E(g)uzkia jeikitzerakoan

Testua: Salbatore Mitxelena
OKA-1969, 13. or.
Doinua: Herri-doinua (Mitxelenak moldatua)
OKA-1969, 4. kanta, 12. or. // – AAB: 128, 216, 259

  1. E(g)uzkia jeikitzerakoan
    dizdiratzen da zerugorria,
    zerugorritik ederrena,
    Haurtxoarekin Andre Maria.

  2. Oi elorriko
    egun-urratze,
    bostehun urteko zolia!

  3. Jesus degu
    eguzkia;
    Zu zaitugu
    egunsentia.

  4. Zuk dakartzu
    poz danen argia,
    ilunen uxagarria,
    Arantzazuko Maria!

Badirudi bere Ogei kanta Arantzazuko libururako idatzi zuela S. Mitxelenak olerki polit hau, eta herri-doinua egokitu, berak moldatua; haren Poema-n ez da ageri testu hau, eta beste inon ere ez dut aurkitu. Doinu honek ez du nonbait OKA-ko beste hainbat kantek izan duen arrakasta lortu konposatzaile eta harmonizatzaileen artean. Martzelino Idoiagak bai, organoko laguntza jarri zion (Cantos Religiosos, 65. kanta, 158. or.; OKA/Id, 4. kanta; AAB: 259).

Titulu berbera erabiliz, ordea, bestelako testua zuen aurrenik, hemengoaren aurreko aldaeratzat har daitekeena. Nondik dator hori, ez baitago AEP liburuan ere? Zalantzarik gabe, Mitxelenarena da, eta seguruenik 1949-1950ko Arantzazuko giro musikal-literarioan bigarren forma hau zebilen hango Teologiako ikasleen artean; dirudienez, gero Mitxelenak berak aldatu egin zuen OKA liburuxkarako. Hona jatorrizko forma:

  1. E(g)uzkia jeikitzerakoan
    dizdiratzen da zerugorria;
    zerugorririk ederrena,
    Haurtxoarekin Andre Maria.

  2. Munduan graziz
    sortu zitzaigun
    Jesus Haurrakin Maria.

  3. Jesus degu
    eguzkia;
    Zu zaitugu
    egunsentia.

  4. Jesus degu
    gure eguzkia;
    Zu Haren egunsentia,
    Birjin eder sortzez garbia.

AAB: 128

AAB: 216

AAB: 259