Testua: Autore ezezaguna
Doinua: Ezezaguna
Eskuzko partitura (testua daktilografiatuta) (AranMusArtx, D 37) (ik. REA/JK, 77. or.)
– AAB: 183

Goazen Arantzazura
Mariarengana,
goazen bai eskaintzera
bihotz eder bana.

  1. Izar bat agertu da
    guztiz pozgarria,
    hara nola dagoan
    arantzan jarria.
    Poztu, bada, bai poztu,
    o Euskal Herria!
    Adi ezazu kontuz
    dakarren berria.

  2. Ikusirik zerutik
    gure miseriak
    pozkidatu nahi gaitu
    Birjina Mariak,
    pozturik, bada, justu
    ta pekatariak
    Arantzazura zuzen
    ditzagun begiak.

  3. Ilargia Zeruan
    duenak oinetan
    drist-drist egiten digu
    Aloña mendian.
    Bihotzean poza ta
    kantak mingainean,
    ondra dezagun Ama
    hau ahaleginean. 

  4. Noeren kutxatikan
    irten zan usua,
    atzera eramanaz
    berri paketsua,
    zu zera gaitz guztien
    sendagai osua,
    zu zera bai, Maria,
    Ama txit gozua. 

Arantzazuko Musika Artxiboan bada orria, “Goazen Arantzazura” titulua duena: partitura eskuz idatzita eta testu daktilografiatua. Ahots bakarreko kanta da. Leloa eta lau estrofa ditu. Jakin ez zein den autorea, ez testuarena eta ez doinuarena. Artxiboko partiturak ez dakar datarik; 1918kotzat jo dut hemen, baina lehenago idatzia eta musikatua ere izan daiteke.

Abesti-testu bera aurki daiteke REA/JK-ko 77. orrialdean ere, Zarauzko erromesaldirako ateratako esku-orrian: sarrera eta lehen estrofa bakarrik, ordea, eta doinurik gabe. Ezaguna da 1918an Arantzazuko Andre Maria Gipuzkoako zaindari izendatu zutenean, erromesaldi bereziak antolatu zituztela Gipuzkoako herrietatik, apiriletik irailera bitartean (ik. J.A. Lizarralde, HVSA, 481-495).

Datarik ez dakar esku-orriak, baina 1918kotzat jo dut; zaharragoa ezin izan, bertako lehen kanta, “Arantzazura”, urte horretakoa-edo delako. Gainera orri berean dago beste “Aurrera” izeneko kanta ere, “Gipuzkoako Zaindariari bezela kantatzeko”, azpian dioenez.


AAB: 183