[“Arantzazuko” ereserkia]
Testua: Jose Ignazio Arana
Lehen edizioa (testua eta doinua): AVAC, 45-49 or.
AranLitArtx: AVAC-1881(1), 11-015
Jatorrizko doinua: Modesto Letemendia (AVAC, orri soltea)
– AAB: 001-014, 356-358, 092, 100 –
Kantartea
Arantzazuko Ama Birjina,
zeruko Erregin haundia;
kendu pekatu danen arantzak;
eman Jaunaren grazia.
Kantaldiak
- Agur zeruen edertasuna,
arrosa zuri-gorria;
apaindurien lore bikainez
Jaungoiko berak jantzia;
arantza artean arantza gabe,
arantzan gora jaikia!
Agur, dontzeila graziazkoa,
Grazi beraren jargoia! - Zu zeru-lurren maitagarritzat
zorionean sortua,
mundu honetan ekaitz artean
gabiltzan danon portua;
zu gure Ama, gure bizitza,
gure bihotzen gar-sua;
zu aingeruen zoragarria,
zu santu danen korua. - Izarraitz eta Aizkorri baino
gogorragua zu zera,
olatu harro zuleizetarrak
ezarritzeko lurrera:
Beltzebu bera lotsa gorrian
makurtu zazu oinpera,
altxa zerala pekatu gabe
Zeru guztien gainera. - Zure obra zan Aloñapeko
harkaitz artean jartzea,
birtute ederren lorategi bat
usai zerukoz betea.
Hortik lehenengo alda zenduan
Mejikotarren lorea,
Prai Zumarraga Indiatarren
Fede-erakusle trebea. - Arantzazuko Ama Birjina!
Deiezka zure aurrean
hor egondu zan San Ignazio,
anai batekin gauean.
Arantzazuko Ama Birjina!
daude deiezka lurrean:
zuri deiezka itsasgizonak
galerna gogor tartean. - Hortikan zaude Euskal Herriko
seme gaixoen begira;
gaur zure seme hoien kontrako
etsaiak pranko badira;
zugana gatoz, Ama maitea,
zure mantupe argira;
ixuri zazu zeure indarra
euskal bihotzen erdira. - Zure laguntzaz, Ama Birjin,
Okendok zuen garaitu,
zure laguntzaz Elkano batek
mundu osoa neurritu,
zure laguntzaz Jabierrek du
Sortalde lurra argitu,
zure laguntzaz onen ta goien
euskal arraza da arkitu.
Badirudi kanta honetaz ari dela Arana, gorago aipaturiko gutunetako batean, A. Epelderi idatzian: “También le mando el himno euskaro, que a ruego del Sr. Aldalur D. Pedro hice hace dos semanas...”.
“Arantzazuko ereserkia” deitu hau, santutegiko klasikoena den kanta, hainbat aldiz argitaratua dute, Arantzazu aldizkarian nahiz erromesentzat prestaturiko liburuxka edo triptikotan. Leloarekin batera kanta luzearen ahapaldiren bat edo beste bakarrik hartu izan dituzte horrelakoek, bakoitzak bere nahierara –normalean leloa eta lehen estrofa bakarrik abestu izan ditu herriak–. Aldaera horietan aurkitu dudan luzeena, 1920an-edo argitaraturiko “Arantzazura bidezkunde abestiyak” tituluko liburuxkakoa da (Bermeo: Imp. de Ruiz): lau estrofakoa (1, 2, 5, 6). Ogei kanta Arantzazuko liburuxkako eranskinean bi estrofa sartu zituzten: 1, 4. Hona argitalpenen erreferentzia gehiago: REA/JK, 77. or. (AKDB, 081. erg.) – Arantzazu, LXV, 1988, 673. zenb., 1'. or., azala – Arantzazu, LXVI, 1989, 688. zenb., 1. or. (bigarren estrofa gabe).
Kanta honen gaztelaniazko testua, Modesto Letamendiaren melodiari egokitua, Ignazio Aberasturik sortu zuen (hiru estrofatakoa), eta 1929an Arantzazu aldizkarian argitaratu: IX, 1929, 97. zenb., 167. or. ADK liburu sorta honetako VII. liburukian ikus daiteke. Leloaren eta lehen estrofaren gaztelaniazko itzulpen literala, doinuari egokitu gabea, anonimoren batek eskaini zuen Arantzazu aldizkarian (LXVI, 1989, 688. zenb., 1. or.).
Jatorrizko testuaren eskuizkribua
Arantzazuko Literatur Artxiboan (11-017) bada paper-diptiko bat (21 x 13 cm) lehen 3 orrialdeetan eskuz oso txukun idatzia, “Ama Virgiña Aranzazucoari cantaera” titulua duena, eta “Aranzazuco Ama Virgiña” hasten dena. Jose Ignazio Aranak 1881ean Arantzazuko orduko nagusi Jose Epelderi bidalitako bi gutunekin batera dago. Horiekin batera dago beste paper bat ere, 1881ekoa, titulutzat “Ama Virgiña-ren Kantategi Euskerazcua” (euskaraz) eta “Cancionero Basco de la Santísima Virgen” (erdaraz) duena; eta euskarazko azpititulutzat “Lenengo partea Ama Virgiña Aranzazucoari donekidatua”. Aranak Epelderi bidalitako kanta-liburuaren proiektua da nonbait hori, bertan sartzekoak ziren hamar kanten aurkibide eta guzti: Bederetzigarren kantaren titulua “Ama Virgiña Aranzazu-coari kantaera (1881. Himno euskaro)”. Ez du autorearen izenik ematen, besteenak ematen ez dituen bezala, Felipe Arreserenetako batena izan ezik. Ez dut berririk Aranak A. Epelde Arantzazuko nagusiari proposaturiko “Kantategia” argitaratu zutenik. Zalantzarik gabe aurkibideko 1881eko “Himno euskaro” delakoa gero Arantzazuko ereserki bihurtuko zena da: “Arantzazuko Ama Birjina” –edo “Arantzazuko” soilik–, 1881ean bertan Aranaren izenean eta Modesto Letemendiaren [sic] doinuarekin argitaratua.
AVAC liburua (1881): Donostiako KMK-n eta Arantzazuko Musika Artxiboan (AranMusArtx)
Arantzazuko AKZB Bildumako informazioa berrestera dator Arantzazuko Musika Artxiboan (R 28) eta Donostiako KMK-ko liburutegian aurki daitekeen liburu hau: Ama Virgiña Aranzazucoaren condaira zortzico aundietan eta aurtengo erromeriaraco itz neurtu batzuec, Tolosa: Eusebio López, 1881.
Urte hartako erromesaldietarako hainbat kanta argitaratu zuten bertan, bestelako abesti eta otoitzekin batera. Liburu horretan daude Arantzazuko Andre Mariari eskainitako honako kantok ere (zortzi testu ezberdin; horietako bi, doinu eta guzti):
a) “Ama Virgiña Arantzazu-coaren condaira zortzico aundietan” (Felipe Arrese Beitia, 3-26 or.);
b) “Arantzazuco-euscaldun erromesentzat Ama Birjiñari eguiteco agurrak” (Felipe Arrese Beitia, 27-33 or.);
c) “Sinismen edo fedearen aitormena (34. or.);
d) “Ama doncella Arantzazucoari. Erregua” (Fr. J. E. –A. Jose Epelde seguruenik–, 35-37 or.);
e) “Ama Virgiña Aranzazu-coari agur-ona edo salvea, Aita Aranac aterea (38-42 or.);
f) “Azquen-agurra Ama Virgiñari, Aita Aranac ipiñia (43-44 or.): “Agur, Jesusen Ama”;
g) “Agur, agur, agur, Maria” Arrese Beitiaren kantaren doinua, Modesto Letemendiarena (tarteko orrialdea);
h) “Ama Birgiña Aranzazu-coari cantaera. Aita Aranac jarria”: “Arantzazuko Ama Birjina” ezaguna, alegia (45-49 or.);
i) “Arantzazuko Ama Birjina” kantaren doinua (Modesto Letemendia; orrialde-zenbakirik gabe).
Arantzazuko AVAC edizioan, hasierako orrien ezberdintasun txiki batzuez gain, “Arantzazuko Ama Birjina” partituraren orri soltea (M. Letemendiarena) falta da; gainera 49. orrialdea galdua du: “Arantzazuko Ama Birjina” kantaren azken ahapaldia.
Lau autore dira, beraz, liburu honetan nagusiak: Felipe Arrese Beitia, Jose Ignazio Arana eta Modesto Letemendia (Letamendia), Arantzazuko goardiano Jose Epelderekin batera. Itxura guztien arabera, 1881eko Arantzazuko erromesentzat ateratako liburu “ofiziala” da hori.
Argitaratu orduko eta Santutegiko 1881eko erromesaldiekin batera Arantzazuko ereserki “ofizial” bihurtu zen nonbait Arana–Letamendiaren “Arantzazuko Ama Birjina” abestia. Eta geroztik historia aberats eta ugaria izan du musikan eta testuan. Arantzazuko erromesaldietarako atera ohi zituzten esku-orrietan beti ageri da horren testua. Santutegiko abestirik ezagunena da seguruenik, Letamendiaren jatorrizko doinuan.
“Arantzazuko”: testuaren eta musikaren historia laburra
Aranaren ereserki honek argitalpen ugari izan dituen bezala, hainbat musikarik harmonizatu izan ditu horren ahapaldiak, gehienak Letamendiaren doinuan oinarrituz, baina baita doinu berririk sortuz ere. Testua eta musika batera doaz historia labur honetan; testuari dagokionez, adierazgarria da lehen estrofako azkenaurreko lerroaren aldaeren kontua: jatorrizko eskuizkribuko “agur Dontzeila graziazkoa” “agur Amatxo bihotz biguna” bihurtu baitzen laster hainbat ediziotan, eta gerora horrela finkatuta geratu zen.
1.- 1881: AVAC (KMK-Arantzazu). Aipaturiko Ama Virgiña Aranzazucoaren condaira... liburuan ageri da lehenbizikoz argitaratua kanta (testu osoa, eta partitura aparteko paperean). Gorago deskribatua dut liburua. Aranaren testuari dagokionez, zazpigarren ahapaldia gaineratu zuten, Arantzazuko artxiboko eskuizkribuan ez dagoena. Gainerantzean eskuizkribukoan bezala dago, aldaketa ortografiko txikiren batzuk gorabehera.
2.- 1886 (?): Esku-orri formako edizioa, “Arantzazuko Amari” izenekoa. “Arantzazuko Ama Birjina” eta “Agur, agur, agur, Maria” abestien partiturak eta testu laburtuak daude bertan. Bien doinuak Letamendiarenak dira –orrian Letamendia dago idatzita, ez Letemendia; 1887an hil zen musikaria–. Koldo Mitxelena Kulturuneko 4 orrialdeko koadernotxo baten barruan dago orria, baina, dirudienez, orri solte horrek eta koadernoak ez dute zer ikusirik edizioa egitean; liburuxkak berak ez du inprimategi-markarik, baina bai orriak: “Tolosa'n, E. Lopez-en echian”, urtearen indikaziorik gabe. KMK-ko fitxa bibliografikoak XIX. mendekotzat jotzen du liburuxka –18...–, baina izatez 1910ekoa edo geroagokoa da, beherago azalduko dudanez. Bertako partitura-orri soltea, berriz, lehenagokoa da zalantzarik gabe. Hipotesi gisa 1886kotzat jo dut, orduko koroazio-ospakizunetarako argitaratu bide zutelakoan edo; dena dela, ereserkiaren autore Arana hil baino lehenagokoa izan behar duela uste dut –1896an hil zen–. Izan ere, lehen estrofaren azken-aurreko lerroa J. I. Aranak berak aldatua behar duela uste dut, hasierako “Agur, dontzeila graziazkoa”, ondorengo “Agur Amatxo bihotz biguna” idatziz–; ez baita ulertzekoa, idazlea bera hain gertukoa izanik, haren agindurik edota baimenik gabe horrelako aldaketa beste inork egin izana.
2.- 1903: La Editorial Vizcaína-k Ama Birjiña Arantzazu-koaren kondaira ta bederatziurrena argitaratu zuen urte horretan; gure kanta hau partitura eta guzti eta bere zazpi ahapaldiekin sartu zuen, Arrese Beitiaren “Agur, agur, agur, Maria” kantaren testuaren aurretik. Berriro badira aldaketa ortografikoren batzuk, aurreko biekin alderatuta; lehen estrofaren azkenaurreko lerroari dagokionez, berriz, 1881eko aldaerara itzuli zen: “Agur, dontzeila graziazkoa”.
3.- 1910: Arantzazuko artxibo orokorrean (XXV-35) bada 6 orrialdeko eskuizkribu bat, honako atalak dituena: Otoitza (Erregua), Arantzazuko kondaira laburra, “betiko” bi abestien testuak “Arantzazuko Ama Birjina” (3 ahapaldi) eta “Agur, agur, agur, Maria” (4 ahapaldi), azkenik bi otoitz (euskaraz eta gaztelaniaz). Gasteizko gotzainak inprimatzeko emandako baimena 1910ean dago datatuta. Izatez, bi edizio behintzat izan zituen eskuizkribuak –azken bi otoitzak kenduta–, biak Tolosako E. Lopezek eginak; urterik ez dakarte, baina uste izatekoa da 1910ekoak edo ondorengo urtekoak izango direla. Bietan datoz 1886ko orrialdeko bi partiturak, beren horretan (faksimil moduan): batean (KMK, J.U. 9838-030) azpiko testua ere orriko konposizio berberarekin, bestean azpiko testua konposizioz aldatuta. Lehen ahapaldiko zazpigarren lerroari dagokionez, gauza bitxia gertatzen da: Oinarrizko eskuizkribuan “Agur donzella graziazkoa” dago idatzita, baina bi edizioetan “Agur Amatxo bihotz biguna”, bai partitura barruan eta bai azpiko testuan.
4.- 1918 (?): REA/JK (Romances euskéricos de Aránzazu koadernoa), 77. or.: Erromesentzako esku orria da, Arantzazuko Andre Maria Gipuzkoako zaindari izendatu zutenekoa. Leloa eta lehen bi estrofak daude jasota, aldaera ortografiko berriren batzurekin. Lehen estrofako azkenaurreko lerroa ere lehen ediziokoa da (1881), baina ‘donzella’ hitza ‘Birjiña’ bihurtu da hemen. Erromesentzat ulergarria egiteko, seguruenik: “Agur Birjiña graziazkoa”.
5.- 1920 (?): Manuel Burgès-en harmonizazioa. Arantzazuko Musika Artxiboan (AranMusArtx, D 3) dagoen eskuzko partitura, Manuel Burgès konpositorearena (6 v. eta org.) da: “Arantzazuko Ama Birjina” M. Letamendiaren melodiaren harmonizazioa, seguruenik horietan aurrena. Testuaren aldetik leloa eta lehen estrofa aukeratu zituen, ordurako nagusituta zegoen aldaeran –“Agur Amatxo bihotz biguna”–, eta garaiko ortografiari egokituta. Data hori esleitu diot Burgèsen harmonizazioari; izan ere J. J. Ndad. Garmendiarena (1923) baino lehenagokoa da nonbait, Martzelino Idoiagak, horrelako harmonizazioen ezagutzaile onak, Garmendiaren partitura kopiatzean, azpian idatzi zuen oharrean iradokitzen duenez: “La famosa terminación de M. Burgés”. 1939an Arantzazuko A.M.-ren jai bezperako Benediktaren ondoren Burgèsen “Arantzazuko” abestu zuen koruak.
6.- 1922: Arantzazu aldizkaria, II, 17. zenb., azaroa, 264. or.: Arantzazu aldizkari berriak argitaratu zuen kantaren testua: leloa eta lehen estrofa bakarrik. Berdina da testua, beti ere aldaketa ortografikoren bat edo beste gorabehera. Hemendik aurrera finkatuta geratuko da “Agur, Amatxo bihotz biguna”.
7.- 1923: Joan Jose N. Garmendiaren “Arantzazuko” (AranMusArtx, D 37). Partituraren eskuizkribua 1923koa da. Testuaren aldetik, leloa eta lehen estrofa jasotzen ditu, 1922ko Arantzazu aldizkarian finkatu bezala. Martzelino Idoiagak, bere Arantzazuko Amari kanta sortan (1. zenb.), Garmendiarena eskuz kopiatu besterik ez zuen egin (AranMusArtx, K 109). Askoz geroago partituraren notazio digitala egin zuen Biktor Etxebarriak (Edición informática, Donostia, 1992, 10 or. –AranMusArtx, D 37–).
8.- 1925: Eustakio Azkarate (1887-1965). Urte hori esleitu diot Azkarateren “Gozos a la Virgen de Aránzazu” kantari (AranMusArtx, D 1 –8 or.–; Eresbil: e/azc-01/R-174). Ez da Letamendiaren kantaren harmonizazioa, bestelako melodia baizik, eta horren gain egindako harmonizazioa (3 v. y órgano); baina testua eta hitzak gehienbat Aranaren ereserkikoak dira: Leloa osorik Aranarena, lehen estrofa, berria, eta bigarren estrofa, berriro Aranaren ereserkiko 6. estrofa bere horretan. Hona hemen tartean sartu zuen estrofa berria: “Izarraitz eta Aizgorri baiño / gogorragua zu zera, / olatu arro suleizetarrak / ezarritzeko lurrera. / Beltzebu bera lotza gorrian / makurtu zazu oinpera, / alcha zerala pekatu gabe / zeru guztien gañera. “A la V. Comunidad de Religiosos Franciscanos de Nuestra Señora de Aránzazu” eskaini zion bere pieza.
9.- 1927: Erromesaldikoa. Urte horrretako apirilaren 9an Gasteiztik Arantzazura egin zuten peregrinaziorako esku-orria atera zuten, abesteko kantuekin: horien artean dago “Arantzazuko Ama Birjina” (testua bakarrik: leloa eta 1., 2. eta 6. estrofak) (ik. Eresbil, A19/0658). 1918ko esku-orria eta hemengo hau izan daitezke adierazgarriak, ulertzeko zein leku funtsezkoa eduki duen kantak aro modernoko Arantzazuko erromesentzat. Gogoratzekoa da, alde horretatik, Arantzazuko bederatziurrenetako eta asteburuetako elizkizun eta mezak ere gehienetan kanta horrekin bukatu izan dituztela.
10.- 1935 (?): Jose Domingo de Santa Teresaren harmonizazioa (4 ahots eta organoa). Urteren batzuk lehenago musikari karmeldarrak Letamendiaren doinua harmonizatu egin zuen koruak kantatzeko (dirudienez, Karmengo Amaren ereserkiaren hitzak erabiliz); eta 1935 inguruan Aranaren jatorrizko testua egokitu zioten Arantzazun J. D. de Santa Teresaren piezari, beherago hobeto azalduko dudanez. Geroztik gehienbat bertsio hori kantatu izan zuen Arantzazuko koruak –1965an diskoan grabatu zuen–. Horregatik Arantzazuko Musika Artxiboan horren partituraren hainbat kopia aurki daiteke, diptiko inprimatu bat ere bai (AranMusArtx, D 16). Eresbilen ere bada horren partiturarik (E/LET-01/Y-02): Letamendiaren obratik abiatuz egin zuela esaten du Eresbilgo datu-baseko fitxak: a coro unísono y estrofa a 4 voces mixtas. Testuari dagokionez, koruarena eta lehen estrofa bakarrik dakartza.
11.- 1947: Bizente Aranburu. Bere Colección de cantos religiosos / Eliz Abesti sorta liburuan sartu zuen Arana–Letamendiaren kanta, “Arantzazu'ko Ama” tituluarekin (326-327 or.), euskarazko eta gaztelaniazko testua partituran. Jatorrizko gipuzkerazko formen ondoan, bizkaierazkoak jarri zituen kakoen artean, horrela Bizkaian ere kantatzeko moduan.
12. 1947: Leonardo Zelaia. Beronen organoko laguntza (harmonizazioa) argitaratu zuen zuten Manuel Molak eta Vicente Pérez-ek beren Antologia musical al servicio del templo liburuan, “Salve Maria” tituluarekin eta gaztelaniazko testuarekin: Ignazio Aberasturirena, itzulpen librean. Editoreak beste adbokaziotako Andra Mariei kantatzeko ere egokitu nahi izan zuen nonbait testua, leloaren bigarren lerroan “del sacro espino” dioenaren parean “salve, Señora” ere idatziz, eta estrofako “de Vasconia”-ren parean “de nuestro pueblo” gaineratuz.
13.- 1950 (?): Bruno Imaz Ganzarain. Aranaren ereserkiaren gain egindako konposizio musikalari urte hori jarri diot, Eresbil artxiboan (A57 / 0022) dagoen partiturak urterik ez dakar eta –1897an jaio zen Bruno Imaz Zaldibian eta 1972an hil zen–. Ereserkiaren leloa eta lehenengo estrofa aukeratu zituen testutzat. Letamendiaren doinutik guztiz aldendu zen Imaz bere piezan.
14.- 1952, OKA. Ogei Kanta Arantzazuko abesti-liburua argitaratu zuen S. Mitxelenak, eta eranskineko lau abesti-testuen artean sartu zuen (44. or.) “Arantzazuko” (leloa eta 1. eta 4. estrofak). 4. estrofan, ‘obra’ hitzaren ordez, ‘nahia’ idatzi zuen.
15.- 1954: Arantzazuko Musika Artxiboan bada Letamendiaren doinuaren tresna-moldaketa –organo eta banda–: “Arantzazuko”, titulua. Organokoa M. Planak bere Selección de cantos religiosos populares liburuan “A la Virgen del Carmen II” tituluarekin argitaraturikoa da; horren gain dago landuta bandakoa. Hau, 1954an Tolosan datatua eta hura, 1931n argitaratua, biak daude Letamendiaren izenean soilik. Norena ote instrumentazioa?
16.- 1960-1965: Martzelino Idoiaga. Arantzazuko organistak, organorako harmonizazio bi behintzat idatzi zituen, M. Letamendiaren doinuarenak. Arantzazuko Musika Artxiboan daude, eskuz idatziak biak (AranMusArtx, D 37; Cantos religiosos-II, 1965, 58. or.). Aurrenak urterik ez dakar; 1960-65 bitartekotzat jo daiteke, garai horretakoa delakoan haren produkziorik handiena.
17.- 1965: Arantzazuko koruaren grabazioa. “Arantzazuko Ama Birjina” lehenbizikoz grabatu zuen Arantzazuko koruak (Zuz.: Jose Iturria) (Donostia, Columbia). Jose Domingo de Santa Teresaren harmonizazioa interpretatu zuen.
18.- 1968: Jose Maria González Bastidaren harmonizazio instrumentala. Urte horretakotzat jo dut “Arantzazuko (marcha religiosa)” izeneko pieza, urte horretan argitaratu zuelako Txistulari aldizkariak (55. zenb., 1968, uzt-ira, 22-23 or. tartean).
19.- 1988-1989: Arantzazu aldizkariak argitaratu zuen Aranaren testua, doinurik gabe: 1988koan leloa gehi 1. eta 6. estrofak (LXV, 1988, 673. zenb., 1'. or., azala) eta 1989koan leloa eta lehen estrofa bakarrik, baina zuzeneko erdarazko itzulpena gaineratuz –erredakzioak egindakoa, ez Aberasturiren testutik hartua– (Arantzazu, LXVI, 1989, 688. zenb., 1. or.).
20.- 2000: Josu Elberdinek Letamendiaren doinua moldatu zuen; honetara du titulua Eresbilgo partituran (E/ELB-01/b-46): “Arantzazuko (a la Virgen del Carmen)”... M. Letamendia (Mold.: Josu Elberdin), 2000. Organo, txistu eta quinteto de metales... Titulu bitxi samarrari erantzunez edo, bitariko hitzak dakartza partituran: “Salve María, flor del Carmelo” (Karmengo Amaren ereserkia, gaztelaniaz, lehen bi estrofak) eta Aranaren “Arantzazuko Ama Birjina” (euskaraz, leloa eta lehen estrofa).
21.- 2005: Lausardi koruaren grabaketa berria. XVII-XVIII eta XIX-XX mendeetako bi garaietako Arantzazuko musika-pieza eta kanta aukeratuekin CD bana grabatu zituzten. II.erako –Arantzazu musikaren mendeetan. 2. Siglos XIX-XX. mendeak– gehienbat Lausardi Koru Sinfonikoak abestu zituen kantak –David Azurza, zuzendaria, eta Aitor Olea, organista–; horko bigarrena da “Himno a la Sma. Virgen de Aránzazu”, M. Letamendiarena, J. D. de Santa Teresaren harmonizazioarekin. Aranaren testua aukeratu zuten kantatzeko (leloa eta lehen estrofa).
22.- 2010: Juan Carlos Irizar. Euskal Abesti enblematikoak, II, 4. zenb. (Zarautz, Itxaropena, 2010) argitaratu zuen, eta bertan Letamendiaren “Arantzazuko” doinua sartu. Horren bi moldaketa egin zituen: ahotsa eta gitarrarako (8. or.) eta organorako (9-11 or.). Partituren barruan ez dago hitzik, baina aurretik Aranaren ereserkiaren lehenengo eta laugarren estrofak dakartza, OKA-tik hartuta nonbait. Berak dioenez, Letamendia/Zelaia-ren kantaren moldaketa besterik ez da.
23.- 2015: Jose Luis Zurutuzaren organorako harmonizazioa.
Organoko beste laguntzarik, lehenagokorik ere, badu hortik zehar “Arantzazuko” ereserkiak: Naiarako frantziskotar komentuko artxiboan aurkitua, partez behintzat Zelaiarena (1947).
“Arantzazuko Ama Birjina” eta “Salve María, flor del Carmelo”
1900. urtean Aranak Begoñako Andre Mariari ereserkia idatzi zuen, Arantzazukoaren neurri berean –“Andra Maria Begoñakoa”–, eta Letamendiaren doinu berarekin abestu zuten. 1901ean Begoñakoaren korozaziokoan, titulu bereko kantari, bestelako hitzak egokitu zizkioten, Arantzazukoari Aranak idatzitakoak kalkatuz, ‘arantzaren’ erreferentziak kenduta besterik gabe.
Ez dakit zertan oinarrituta, hortik zehar zabaldu izan da Modesto Letamendiaren doinua Karmengo Amaren ereserkiarentzat sortua dela: Gaztelaniaz “Salve Maria, flor del Carmelo” (gaztelaniaz aurrenik) eta geroago euskaraz “Karmengo Ama maite-maitia” hasten denarentzat, alegia. Gaur egun entzun ahal da, entzun, kanta hori gaztelaniaz: Aragoiko Valorres herrian, adibidez, eta beste hainbat lekutan, Karmengo Amaren debozioarekin batera zabalduta. Eresbil-en (LET-01-R-02) bada partitura bat, titulu orokortzat “Cantos a la Sma. Virgen” daukana eta horren barruan “A la Virgen del Carmen. II”... Letamendia-ren izenean dago doinua, eta J. M. Díez Resina-k 4 ahotsetara jarrita. “Arantzazuko” ereserkiaren doinua da, beraz, baina hitzak aipaturiko “Salve María, flor del Carmelo” ereserkiarenak –urterik ez dakar partitura inprimatuak–.
Karmengo Amak badu bestelako gorazarrerik ere gaztelaniaz, testu eta doinu ezberdinekin. Haren gorazarrerik klasikoena antzinako latinezko eta gregorianozko “Flos Carmeli” da, izan, gero bestelako doinutan ere zabaldua. Horren ia zuzeneko itzulpena da euskarazko “Karmengo loria” edo “Karmengo gloria”, Azkuek bere kantutegian jasoa (CPV, 56/771, 881 or.), eta hainbat aldaera ezberdinetan entzuna omen zuena; horiek ez dute, ordea, zer ikusirik “Karmengo Ama maite-maitia” kantarekin, ez doinuan eta ez hitzetan.
Gorago esandakoetatik garbi dago, nire iritziz, J. I. Aranak idatzitako testuarentzat sortu zuela Letamendiak bere doinua, 1881eko iturrietan ikus daitekeenez: “Arantzazuko Ama Birjina” ereserkiarentzat, alegia. Hala ere, jarraitu egiten du nonbait nahasketak musikarien eta besteren artean. Gorago aipatua dut Josu Elberdinen pieza (Eresbil, E/ELB-01/b-46), Letamendiaren doinuaren moldaketa dena (Organo, txistu eta quinteto de metales); “Arantzazuko” darama titulutzat, baina azpi-titulutzat “(a la Virgen del Carmen)”. Izatez, “Arantzazuko Ama Birjina” kanta da, Aranaren euskarazko letra eta guzti... Baina horren gainean “Salve María, flor del Carmelo” erdarazko letra dauka idatzita... Arantzazuko Andre Mariaren eta Karmengoaren ereserkiak, beraz, partitura berean: euskaraz Arantzazukoa eta gaztelaniaz Karmengoa –eta biak kontentatzeko, titulua Arantzazukoarentzat eta azpititulua Karmengoarentzat–. Ez dakit gaztelaniazko testuarekin abestu eta jo izan duten Elberdinen pieza, baina bai “Arantzazuko Ama Birjina” euskarazkoarekin; izan ere, 2012ko Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan kantatu zuen Arantzazun Oñatiko Ganbara Abesbatzak; ekitaldiaren iragarpena honetara zegoen: “Himno de la Virgen de Aránzazu. Concierto en la basílica de Aránzazu, Gipuzkoa. 2012 09 08. Con Oñatiko Ganbara Abesbatza”.
Eta nahasketak jarraitu egiten duenez itxuraz, goazen bestelako argibideren batzuen bila. Hasteko, hiru testigutza edo iritzi. Bizente Aranburuk, bere Colección de cantos religiosos. Eliz abesti sorta liburuan (1947) bi kanta jaso zituen Karmengo Amari zuzenduak: “Virgen que siendo prez del Carmelo / Zeru goi-goitik Karmengo Amak”, V. Goikoetxearen musikarekin (331-332 or.) eta “Salve, María / flor del Carmelo” kanta –gaztelaniaz bakarrik–; azken honi, ordea, ez zion doinu apartekorik egokitu, eta “Arantzazuko Ama Birjina” kantaren doinura bidaltzen gaitu (ik. 332 or.). Hildo beretik, Auñamendi entziklopediak honetara dio, Modesto Letamendiaren biografia ematean: “Músico y compositor tolosano nacido en 1819, primer profesor de Eduardo Mocoroa en la Academia Municipal. Director en funciones de la Banda Municipal en tiempo de Gorriti. Autor del popular himno Arantzazuko Ama Birjiña...”. Ez du Karmengo Amaren ereserkiaren konturik aipatzen. Hirugarrenik, J. D. de Santa Teresa karmeldarraren Florilegio Musical Carmelitano liburuan (16-21 or.) Letamendiaren kantaren bi bertsio datoz, gaztelaniazko “Salve María, flor del Carmelo” eta euskarazko “Karmengo Ama maite-maitia” testuekin: Aurrenekoa bi ahotsetara estrofa, bigarrena lau ahotsetara estrofa. Lehenengoaren oin-oharrean honetara dio: “Melodía a la Virgen de Aránzazu, por Letamendía, popularizada en la Diócesis de Vitoria para las distintas advocaciones de la Santísima Virgen” (16. or.). Horra Karmeldarren iturriko zuzeneko aitorpena...
Aurreko datu eta berrien arabera neure hipotesiren batzuk eginak nituen, nahasketa argitze aldera, baina zuzenean egiaztatu ezinik. Luis Baraiazarra adiskide karmeldarraren eskutik etorri zait informazio guztiz jakingarria, nire hipotesiak egiaztatzeko eta arazo osoaren argibide erabakiortzat. Nire galderen berri jakinda, honako ohar luzea bidali zidan berak –mila esker!–:
“Aita Jose Domingoren Florilegio Musical Carmelitano izeneko liburutik eskaneatuta bidaltzen dizut kantu hau gaztelaniazko eta euskarazko letraz. Euskarazko letra hau gerra aurrekoa da eta ez da agertzen norena den. Gure artean estrofa Karmengo Amaren egunean eta jai handiren batean kantatzen da soilik; bestela hasierako letra bakarrik. Hasierako letra horretan «izan zakiguz ludi onetan»; gaur egunean «mundu honetan» kantatzen dugu.
A. Antonio Unzuetak egindako A. Jose Domingoren biografia laburrean dakarrenez, kantu honek latinezko “Salve Mater” du izenburua eta ohar luze samar hau dator: “Armonización de la melodía que Letamendía compuso para la Virgen de Aránzazu, popularizada en el Pais Vasco para las distintas advocaciones marianas. Letra castellana del P. Eufrasio del Niño Jesús OCD. Coro y estrofa a una voz. Esta armonización del P. José Domingo con la letra euskérica “Karmengo Ama”, apareció ya en la revista carmelitana “Karmengo Argia” 11 (1932). Ondorengo lerroan hau dator: “Salve Mater”, con la misma melodía y letras, pero la estrofa a cuatro voces iguales. La armonización del P. José Domingo fue adoptada por el Coro Franciscano de Aránzazu”.
Ezin argiago jartzen digu ohar horrek hemen dakargun kontu hau. Eufrasio del Niño Jesús karmeldarra Asturiasen jaio zen 1897 eta 1934an hil zuten Asturiaseko matxinadakoan. Beraz, eman dezakegu 1930 ingurukoa izan daitekeela beraren “Salve María, Flor del Carmelo” ereserkiaren testua, “Salve Mater” titulukoa. Hasieratik Letamendiaren “Arantzazuko” ereserkiaren doinua egokitu zion. Euskarazko testua gaineratuta – “Karmengo Ama maite-maitia”–, J. D. de Santa Teresa fraide karmeldarrak harmonizatu egin zuen kanta hori (ahotsetara jarriz, organoko laguntza eta guzti) –ezezaguna da nonbait euskarazko testuaren autorea–. Gero Arantzazuko fraideren batek Jose Domingoren pieza polifonikoa hartu, eta Aranaren “Arantzazuko Ama Birjina” ereserki-testua erantsi zion; eta horrela Arantzazuko koruaren kanta bihurtu zen, hainbat aldiz abestu izan duena.
Hona, beraz, Letamendiaren doinuak egindako bidea: 1. Zalantzarik gabe Aranaren “Arantzazuko Ama Birjina” ereserkiarentzat sortua (1881); 2. 1900an eta 1901ean “Andre Maria Begoñakoa” ereserki-testuei egokitua; 3. Askoz beranduago (1930 aldera) Eufrasio del Niño Jesús-en “Salve María, Flor del Carmelo” –eta horren itzulpena zen “Karmengo Ama maite-maitia”– testuari egokitua; 4. Ondoren, azken honentzako idatzitako harmonizazioa, J. D. Santa Teresa-rena, Arana–Letamendiaren jatorrizko testu-doinuei egokitua.
Izatez, eta gorago esanda geratu denez, Letamendiaren doinuak bazituen lehenagotik koruarentzako eta organorako bestelako harmonizazioak, Aranaren testuaren gain eginak: M. Burgès (~1920), J. J. N. Garmendia (1923), E. Azkarate (~1925). Arantzazuko koruak kantatuak zituen horiek, baina gerora J. D. de Santa Teresarena bihurtuko zen ezagunen eta klasikoen.
Bestelako abesti-testu zenbaiti ere egokitu izan diote Letamendiaren "Arantzazuko" doinua: ik. "Kontzezio" izenekoa (ZarMusArtx); P. Orkaiztegik bere "Zortziko haundia Maria Arantzazukoari" kantari esleitu zion.
Gaztelaniazko testua: “Himno a la Virgen de Aránzazu”
Ignacio Aberasturik gaztelaniazko testua idatzi zion kanta honi: “Himno a la Virgen de Aránzazu (Para la popular música de M. Letamendia)” dio gainean; eta honetara hasten da: “¡Salve, María, flor del Espino!”. 1929an Arantzazu aldizkarian argitaratu zuen (IX, 1929, 97. zenb., 167. or.), berak Letamendiaren Arantzazuko beste kanta batentzat sortutako testuarekin batera: “Agur, agur, agur, Maria” –honen erdarazko testua “Adios, adios, Virgen María”–.
Aldizkariak gogorarazten duenez, 1886an Andre Mariaren Koroaziokoan “Concursos literarios y juegos florales, composiciones musicales e himnos cuajaron en repertorios que aún hoy día están vivos como el que ofrecemos”. Dena dela, Aranaren “Arantzazuko Ama Birjina” 1881ekoa da.
Deigarria da Aberasturiren itzulpenaren hasierak Eufrasio del Niño Jesusek sorturiko Karmengo Amaren ereserkiaren hasierarekin duen kidetasuna: “Salve María, flor del Carmelo”. Baina Aberasturirena lehenagokoa dela uste dut.
Grabaketak
Arantzazuko kantetan harmonizatuena eta abestuena izateaz gain, grabatu ere, behin baino gehiagotan grabatu izan dute, gorago adierazi dudanez, bereziki J. D. de Santa Teresak harmonizatutakoa; azkenekoz ARAM, 18. kanta). F. Madinaren Arantzazu. Poema sinfoniko-korala kanta hori entonatuz amaitzen da. Azkenik Lausardi Koru Sinfonikoak grabatu zuen Letamendiaren kanta, J. D. de Santa Teresaren harmonizazioarekin, gorago seinalatu dudanez.
Azken berri zaharra
Azpeitian argitaraturiko (Imp. de Martínez e hijo, u. g.) orri baten alde banatan bi kanta ageri dira, arrazoiz Jose Ignazio Aranari egotziak, nahiz eta paper berean ez dakarren sinadurarik. Atzeko aldean Aranaren “Agur Jesusen Ama” dator, bere horretan; aurreko aldean berriz, “Ama Birjiñari” kanta, “Arantzazuko Ama Birjiña”-ren aldaera edo “auto-plagio” dena (leloa eta bi estrofa). Honetara da leloa:
Guztiz Garbiya zeran Bijiña
Zeruco Erreguin aundia,
quendu gugandik pecatu danac,
eman Jaunaren graciya.
Eta bide beretsutik jarraitzen dute bi estrofek: Arantzazukoaren oihartzun argikoak, baina Arantzazuri edo bertako sinboloei erreferentziarik gabe.