Testua: Salbatore Mitxelena
AEP-2, 97-98 or.
Musika: Ignazio Omaetxebarria (“Amaitu degu Meza santua”)
Arantzazuko korua, IV. Maria, 15. kanta
– AAB: 147

  1. “Ez da Arantzazu –zion jendeak–,
    ez da lehenik praileena;
    herriarena lehendanik eta
    herri-izenean haiena».
    Andremaritan eska ohi zuten:
    «Betoz giltz hoiek gugana,
    herriak baitu aurrenik hemen
    eskubiderik gehiena».

  2. Andremaritan urterik urte
    prailetako jatetxean
    kofradikoak bazkaltzen zuten
    herriaren izenean.
    Horretarako komentu-giltza
    eskatu hara sartzean,
    Arantzazuko etxe-nausiak
    zirela agiri nahiean.

  3. Prozesioan etorri ohi zen
    bide betean jendea.
    Urte guztiko meza haundiena,
    ta hurrengo banketea.
    Ezker eskuan lizar-arbazta,
    gora asaldatuz bestea,
    Konde ta kondekumeen kontra
    mintza ohi zen alkatea:

  4. – “Aitunen seme kofraditarrak:
    oroitu gaurko eguna,
    Kondeagandik libra ginela
    hemen ospatzen duguna.
    Herri-kontrako sasi-jauntxorik
    ez bedi azaldu hona!
    Bazkari hontan ospa dezala
    Oñatik askatasuna”.

  5. Etxerakoan, eginez gero
    urtean behingo otorontza [sic],
    jaun alkateak Guardianari:
    – “Hartu Asistarrok, giltza.
    Zuen eskutan ipintzen degu
    etxe honen zaindaritza”.
    ...T'ala, zaingoan frantziskotarrak
    herriak nahita dabiltza.

S. Mitxelenaren Poema-ko “Ermitagintza” kapituluko ataletako bat (AEP-2, 97-98 or.) aukeratu zuen hemen musikariak, Ignazio Omaetxebarriaren doinuetako bati egokituz. Beraren Lagunarteko Meza-ko (Editorial Franciscana Aránzazu, 1953) kantetako baten doinua da hori: “Amaitu degu meza santua”. Beharbada beste nonbaitetik jasoa zuen Omaetxebarriak doinua bera.

Mitxelenak berak ez zion bere Poema-ren atal honi doinurik jarri, ez besterenik esleitu. Bi ahotsetara dago eratuta Arantzazuko kanta hau.


AAB: 147