Testua: Salbatore Mitxelena
OKA-1969, 19. or.
Doinua: Herri-doinua (Mitxelenak moldatua)
OKA-1969, 7. kanta, 18. or. (ik. CPV, VIII, 621. or.).
– AAB: 155, 219, 253, 262; 126, 250 –
- Zazpi ahizpatxo dira euskaldun Birjinak,
zein baino zein beltxeran, zein baino zein pinak.
Hartu bitza sei ahizpen (seiren) eskuminak,
danetan gazteenak, danetan txikinak! - Zazpi ahizpa beltxetan Erregin zaitugu,
guzien maiteena ta guzien buru.
Hala ta guziz ere, Ama errukitsu!
Nun eta arantzan zaude?, nor eta arantzan Zu? - Erreginen Erregin, zeruaren zeru:
horrek harritzen gaitu: Nor eta arantzan Zu?
harkaitzik zakarrenen artean izkutu,
(horrek harritzen ere): nun eta arantzan Zu? - Arantz horixe degu euskal kabi goxo,
lau probintzien erdi ta Aizkorriren altzo.
Gorago ta zerutik are bertanago,
zerurako bidea hortik gora dago.
Aurrenik Arantzazu aldizkarian argitaratu zuen kanta hau S. Mitxelenak (XXVII, 1947, 278. zenb., 40-41 or.), partitura eta guzti, honako aurkezpenarekin: “Bai, zazpi aizpatxo omen dira Euskalerriko Andre Mariak. Neroni ere ori entzuna naiz seroretxo bati...”. Hortik zuzenean ekarri zuen OKA kanta-liburura; baina bitartean AEP-ko “Arantzan zu?” kapituluko (AEP-2, 31-34 or.) 21 ahapaldiko poemaren, “Agur, Arantzazuko Amandre berria” hasten denaren, barruan daude ahapaldi hauek (32-33. or.), ez ordena berean, eta laugarren ahapaldiko azken bi lerroak trukatuta (ik. 32-33 or.).
Hiru doinu egokitu izan dizkiote kanta honi: AEP-ko kapituluko kanta osarentzat “Arantzazu aldean” doinua aukeratu zuen Mitxelenak (2. kanta, 247. or.); baina OKA-ko kanta laburragoarentzat R. M. Azkuek jasotako beste bat, “Bordeletik joan ginen” kantarena (DCV, 26/621 kanta, 748. or.), aukeratu zuen eta bi ahotsetara jarri bere aldetik. J. M. Ibarbiaren Arantzazukoak sortan kanta honen bi aldaera ageri dira, OKA-ko lehen bi ahapaldiekin biak: a) 20. kanta, OKA-ko doinu bera da, autoreak duoa erantsita, OKA-koarena ez, bestelakoa; b) 17. kanta, bestelako herri-doinuari egokitua eta bi ahotsetara jarria. M. Idoiagak ere doinu-aldaera biei ipini zien organoko laguntza: OKA-koari (OKA/Id, 7. kanta; AAB: 262) eta Arantzazukoak sortako 17.ari (Arantzazuko Amari, 14. kanta; AAB: 126). E. Sudupek, OKA-ko doinua aukeratuta, hiru ahotsetara harmonizatu zuen, Arantzazun abestu izan dutena: –Eresbilen (E/SUD-01/R-04) eta Arantzazuko Musika Artxiboan (D 19) aurki daiteke horren partitura–.