Testua: Autore ezezaguna
Doinua: Herri-doinua (“Markesaren alaba”)
Matzelino Idoiaga, Arantzazuko Amari..., 15. kanta, 22. or.
– AAB: 123-124, 235 –
- Arantzazun berri bat agiri da goitik,
Birjin Amaren deia arantza gainetik,
zergaitikan, Amatxo, negarrez oraindik
ta amak erantzuten du ez da arantzagaitik,
maite ez nautelako gizonak oraindik. - Badijoaz gizonak Birjinarengana,
ezkeintzera bihotzez oparitxo bana.
Birjinak esan die, eskerrikan asko,
oparitxoak baino bihotzak nahiago,
baina opariak baino bihotzak nahiago. - Zabaldu bai gizonak munduan barrena
maitetasuna dala eskeintzik onena.
Ez dula Ama Birjinak ez nahi beste pozik,
bihotzen maitasuna, maitasuna baizik;
hauxe Ama Birjinak diguna arantzatik.
Arantzazuko kanta hau “Eskeintza onena” tituluko eta “Belengo berri ona” hasten den Gabon-kantaren plagio txarrra besterik ez da, “Markesaren alaba” doinu ederrari erantsita. Plagio eta guzti, ordea, bere historiatxoa izan du Arantzazun.
Abesti-testuaren hiru bertsioen historia egin nahita, honela izan dela uste dut: a) Lehen aldaera: Arantzazuko Musika Artxiboan bada partitura solte bat (D 37 kaxakoa), besteren baten notazio digitala izan behar duena. Hiru ahapaldiko testua da, partitura eta guzti; bertako hirugarren ahapaldia oso traketsa da: gaiaren aldetik bigarrenaren errepikapena da nolabait, traketsa bertso-neurrien aldetik; eta azken lerroa azkenaurrekoaren errepika hutsa bihurtu du, bai bigarren ahapaldian eta bai hirugarrenean, aurrenekoan ez bezala; b) Bigarren aldaera: “Arantzazukoak” sortakoa izan daiteke, partitura barruan bi ahapaldi bakarrik jasotzen dituena, sortako gehienek bezala; baina gainera bigarren ahapaldiko azken bi lerroak nolabait finduta daude –“baña opariak baño biotzak naiago / oparitxoak baño biotzak naiago”–, errepikapen soila kenduz; doinu aldetik ere aurrekoaren ”okerrak” zuzenduta-edo daude hemen; c) Hirugarren aldaera (hemengo hau): Martzelino Idoiagak organoko laguntza ipini zion kantari; partituraren barruan eta azpian hiru ahapaldiko testua jaso zuen; ezagutzen du berak jatorrizkoa (bi ahapaldikoa) eta bere lehen bi ahapaldiak handik hartzen ditu zuzenean, baina bigarren ahapaldiaren azken lerroa aurrekoaren errepikapentzat hartzen du eta berriro idatzi gabe, azken aurrekoari ‘(bis)’ erantsiz konpontzen du; hirugarren ahapaldiaren bigarren partea zuzenduta dago neurrien aldetik, eta finduta estiloaren aldetik.
Zeinena ote da pieza hau? 1949-1950 inguruko Arantzazuko Teologiako ikasleen arteko mugimendu “poetiko-musikalaren” (“1949ko belaunaldia” deitu dudanekoaren) girokoa izan daiteke. J. M. Ibarbiaren izeneko Arantzazukoak kanta sorta 1949-1951 ingurukotzat jo daiteke –horko bigarren kanta da “Arantzazun berri bat”–, eta bertako beste zenbait ere giro horretan sorturikoak dira, J. M. Garaialdek idatzitako biak, adibidez: “Txoko goxo, Arantzazu” eta “Oi Arantzazu” (AAB: 245 eta 248).
ADK liburu sail honetako lehen liburukian ikus daiteke Arantzazuko gazteen belaunaldi literario-musikal horri buruzko berri gehiago. Horren barruan sorturiko abesti-testuak hemen ondoren doaz. Denei 1950.eneko data esleitu diet.