Testua: Txomin Agirre
Musika: Jose Maria Beobide
Eskuzko partitura + ed. digitalekoa (AranMusArtx, D 23)
Eskuzko partitura (Eresbil, E-BEO-1-R-43)
– AAB: 062 –
Korua
Aloña mendiko euskal Erregina,
eguzkia bezin alai ta atsegina.
Andre samur eta guziz ahaltsua,
zein ederra zauden arantza honetan,
ta nola zabaltzen dezun basoetan
zeruko lorien usai gozua.
Estrofak
- Euskal Herri zintzoaren Ama,
zu zera, Maria.
Menditarren eskaria
zuri dijoakitzu.
Kupida zaite, ba, guzaz,
adi gaitzatzu errukiz;
gure malkoen samina
arren ezti zaiguzu, Ama. - Euskal Herriko zerutar zaindaria,
zure ardurape(a)n hartu, Maria,
zure semeak, euskaldun leialak,
zaindu gaitzatzu, Ama maitea. - Bildu gaitzatzu zure babesean,
atsegin gaitezen zure itzalpean.
Zuregana gatoz, zuri agur egitera.
Agur, Maria, agur, Ama. - Entzun ezazu gure eskaria
entzun, bai entzun;
atsekabe gogorrez beteta gaude.
Alaitu gaitzatzu, ene Ama,
alaitu gaitzatzu.
Arantzazuko Musika Artxiboko eta Eresbilgo partitura ezberdinetan ageri zaigu kanta hau (AranMusArtx, D 23 –bi partitura, inprimatua eta eskuzkoa– eta Eresbil, E/BEO-01/R-38 eta E/BEO-01/R-43); Arantzazu aldizkariak testua bakarrik argitaratu zuen (XLV, 1966, 445. zenb., 378-2. or.), gero Karmel aldizkariak ere jaso zuena (1995-4: «Txomin Agirreren heriotzaren 75. urtean, bere olerki guztien bilduma», 118. or.). “Aloña mendi” titulua daramate partiturek. Arantzazu eta Karmel aldizkarietan “Arantzazuko Amari” titulua du.
Oin-oharretan adierazitako testu-aldaera edo aukerez gain, beste aldaera bat dago bereziki adierazgarria. Hain zuzen ere, kantaren hasierak bi forma ditu Arantzazuko bi partituretan: a) Inprimatuak hasierakoa eta lehen estrofa bakarrik dakartza musikatuta –azken hau tiple eta organorako–, eta hasierakoa goian jasotako forman dago; b) eskuzkoan, berriz, beste honetara ere ageri da kantaren hasiera: “Zu zera gure Ama, zu gure Erregiña”; era berean, hirugarren lerroan beste aldaera bat gaineratzen dio eskuzko partiturak, eta “arantza onetan” hitzen azpian “aldare onetan” dago idatzita; gainera bi estrofak dakartza musikatuta –bigarrena lau ahotsetara–. Eresbilgo E/BEO-01/R-38 Arantzazuko eskuzkoaren kopiarekin berdina da. E/BEO-01/R-43, ordea, aski bestelakoa da kantaren distribuzioaren aldetik (Solos/Co/S/A/T/B/órg).
Txomin Agirreren jatorrizko testua ez dut aurkitu. Baina partitura guztietan aurkitzen dugun tituluari begiratuta, jatorriz Arantzazuko kanta izan zela uste dut, eta gero Andre Mariari edozein lekutan abesteko egokitu zutela, Aloña mendiaren eta arantzaren erreferentziak kenduz, eta goian aipatutako “Zu zera gure Ama, zu gure erregina” idatziz hasieran, eta “aldare (h)orretan” idatziz, “arantza (h)onetan (horretan)” jarri beharrean.