Testua: Bitoriano Gandiaga
B. Gandiaga, Frantziskotar Gorazarreak,
Oñati: Arantzazu E.F., 2012, 74. or.
Doinua: Doinurik ez

  1. Andre Mari, zure elorria eta
    erakarri duzun jendea dakusat
    zure inguruan.
    Zure agerpenak guztizko eragin
    handia izan du lurralde honetako
    jende saiatuan.

  2. Aro berri baten atari izan zinen,
    euriz, bakez blaituz alor eta bihotz
    luzaz lehortuak:
    ondasun lurreko ta espiritukoz
    eurrez bedeinkatu zenituen bazter
    gerrak zigortuak.

  3. Berpizkundez piztu zenuen herria
    eta adorez zion heldu askotariko
    bizimoduari.
    Jakintzaren eta santutasun bideez
    goi-mailetaraino iritsi zen gero
    herritar ugari.

  4. Elorriko Ama eta Andre Maria,
    bakea dezagun eta onaldia,
    egun ere egizu.
    Mendeetako zure mila mesedeak
    gogoan dituen gure esker-kantu hau
    atsegin bekizu.