Testua: Autore ezezaguna
Testu daktilografiatua (AranMusArtx, R 15)
Mariarengan bezala, Jainko,
ixur grazia Elizan:
Jesu Kristoren salbazioa
munduan zabaldu dezan.
Zure Elizari eman eiozu
apaltasun-egarria,
Marian antzez, izan dedila
guzien zerbitzaria.
Euskal Herrira ixuri, arren,
gaur Mariaren Semea:
jarri dezala egi, bake ta
batasunaren legea.
Zu, Mariaren bidez, gugana
etorri zinan bezala,
Bere bitartez, denok Zugana
beti joan gaitezela.
Zuzenean ez dira Arantzazuko Andre Mariari buruzko bertsoak; baina “Arantzazuko Ama Birjina. Bertsoak” titulu pean dago bilduta sortaren hainbat kopia; zera adierazten du horrek: Garairen batean koruak-edo erabiltzen zituela bertsook, Arantzazuko A.M.-rentzakotzat hartuz.
Ez dakar inolako datarik, ez autorearen izenik; nahikoa berria da itxuraz bertso sorta. Seguruenik fraideren batek idatzia da, teologia aski goikoa darabilelako. Euskara aldetik, berriz, batua eta gipuzkera batean dabiltza. Eta ortografiaren aldetik euskara batukoa osorik bereganatu gabe dauka autoreak. Horregatik 1970 ingurukotzat jo dut bertso sorta.