Testua: Bitoriano Gandiaga
Gandiagaren Artxiboa: AOB, 5 orrialde (ik. Gandiaga.com)
Doinua: Pello Zabala (Artxibo pertsonala)
– AAB: 169 –
“Aizkorriko kurtzeko
krabelin gorria,
Zegamako neskatxen
kontsolagarria”.
(Pandero-kanta: Maria Ugarte)
- Aizkorriko puntan,
puntaren puntako,
bi besoak zabal,
krabelin oparo,
kontsolagarria,
gurutzea dago. - Aizkorrin lau belar,
erruz haizkorria,
ta, zutik loretan
hamabiorria,
bihotz-asegarri
krabelin gorria. - Aizkorri maitasun,
Aizkorri krabelin,
pentsamentua maiz
jartzen dut Aizkorrin,
kontsolagarria
han baita ikurrin. - Zazpi haizetara
zazpi besarkada,
nik maite dudana
txit maitebera da,
amodio-zauriz
bizi den bera da. - Aizkorriko puntak
badu bere tira,
krabelin finaren
bazkoa-distira,
kontsolagarria
dut handik begira.
“Aizkorrriko kurtzeari” du titulua B. Gandiagaren olerkiak, beraren artxiboko jatorrizko testuan, P. Zabalak musikatuan, eta 1994ko apirilaren 16ko data darama. Dakidanez, paperean argitaratu gabe dago olerki hau, baina Gandiaga.com Interneteko atarian aurki daiteke, non Arantzazuko poetaren literatur ondare guztia baitago jasota, edizio kritikoan.
Aizkorri da Arantzazu inguruko mendi-kate garaiena, eta Arantzazuko Andre Maria eta santutegiaren historia Aizkorriri lotu ohi diote poetek eta kantariek, Aloñari bezala. Arantzazuren historiaren barruan dago, beraz, Aizkorri; era berean hari eskainitako olerki-kanta literatura arantzazuarraren barru-barruan dago.
Hasierako ahapaldiaren autoretzat aipatuta dagoen Maria Ugarte Arantzazuko Arrikurtz auzoko pandero-jolea eta kopla-kantaria izan zen.