Testua: Felipe Arrese Beitia
Ama virgiña Aranzazucoaren imagiñ eta eleizaren condaira laburra, S. F. de E. gaztelaniaz izcribatua eta M.A.A. euscarara itzulia, Tolosa: E. López, 1881, 31-35 or.
F. Arrese ta Beitia, Idazlan guztiak (Itziar Urrutia, ed.), BFA / Otxandioko Udala, 1999: Aldizkarietan argitaratuak eta beste, 138-139 or.
Doinua:Musikatu gabea

Kantartea

Agur, Arantzan zauden
Ama ta Birjina,
gure euskal Herrian
zera Erregina.

Kantaldiak

  1. Euskal Herriak dauka
    Ama bat sendoa,
    zein zeran zu Birjina
    Arantzazukoa.

    Agur, etc.

  2. Zuregan daukalako
    beti esperantza,
    gaurdaino baten ere
    ez zaio izan hutsa.

    Agur, etc.

  3. Hargatik dago beti
    Zugana deadarrez,
    inoiz isildu gabe
    egun eta gabez.

    Agur, etc.

  4. Estutasun danetan,
    nun bilatu poza?
    begiratu ezikan,
    Ama, zuganuntza?

    Agur, etc.

  5. Zuregandik kanpora
    lurrean zer dago,
    negarra, suspiroa,
    lazeria baino?

    Agur, etc.

  6. Nunahi galdu-mendia,
    nunahi arriskua,
    eman zaguzu, Ama,
    zuk arren eskua.

    Agur, etc.

  7. Berari itsatsita
    ez dago beldurrik,
    alperrik infernua
    kontra da jaikirik.

    Agur, etc.

  8. Dana azpiratuta,
    dana puskatuta,
    dana utziko degu
    oinpean sartuta.

    Agur, etc.

  9. Antxinatik daukazu
    halaxen sartua,
    Luzifer danen buru
    haundituo [sic] harrua.

    Agur, etc.

  10. Alperrik orain dabil
    handik irten nahirik,
    baina izango zaizka
    indarrok alperrik.

    Agur, etc.

  11. Zergatik zure kontra
    ezin dezakean,
    infernuak garaitzik
    iritxi lurrean.

    Agur, etc.

  12. Zeradelako Jaunak
    halaxen egina,
    etsaiak menpetutzen
    izateko dina.

    Agur, etc.

  13. Guk ere hala, Ama,
    garaitu ditzagun,
    azken asnasa arte
    zakiguz Zu lagun.

    Agur, etc.

Aurrenik 1881ean argitaratu zuten kanta hau, goian iturritzat emandako liburuxkan: Ama Virgiña Aranzazucoaren... S. F. de E. (Silverio F. de Echeverriak) gaztelaniaz idatzia, M.A.A. (Manuel Antonio Antiak) euskaratu zuen. Azken honen eranskintzat gaineratu zituzten Felipe Arrese Beitiaren bi kanta: hemengo hau (31-35 or.) eta “Zoazte urruti gaur neregandic” (36-45 or.) –hau ere Arantzazuko A.M.-ri eskainia–.

Itziar Urrutia Zorrozuak Felipe Arrese Beitiaren idazlan guztien edizioan sartu zuen hemengo kanta hau, “Aldizkarietan argitaratuak eta beste. 1880-1905” sailean (ik. horren erreferentzia osoa gorago).

Zalantzarik gabe abesteko kantatzat idatzi zuen Arrese Beitiak; baina ez dut inon musikatuta aurkitu. Liburuxkako beraren bigarren testua, badirudi ez zuela musikatzeko idatzi, eta ADK liburu sail honetako V. tomoan aurki daiteke –Arantzazuko Olerkiak eta Olerkariak–.