Testua: Autore ezezaguna
REA/JK, 75. or.
Musika: Nemesio Otaño; Aita Donostia
V. Aramburu, Colección de cantos religiosos. Eliz Abesti sorta, 223-226 or.
Izar eder-eder
zoragarria,
zeru goian
zera Maria.
Goizeko izarra ez da hain ederra,
nola den, Ama, zure sorrera;
guztia ederra zera Maria,
sortzetik zera garbi-garbia.
Goizeko izarra guztiz argia,
garbi-garbia agertzen da;
bainan Maria, zure aldean
haren argia ilunabarra da.
Olerkiaren autorearen berririk ez dut. Nemesio Otañok ta A. Donostiak musikatu zuten. Bietakoren batena abestu zuten seguruenik Arrasateko erromesek beren 1918ko Arantzazuko erromesaldian; horretarako argitaraturiko diptikoan ageri da, doinurik gabe, Arantzazuko beste abesti-testu batzurekin batera –hemengo hau ez da zuzenean Arantzazuko A.M.-ri eskainia–.
1918an Arantzazuko Andre Maria Gipuzkoako zaindari izendatu zuten; hori zela eta, peregrinazio bereziak antolatu zituzten herrietatik apiriletik irailera bitartean (ik. J.A. Lizarralde, HVSA, 481-495 or.). Arrasate herriak uztailaren 7an izan zuen bere erromesaldia. Horietan abesteko kanten esku-orriak atera ohi zituzten batzuetan; Arrasatekoarena eta Zarauzkoarena REA/JK koadernoan dauzkagu jasota. Arantzazuko kanta ezagunekin batera, badaude beste batzuk, idazle eta musikari ezezagunekoak, batzuk Andre Mariarenak, baina ez zuzenean Arantzazukoarenak; hala ere, jaso egin ditut hemen jarraian.