Testua: Joan Karlos Gerra
Luis Villasante, Santa Maria de Aránzazu, Patrona de la Provincia, [Enciclopedia guipuzcoana, fascículo 3.°] Diciembre 1964, 32. or.
Musika: Herri-doinua (?)
– AAB: 189 (estrofa) –

  1. Arantzazun Maria
    agertu zanian,
    Oñati ta Mondragoe
    zeuzkan bere aldian.
    Inork baino lehenago
    geure gurasoak
    Arantzazura zuten
    zuzendu pausoak.

  2. Arantzak ebaki ta
    harkaitzak apurtu,
    auzolan gogorrean
    bidea zabaldu;
    Oñati ta Mondragoek
    kofradia jarririk,
    Birjinari jaieraz
    egin zuten pozik.

Kanta honen bigarren ahapaldia Argia aldizkariak argitaratua zuen 1935ean, Manuel Eguileor-ek sinatuta (15. urtea, 753. zenb., 7. or.), hitzen baten forma ezberdina gorabehera. “Obra de Juan Carlos Guerra” dela, dio Villasantek bere liburuan olerkiari buruz. Beronek Arantzazu aldizkarian ere argitaratu zuen, “Kaltzada zarra” artikuluaren barruan (XLVIII, 1969, 471. zenb., 134-136 + 123 or.

Arantzazuko Musika Artxiboan bada kanta bat “Goazen poz alai Arantzazura” titulukoa: sarreraren ondoren hemengo lehen ahapaldia du estrofatzat; partiturak ez du ez autorerik eta ez datarik ematen. Kantaren datari buruz Villasantek ez dio ezer, eta neure aldetik ez dut berririk aurkitu. Garbi dago 1935 baino lehenagokoa dela, eta Villasantek berak 1956an dioenez, arrasatearrek beren urteroko erromesaldian abesteko ohitura omen zuten. Arantzazuko Andre Maria Gipuzkoako zaindari izendatu zuteneko data esleitu diot, bada, neure aldetik. Dena dela, urte hartako Arrasateko erromesaldirako argitaratutako kanten esku-orrian ez da ageri hemengo hau.

Balada kutsua du kantak; Gerrak ondo ezagutzen zituen Arantzazuko baladak, eta badirudi haien estiloa baliatu nahi izan zuela. Abestiaren doinuak ere Arantzazuko bi balada klasikoenetatik hartuta daude –jakin ez, nork egokitu zizkion doinuok Gerraren testuari–.


AAB: 189