere lana. Dena dela, zenbait kanten berri ere eman zigun bere idazlan argitaratu aberatsetan;17 eta iradokiorrak dira hark eskuz idatzita utzitako eskemak eta oharrak.
Romances euskéricos de Aránzazu koaderno-liburua eskuetan zuela agertu zen Bitoriano Gandiaga bere hitzaldia ematera 1956ko iraileko Euskaltzaleen Biltzarrean, Arantzazun ospatuan. Orduan ez zuen, ordea, zuzenean Arantzazuko baladez hitz egin, “Arantzazuko folklore-gaiez” oro har baino. Horrelako gaien bilketa oparoa egina zuen berak ordurako. 1975ean, ostera, beste hitzaldi bat eman zuen Euskaltzaindiaren aurrean, eta Arantzazuko Kanta Zaharren Bildumako hiru pieza aurkeztu zituen, bildumaren beraren eta batez ere REA/JK koaderno nagusiaren berri laburra eman ondoren. Euskera aldizkariak argitaratu zuen hitzaldia.18
Arantzazuko fraideen beste hiru izenok ere aipatzekoak dira hemen, Arantzazuko Kanta Zaharrak biltzen eta idatziz aurkezten edo aztertzen seinalatuak: Luis Villasante, Julian Alustiza eta Aingeru Madariaga.19
Berrikiago Jose Maria San Sebastian “Latxaga” ere arduratu zitzaigun Arantzazuko baladei buruz, eta Euskerazaintza aldizkarian horietako baten aldaera eskaini ere bai, bere ohar eta guzti.20
1995ean argitaratu zuen Labayru Ikastegiak Mendebaldeko Euskal Baladak. Antologia. Arantzazuko hiru balada daude jasota bertan, bat bederen Mikel Zarate Iker Mintegiaren (MZIM) artxibotik hartuta.
Arantzazuko Kanta Zaharren Bildumaren lehen argitalpen berariazkoa –eta nahikoa osatua– Antonio Zabalak eman zuen bere Euskal Erromantzeak. Romancero Vasco liburu marduleko “Arantzazuko erromantze zaarrak” atal berezian (1998).21 Berrogeita hamabost aldaera daude bertan jasota, Arantzazuko Bildumako nahiz bestelako iturrietako, bakoitzean ondo zehazten duenez. Nahasi samarra da bilduma eta ordenarik gabea. Berak berreraikitako erromantzeak eskaini zizkigun gainera eranskintzat –“Aguztuaren amabostgarren” eta “Arantzazura egin dut promes”– 1969an Arantzazu aldizkarian argitaratuak zituenak.22 Aldizkari berean argitaratu zuen “Lagunak lagun kanta dezagun” erromantzea, Arantzazuko Bildumakoa hau ere.23
Azkenik, Igone Exebarriak eman zigun lehen aldikoz (2003) REA/JK koadernoko Arantzazuko baladen argitalpen osoa, sistematikoa eta sailkatua, bere sarrera historiko-kritiko argigarriarekin, eta Joxe Azurmendiren epilogo txit iradokior eta guzti: gorago aipaturiko Arantzazuko Baladak edo Kanta Zaharrak (ABK).24 Obraren helburua, hain zuzen ere, REA/JK koadernoko Arantzazuri buruzko baladen aldaera ezberdinen korpusa argitaratzea zuen autoreak; horregatik, gorago esanda dagoenez, kanpoan geratu ziren Arantzazuri buruzkoak ez ziren apurrak, eta, era berean, baladatzat ez hartzekoak ere: koplak eta bertso sortak. Areago, nahiz eta Igonek gehigarritzat-edo sartu izan REA/JK-n ez zeuden baladaren batzuk, Arantzazuko Bildumatik kanpokoek oro har eta Arantzazuko artxiboko G2T deituriko sorta gehigarriko pieza bereziek, edota I. Omaetxebarriaren artxiboan (OEA) gerora aurkituek, ez zuten lekurik izan Igoneren argitalpenean, ezta D. Garmendiaren DGA-koek ere.
Oraingo bilduma honen helburua, beraz, I. Etxebarriaren liburua osatzea da, honako irizpideon arabera:
a) I. Etxebarriaren obran daudenak ez ditut sartu.
b) Arantzazuko Kanta Zaharren Bilduma osorik hartu dut: REA/JK koaderno nagusiaz gain, beste hiru sortak (G2T, OEA eta DGA).
c) Sensu stricto balada deiturikoez gain, kopla zaharrak ere jaso ditut, Arantzazuko Bilduman daudenak, Arantzazuri buruzkoak izan ala ez –bildumako bertso sortak eta eliz kantak ez, horiek ez dira liburuki honetan joango, ADK saileko besteetan baizik–.
d) Arantzazuko Bildumatik kanpo, bestelako iturrietan aurkituriko balada edo koplen aldaerak sartu egin ditut, baina Arantazuri buruzkoak bakarrik.
Hemengo oinarrizko iturriak, beraz, REA/JK, G2T, OEA eta DGA dira –ikus horien azalpen luzea ADK liburu saileko I. liburukiaren 2. atalean–; baina sistematikoki kontuan eduki ditut Azkuek bidutakoak (DCV eta DCVE), Aitzolen Bilduma (A. Zabalaren EERV-ren bitartez), Aita Donostiaren DCVkoak, Euskerazaintza aldizkariak argitaratuak (LVII zenb., 2006-1), eta Labayruko langileen MEB-en argitaratuak ere. Aldaera bakoitzean adierazita dago iturria.
Honako sailkapen hau egin dut, beraz, I. Etxebarriaren liburukoen “osagarriak” deitu ditudanok nolabait ordenatzeko:
1. Arantzazuri buruzko baladak eta koplak, Arantzazuko Bildumakoak nahiz bestelako iturrietakoak.
2. Arantzazuko Bildumako baladak eta koplak, ez Arantzazuri buruzkoak.
3. I. Omaetxebarriak, A. Zabalak eta S. Mitxelenak berreraikitako –osatu edo txukunduriko– Arantzazuko “erromantzeak”.
4. Osagarrien osagarri, Arrateko Andre Mariaren balada eta koplak, Arantzazuko Bilduman jasota daudenak eta I. Etxebarriaren ABK liburuan sartu gabeak.
BIBLIOGRAFIA ETA SIGLAK
AAB – Arantzazuko Abestien Bilduma, edizio digitala (Ed.: Paulo Agirrebaltzategi; partituren notazio digitala: Ramon Udabe), 2018. 375 bat pieza dira; ordenatuta doaz, eta zenbakituta: Z/001, eta horrela.
ABA – Salbatore Mitxelena, Aboz abo. Eskuizkribua (AranLitArtx: 07-002; lehen: Zarauzko S. Frantzisko komentuko artxiboa, Caj. 144 D 11).
ABB – Salbatore Mitxelena, Aboz abo. Arantzazuko Kanta zaarrak, in: Idazlan guztiak (Ed.: Karmelo Iturria eta Jose A. Gandarias), Oñati: Editorial Franciscana Aránzazu, 1984, 613-671 or.
ABK – Igone Etxebarria, Arantzazuko Balada edo Kanta Zaharrak, Oñati: Arantzazu E.F., 2003.
ADK – Arantzazu Dut Kantagai. Arantzazu kantatzen duten balada, olerki, bertso eta bestelako testu poetikoen bilduma, liburukitan sailkatua. Honako hauxe da horietan II.a
AHH – Salbatore Mitxelena, Ahoz aho. Arantzazuko Kanta zaharrak [ADK-IX] (ABB-ren edizio kritikoa, Paulo Agrrebaltzategik egina)
AEP-2 – Salbatore Mitxelena, Arantzazu. Euskal Poema (1984, 2. ed.), in: Idazlan guztiak, (Ed.: Karmelo Iturria eta Jose A. Gandarias), Oñati: Editorial Franciscana Aránzazu, 1-300 or.
AIZ – Ignazio Omaetxebarria, Arantzazu izena. Evocación Franciscana y Proyección Misionera (Ed.: Paulo Agirrebaltzategi), Oñati: Arantzazu E.F., 2001.
AKDB – “Arantzazu Kantagai. Datu-Basea” (Arantzazuri buruzko balada, kopla, kanta, bertso sorta eta olerkien eta Arantzazu aldizkariko bertso eta olerkien datu-base digitala). Edizio kritikoa (P. Agirrebaltzategi).
AKZ – Arantzazuko Kanta Zaharrak (argitalpena) (Arantzazuko Musika artxiboa: Sección Db – Carpeta R 33).
AKZB – “Arantzazuko Kanta Zaharren Bilduma”. Arantzazuko Literatur Artxiboan bilduta dauden kanta zahar (balada, bertso, kopla, etab.en gorputz osoa), hainbat sorta eta kopiaz osatua. (Horiei buruzko azterketa historiko-kritikorako ik. ADK, l. lib.).
AMG – José Adrián Lizarralde, Andra Mari. Reseña histórica del culto de la Virgen santísima en la Provincia [de Guipúzcoa], Bilbao: Impr. C. Dochao de Urigüen, 1926 (tit. lab.: “Andra Mari de Guipúzcoa”).
CAE – Juan C. Guerra, Los cantares antiguos del euskera, San Sebastián, 1924.
CPV – Resurrección M. de Azkue, Cancionero popular vasco, I-II tomo, Bilbao:Biblioteca de La Gran Enciclopedia Vasca, 1968 (edizio faksimila).
CPVE – Resurrección M. Azkuek bildutako kantak, CPV-n argitaratu gabeak eta Euskaltzaindiaren artxiboan daudenak.
DCV – Aita Donostia, Cancionero Vasco (Ed.: Jorge de Riezu), 4 tomo, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
DGA – Demetrio Garmendia Arantzazuko fraide frantsiskotarra zenaren artxiboa. Berak jasotako Arantzazuko balada edo kanta zaharren eskuzko sorta txikia (gaur Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bilduman).
EERV – Antonio Zavala, Euskal Erromantzeak. Romancero Vasco [Auspoa Liburutegia], Oiartzun: Sendoa arg., 1998.
GAK – Romances Euskéricos de Aránzazu tituluko koadernotxoa. REA/JK-ko 31 doinuen eskuzko kopia, bakoitza ahapaldi banarekin (Jose A. Gandariasen artxiboan aurkitua). Jakin ez zeinek egina den kopia, baina badirudi 1942-1944 tartekoa izan daitekeela, Arantzazuko BAI taldearen inguruan sortua, Eujenio Agirretxerena bezala.
G2T – Arantzazuko Kanta Zaharren Bildumako sortetako bat (Moldatzailea: Paulo Agirrebaltzategi), 93 or. fotokopiatu: baladak, bertso sortak eta bestelako eliz kantak. (Ik. ADK-I, 2. atala).
HVSA – Jose A. Lizarralde, Historia de la Virgen y del Santuario de Aránzazu, Oñate: Edit. Aránzazu, 1950.
KAB – Latxaga (Jose Maria San Sebastian), “Kanta zarrak Artxulo baserrian (Urbasa'n)”, in: Euskerazaintza, LVII. zenb., 2006-1.
K2B, K3B – REA/JK koadernoaren kopien historian, horko hiru kopien batura da K2B: M2S, K2R eta O2S sortak biltzen dituena. K2B-ren fotokopia hutsa da K3B. Arantzazuko Literatur Artxiboan artxiboan daude biak, Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bilduman. (Ik. bien azalpen zehatzagoa ADK-ko I. liburukiko 2. atalean).
LOV – Manuel Lekuona, Literatura oral vasca, in: Lekuona'tar Manuel, Idaz-lan guztiak. 1. Aozko literatura [Kardaberaz Bilduma, 22], Tolosa: Librería Técnica de Difusión, 1978, 259-540.
M4S – MSJ-ren fotokopietako bat da (ik.), ADK-ko I. liburukiko 2. atalean deskribatuta dagoena. (Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumaren barruan dago).
MEB – Adolfo Arejita, Igone Etxebarria, Jaione Ibarra, Mendebaldeko euskal baladak, Bilbo: Labayru Ikastegia - BBK, 1995.
MSJ – “Mitxelenaren jatorrizko sorta”: S. Mitxelenak egindako REA/JK koadernoaren kopia partziala, daktilografiatua (ik. ADK-ko I. liburukia, 2. atala). Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumaren barruan dago.
MDO – S. Mitxelenaren hiru orrialdeko eskuizkribua, “Romancero Popular Vasco de Aránzazu” izenekoa, non REA/JK-ko “Abuztuaren hamabosgarren” baladaren doinu ezberdinen eta beste pare baten azterketa kritikoa egin baitzuen (Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumaren barruan dago).
O4S – OSJ-ren fotokopietako bat da (ik.), ADK-ko I. liburukiko 2. atalean deskribatuta dagoena. (Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumaren barruan dago).
OEA – “Omaetxebarriaren Eskuizkribuen Artxiboa”: Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumako sortetako bat, Ignazio Omaetxebarriak bildu eta eskuz transkribatutakoena, P. Agirrebaltzategik moldatua: 35 dok. (ik. ADK liburu sorta, I. lib. 2. atala).
OSJ – “Omaetxebarriaren jatorrizko Sorta”: I. Omaetxebarriak egindako Arantzazuko REA/JK koadernoko kanten kopia partziala, mekanografiatua (ik. ADK-ko I. liburukia, 2. atala). Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumaren barruan dago.
REA/JK – Romances Euskéricos de Aránzazu (u. g.), Arantzazuko Balada eta Kanta Zaharren Bildumako Koaderno nagusia, 200 or. Horren berri eta deskripzio zabalerako ik. ADK-I, 2. atala: “REA/JK-ren familia ugaria”.
Agirrebaltzategi, Paulo (2009), “Arantzazuko Kanta Zaharrak. Ignazio Omaetxebarriaren ekarpena. Aportación de Ignazio Omaetxebarria a la colección y estudio del romancero de Arantzazu”, in: Cantabria Franciscana, LX, 2009, 177 zenb., 31-46 or.
— (2010a), “Arantzazuko baladak eta kanta zaharrak. Joan Karlos Gerraren ekarpenari buruz galdezka”, in: Litterae Vasconicae. Euskeraren iker atala, 11, 2010, 95-118 or.
— (2010b), “Arantzazuko balada eta kanta zaharrak. Ignazio Omaetxebarriaren artxiboko corpus berria”, in: Litterae Vasconicae. Euskeraren iker atala, 11, 2010, 119-126 or.
Azurmendi, Joxe (2003), “Arantzazuko kanta zahar zaharrenaz ohar historiko batzuk”, in: Igone Etxebarria, Arantzazuko balada edo Kanta zaharrak, Oñati: Arantzazu E. F.
Gandiaga, Bitoriano (1974), “Lau erromantze”, in: Euskera, XIX, 1974, 156-163 or.
— (1975), “Hiru erromantze eta gorazarre bat”, in: Euskera, XX, 1975, 301-315 or.
Lekuona, Manuel (1978), Literatura oral vasca, in: Lekuona'tar Manuel, Idaz-lan guztiak, 1. Aozko literatura [Kardaberaz Bilduma, 22], Tolosa: Librería Técnica de Difusión.
— (1987), “Salbatore Mitxelena'ren «Arantzazu»”, in: Lekuona'tar Manuel, Idaz-lan guztiak. 11. Azken urratsak (Kardaberaz Bilduma, 32), Tolosa: Librería Técnica de Difusión, 1987, 339. or.
Lizarralde, José Adrián (1932), “La Virgen de Aránzazu en el Romancero Vasco”, in: Arantzazu, XII, 1932, 235-238 or.
Omaechevarría, Ignacio (1985), Aránzazu, santuario mariano del siglo XV, lugar de gracia, Zamora.
Laburdurak
Erg.: AKDB datu baseko erregistroa.
Dok.: OEA-ko dokumentua.
Zut.: REA/JK koadernoko zutabea (batzuetan bi zutabetan baitaude idatzita testuak orrialde berean).
Oharrak
1 Obraren bigarren edizio faksimila bi tomotan agitaratu zuen Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca-k, Bilbao, 1968. Ondorengo orrialdean ikus daiteke Azkuek bildu eta argitaraturiko Arantzazuko kanten taula. Horietako bakoitzak sortaren barruan duen zenbakia eta obra osoan duena, biak emango ditut, marratxoa tartekatuz. Orrialdea, ostera, obra osoarena bakarrik emango dut.
2 X. sortan dago, egon, “Arantzazura egin det promes” aldaera hori; ez IX.ean.
3 “Arantzazu aldean”: Azkuek berak bildutako doinuetako bati Arantzazuri buruzko testua egokitu zion, Santutegiko doinu ezagunenetako bihurtuko zena.
4 1923, 211-212 eta 427-428 or.
5 Establecimiento tipográfico de Martín y Mena, San Sebastián, 1924, 182-183 or.
6 Ik. “Viejos textos del idioma. Los Cantares antiguos del Euskera, por Juan Carlos de Guerra”, in: Arantzazu, II, 1924, 39 zenb., 218. or. Gerrak Arantzazuko Kanta Zaharren alorrean egindako ekarpenari buruz, ik. P. Agirrebaltzategi, “Arantzazuko baladak eta kanta zaharrak. Joan Karlos Gerraren ekarpenari buruz galdezka”, in: Litterae Vasconicae. Euskeraren iker atala 11, Bilbao: Labayru Ikastegia, 2010, 95-118 or.
7 Ik. Igone Etxebarria, Arantzazuko Baladak edo Kanta zaharrak, Arantzazu E.F. - Labayru, 2003: “Sarrera”.
8 Ik. batez ere “La Virgen de Aránzazu en el Romancero Vasco”, in: Arantzazu, XII, 1932. 135. zenb., 235-238 or. El Día egunkariak berrargitaratu zuen, autorea hil ondoren (ik. 1935eko irailaren 8koa).
9 Oñate: Ed. Aránzazu, 1950. Liburuaren kapitulu nagusi bakoitzaren buruan Arantzazuko Bildumako Baladetako zatiren bat jaso zuen.
10 Ik. Cancionero Vasco, Eusko Ikaskuntza, 1994, 144., 145. eta 1503. kantak. A. Zabalak beste bi ere badakartza, A. Donostiaren liburu beretik jasoak (ik. Euskal Erromantzeak - Romancero Vasco [Auspoa liburutegia], Oiartzun: Sendoa argitaldaria, 1998, 684-585 or. (ADK liburuotan EERV siglarekin aipatua).
11 “Cantares populares”, in: Anuario de Eusko-folklore, X, 1930, 41. or. (24. kanta) eta 42. or. (25. kanta).
12 XIII, 1933, 69-71 or.
13 Hiru edizio behintzat izan ditu obra horrek. Azkena aipatzen dut hemen: Lekuona'tar Manuel, Idaz-lan guztiak. I. Ahozko Literatura [Kardaberaz bilduma, 22], Tolosa: Librería técnica de difusión, 1978. Aipaturiko bi piezei dagokienez, ikus 289-290 eta 501. or.
14 Ik. M. Lekuona, “Salbatore Mitxelena'ren «Arantzazu»”, in: Idaz-lan guztiak, XI. Azken Urratsak, a.l., 339-340 or. Ik. orobat S. Mitxelena: Ahoz aho. Arantzazuko Kanta Zaharrak (ADK liburu sail honetako IX. liburukian, 53-54 or.). J. Alustizak ere aitortua du beragan M. Lekuonaren obrak izan zuen eragina.
15 Luis Villasantek eman zigun horren testigutza: “Dos conferencias sobre la nueva basílica de Aránzazu” (Arantzazu, XXXIV, 1954, 8. fasz., 252-255 or.). Tituluak adierazten duenaren aitzakiaz-edo, Kanta Zaharrez jardun zen Mitxelena, Villasantek dioenez.
16 Horregatik dio bere Ahoz Aho liburuaren sarreran (a.l., 52. or.): “Honi zegokion, neri baino, [Arantzazuko erromantzeen] txukuntze-lana; berak aspalditik hasia zuenez, eta horretan hainbeste dakienez”.
17 Alor honetan hark argitaraturiko artikuluak eta eskuz idatzita utzitako eskemaren bat ikus daiteke beraren idatzien antologia honetan: I. Omaetxebarria: Arantzazu izena. Evocación Franciscana y Proyeccion Misionera [Ed.: Paulo Agirrebaltzategi], Arantzazu E.F., Oñati, 2001, bereziki 181-237 or. Ik. era berean, P. Agirrebaltzategi: “Arantzazuko Kanta Zaharrak. Ignazio Omaetxebarriaren ekarpena. Aportación de Ignazio Omaetxebarria a la colección y estudio del romancero de Arantzazu”, in: Cantabria Franciscana, LX, 2009, 177. zenb., 31-46 or.
18 “Hiru erromantze eta gorazarre bat”, in: Euskera, XX, 1975, 301-315 or. Jakingarria da hitzaldiaren hasieran Arantzazuko Kanta Zaharren inguruan lanean ari zirenei buruz eman zigun informazioa: “Kuaderno hau ez da ezezaguna. Salbatore Mitxelenak erabili zuen ez bakarrik bere Arantzazu. Euskal-poema idazteko iturri bezala, baizik hornitzeko ere bai. Aita Ignazio Omaetxebarriak ere erabili izan du “Sobre el poema viejo de Arrate” lana idazteko behinepein. Kuaderno hontaz ba omen du lanen bat ere ‘in mente’ behintzat. Antonio Zabala josulagunak ere ezagutzen du...”.
19 L. Villasante, “Kaltzada zarra”, in: Arantzazu, XLVIII, 1969, 471. zenb., 134-136 + 123 or.; A. Madariaga, “Arantzazuko Ama Bizkaian”, in: Arantzazu, III, 1923, 29. zenb., 289-299 or.; Aztiri (J. Alustiza), “Nafarroa zaharretik”, in: Arantzazu, XXXVIII, 1957, 377 zenb., 54-54 or.; “Sakanatik Arantzazura erromes”, in: Arantzazu, LV, 1975, 533. zenb., 286-287 or.
20 “Kanta zarrak Artxulo baserrian. Arantzazuko Amaren bertsoak”, in: Euskerazaintza, LVII. zenb., 2006, 32. or.
21 [Auspoa Liburutegia], Oiartzun: Sendoa, 1998, 669-722 or.
22 XLVIII, 1969, 470. zenb., 26-27 or.; 471. zenb., 17-21 or.
23 XLVIII, 1969, 472. zenb., 17-19 or.
24 Oñati: Arantzazu E.F., 2003; Bilbo: Labayru, 2003. – ABK siglaz deitua hemen–.