Testua: [Hondarribiako kaputxinoa]
Testu daktilografiatua (AranLitArtx: BPR, 16-002)
Doinua: Felipe Gorriti: “Agur Jesusen Ama”

  1. Arantzazuko Amak
    laguntza behar du;
    ondo eraikitzeko
    bere Arantzazu.
    Behartsuak ardita,
    aberatsak duru,
    Gipuzkoar guziak
    emango diogu.

  2. Aupa, ba, euskaldunak,
    beti fededunak,
    ireki zuen kutxak,
    zabaldu eskuak;
    eman, ixuri ibaika
    zuen laurlekuak;
    bete ondo, mukuru,
    Amaren eskuak.

  3. Negarrez gure herrian
    amandre on hutsa...
    pekatuak ugari,
    ogia eskasa...
    gizonak lanik gabe,
    sukaldea hotza...
    hobeki litzaiguke
    laster heriotza.

  4. Atozte, kristau onak,
    Mariarengana,
    guk daukagun guzia
    Berak da emana.
    Ekartzue eskuetan
    danak harri bana.
    Gora zeru ta lurran
    Euskaldunen Ama!

    19-otsaila-1952

Hiru paper puska daude Arantzazuko Artxiboan, dirudienez Hondarribiako fraide kaputxinoren batek idatziak, honako titulua edo testu-hasierak dituztenak: a) Maitasuna, b) Agur, Jesus'en Ama, c) Arantzazu'ko Amak. Hiruretako bertsoren bat edo beste nahasita-edo daude, eta errepikatuta beste paper-pusketetan. Neure aldetik bost sortatan banatu ditut horietako bertsoak:

1. Maitasuna: “Amor es Jesucristo”... eta horren euskarazko baliokidetzat--edo dagoen “Maitasuna da gure” (2 bertso).

2. “Arantzazuko Amak” hasten dena (4 bertso): hemengo hau.

3. “Agur, Jesusen Ama” tituluaren azpiko bertsoak (8 bertso).

4. “Stabat Mater dolorosa” tituluko bertsoak (2 bertso).

5. “Adeste fideles” tituluko bertsoa, bakarra –badirudi kanta honetan bertso gehiago zirela, baina galduta dago nonbait bigarren papera–.

Hemengo hau izan ezik, besteak ez dira Arantzazuri buruzkoak.

Artxiboko paper daktilografiatuaren oinean Felipe Gorritiren “Agur, Jesusen Ama” doinuarekin kantatzekoa dela dago adierazita eskuz.

Nabaria denez, Arantzazuko basilika berria eraikitzeko diru-eskearen kanpainaren barruko kanta da hemengo hau. Uste dudanez, Arantzazun bertan behintzat ez dute inoiz abestu.