Testua: Ignazio Omaetxebarria
Bi doinuak: Herri-doinuak
M4S, 7. or. (ik. OSJ-3, 51. or.)
Harmonizazioa: Joan Jose Ndad. Garmendia; Leonardo Zelaia
AranMusArtcx, B-8-10-6
– AAB: 065-066, 109-110, 143-144

 Korua

Arantzazu aldean
izar bat da ageri:
Infernurantz egin du
sugeak ihesi;
arantzatik txilin bat
berez ari da dilindari...
Jesus haurtxoarekin
dago Andra Mari.

Estrofak

  1. Hementxen nauzu, Ama,
    maiten-maiten hori,
    zu ikusi ta ikustera
    hemen naiz etorri.
    Izar distiratzaile,
    eder zoragarri,
    errukiz samurtuak
    dituzu begi bi.

  2. Arantzartean zaude,
    arantza gaberik;
    arantzartean nabil,
    arantzaz beterik:
    Nere negar-bizitzaz
    izan zaite erruki;
    arantzan zauden horrek
    lagun, Ama, neri.

  3. Hutseginak aitortu
    zintzo damuturik,
    ta aingeruen ogia
    hartu nahi det egin.
    Euskaldun zaharrakandik
    hauxe dut ikasi;
    euskal ohitura zaharrak
    ez ditut nahi utzi.

R. M. Azkueren “Arantzazu aldean” kantatik abiatuz, testu berria sortu zuen I. Omaetxebarriak (1928), 19 urte zituelarik. Arantzazuko sinboloen sintesia da kanta: izarra, sugea, elorria (arantza), txilina, eta Andre Maria Haurrarekin, jakina. Koruarentzat Azkueren beraren doinu herritarra aukeratu zuen (CPV, IX, 17-732 zenb., 851-852 or.; G2T. 86. or., 3. kanta); estrofentzako, berriz, badirudi “Rodrigo Baltzategi” hasten den balada-aldaeretako batetik hartu zuela (ik. G2T, 86. or., 1. kanta) edo “Nere Ama Birjiña” hasten den aldaeretako batetik (REA/JK, XXV. doinua, 68. or.). Ondoren Leonardo Zelaiak harmonizatu egin zuen kanta (4 v. mix. eta org.); euskarazko eta gaztelaniazko testuak sartuz (Leonardo Celaya, Arantzazu-aldean. Reina del Aloña, Bilbao: Impresos musicales Ordorica, u.g.). Bertsio horretan kantatu izan du euskaraz Arantzazuko koruak: Koruarena eta bigarren estrofa gehienbat. OKA-k ere bi horiek jaso zituen.

Badirudi Omaetxebarriak bi aldaera idatzi zituela aldi berean, aukera bi emanez edo: M4S-tik hemen jaso dudana eta Omaetxebarria beraren OSJ-3 sortako 51. orrialdean ageri dena. Batak eta besteak data berbera daramate: “14-II-1928”. Bien arteko funtsezko ezberdintasuna honetan datza: Mitxelenaren (M4S, 7. or.) kopian estrofetako aditza lehen pertsona singularrekoan –nika– dago: ementxen nauzu – naiz etorri – arantzartean nabil – nere negar – lagun, Ama, neri – nai det – dut ikasi – ez ditut nai utzi; Omaetxebarriaren OSJ-3 kopian, berriz, lehen pertsona pluralekoan –guka–: emen gaituzu – gatzaizkizu etorri – arantzartean gabiltz – lagun, Ama, guri – gure asabengandik – guk ikasi – sendo nai guk eutsi.

Ezberdintasun nagusi horretaz at, 2. estrofa berdintsu dago bi kopietan, azken bi lerroak izan ezik: “Illun naizen guztian / egidazu argi” (M4S) – “Arantzan zauden orrek / lagun, Ama, neri” (OSJ-3). 1. eta 3. estrofak, berriz, aski ezberdinak dira bi aldaeratan; hona hemen OSJ-3 sortakoak:

1 Emen gaituzu pozez,
Ama maiten ori;
zu ikusi ta ikustera
gatzaizkizu etorri.
Izar distiratzaile
eder zoragarri,
errukiz xamur xamur
dituzu begi bi.

3 Pekatuak aitortu
goi-damuz zintzoki,
artu anima garbiz
aingeruen ogi;
gure asabengandik
auxe guk ikasi;
euskal-oitura zarrai
sendo nai guk eutsi.

Mitxelenaren kopiako aldaera aukeratu zuten funtsean Arantzazuko koruak eta doinuaren harmonizatzaileek; aldaketaren batzuk eginez, ordea, 1933tik aurrera behintzat: a) Leloko 3. lerroa “inpernurantz amilka” –kopia bietan berdin zegoena–, “inpernurantz egin du” bihurtu zen; b) Bigarren estrofako lehen bi puntuak ordenaz trukatu egin zituzten, oin-oharrean adierazi dudanez; c) Bigarren estrofako azken bi lerroak, OSJ-3 sortako aldaeratik hartu zituzten: “Arantzan zauden horrek / lagun, Ama, neri”.

Berehalakoan arrakasta handia izan zuen “Arantzazu aldean” abestiak. 1930eko Cánticos para las funciones mensuales de San Antonio, Ntra. Sra. de Aránzazu, la Purísima y nuestro seráfico Padre San Francisco liburuxkan lekua eman zioten –abesti horrixe bakarrik, Arantzazukoen artean–: Leloa eta lehen bi estrofak, M4S-tik hartuta, geroko aldaketak egin aurretik.

Joan Jose Ndad. Garmendiak korurako bi moldaketa egin zituen (6 ahots mixto eta organoa): a) Leloa eta 1. eta 2. estrofak (aldaketak egin aurretik) (ik. AAB: 066); b) Leloa eta 2. estrofa (aldaketak eginda) (ik. AAB: 065); gaztelaniazko testu eta guzti, argitaratu zuen: Arantzazu aldean. Reina del Aloña, Barcelona: Lit. de Impresión de Música de Joaquín Mora, 1933, 6 or.

Geroagokoa da L. Zelaiaren harmonizazioa (korua, ahots bat eta organoa): Arantzazu-aldean. Reina de Aloña (Bilbao: Talleres Ordorika, 1947) (ik. AAB: 110); berau izan da ezagunena eta abestuena Arantzazun. Leloa eta 2. estrofa aukeratu zituen, gaztelaniazko testu eta guzti. Beste harmonizazio bat ere egin zuen Zelaiak; Eresbilen dago eskuizkribua (A421/429) (ik AAB: 109).

Askoz geroago, Gotzon Aulestiak 2. estrofaren doinuaren harmonizazioa landu zuen. Titulua: “Arantza artean zaude” (Eresbil, e/AUL-01/d-01).

Juan Carlos Irizarrek bere Arantzazu pieza instrumentalean sartu zuen kanta honen doinua, bere erara harmonizatuta (ik. Natura CDa, 2004, 9. pieza). –Zelaia eta Zabala-ren abizenak nahastuta edo, bigarrenari egotzi zion bertan doinuaren autoretza–.


 AAB: 065-066

 AAB: 109-110

 AAB: 143-144