Testua: Salbatore Mitxelena
OKA, 6-7 or.
Doinua: Xenpelar: “Berriotxoarena” (Mitxelenak moldatua)
OKA-1969, 1. kanta, 6. or. // – AAB: 213, 239, 256, 327

  1. Errodrigotxo Baltzategiko
    zori oneko artzaia:
    hik entzun huan, lehendabiziko,
    Zeru-deiaren kanpaia.

  2. Zori oneko kanpaia eta
    zori hobeko artzaia!
    Bien artean zabal ziguten
    Arantzazuko doaia.

  3. Berez ari zan jo ta jo deika,
    jo ta jo deika kanpaia,
    inork eragin gabe, azalduz
    Ama baten onginahia.

  4. Zer zitekean urreratzean
    Errodrigotxo ernaia,
    belaunikatuz han agertu zun
    euskal minen sendagaia.

  5. Ama Birjina arantzan gora
    zabalduz zeru-dirdaia,
    Jesus Haurtxoa besoan zula
    ta aldamenean kanpaia.

  6. Zori oneko kanpaia eta
    zori hobeko artzaia!
    Zori onena zuk, Euskal Herri:
    Badator zure Garaia!

Testu hau bere Poema-ren hasierako “Zeru-deia” kanta moldatuz eratu zuen (ik. 9-11 or.). Bere horretan maiz kantatu izan dute Arantzazun.

Jose Maria Ibarbiak kantaren kopia egin zuen (Arantzazukoak, 6. zenb., 3-4 or.), “Baltzategiko” izenarekin; doinua bakarrik moldatu zuen zertxobait. Testuan, OKA-ko lehen bi ahapaldiak eta 6.a aukeratu zituen, baina aldaera nabarmenekin, batez ere lehen ahapaldian: “Baltzategiko Errodrigotxo / zorioneko artzaia / zuk entzun zendun lenengo aldiz / zeru deiezko kanpaia”. AEP-ko testutik hurbilagoa da hori, OKA-kotik baino. Badirudi Mitxelenak berak, bere OKA liburuxka lantzen ari zelarik, erabili zuela tarteko aldaera hori.

Martzelino Idoiagak organoko laguntza jarri zion (ik. OKA-Id, 1. zenb.; AAB: 256).

Kanta honen harmonizazioa, Felix Ibarrondok egina (1963), Arantzazuko koruak grabatu zuen lehenbizikoz Jose Iturriaren zuzendaritza pean (1963). 1997an berriro grabatu zuten CDan, Iñaki Beristainek zuzenduta; OKA-ko kantari beste bi ahapaldi hauek gaineratu zizkion Beristainek, sarrera gisa, S. Mitxelenaren Poema-tik hartuta (AEP-2, 7-9 or.):

Kanpanila txiki bat
alboan bazuan,
inork behar gabe
soinu jotzen zuan:

Talan..., talan...,
Aloñaren maldan,
antzina zaharraren
altzo-altzotikan.
Talan..., talan....
Aloñaren maldan.


AAB: 213

AAB: 239

AAB: 256

AAB: 327