Testua: Autore ezezaguna; Salbatore Mitxelena
J. Olhagarai, Arantzeko Ama Birjina eta Ainhoko kapera, Bayonne: Imprimerie de La Presse, 1933, 15. or.
(Ik. Arantzazu, XLII, 1961, 402. zenb., 328. or.)
Doinua: Herri-doinua

Begira zazu, maria
Ainhoa zure herria.

  1. Zu zare zu, o Maria,
    sokorri miragarria,
    girixtinoen argia,
    oi izar maitagarria.
    Bai, zuri gure begia
    beha dago atzarria. 
  1. Arantzazuko Birjina,
    Ainhoa zaintzen duzuna;
    ametan zu samurrena.
    zure haurren zoriona.
    Zaituguno maitatuko
    ez zauku deus faltatuko.

Jakin ez, noizkoa den: 1933an abestua eta ezaguna zen Lapurdiko ainhoarren artean. Goian aipaturiko Olhagarairen liburuxkan dago jasota abesti hau, Harrazpi-k sinatutako “Andre Maria Arantzekoari” titulua duen bertso sortaren ondoren.

Abesti-testu hau Arantzazuko fraideren batek jaso zuen Arantzazu aldizkarian, Ainhoarrek Pentekoste biharamunean Arantzeko Andre Mariaren ermitara egiten duten erromesaldian parte hartu ondoren idatzitako oroitzapen--idazkiaren barruan; ainhoarrek abesten zutela ziurtatzen du. Hasierako lelorik gabe dator, eta bi ahapaldiak ordenaz trukatuta. Idazlan beraren barruan jaso zituen artikulugileak Salbatore Mitxelenak bere Poema-n Ainhoari eskainitako bi ahapaldi ere (AEP-2, 222. or.):

Aunitz esker! aho batez
esatera Zuri ahuspez
pozik joango Zugana... Baina
      Bidasoa tartez...
Halare Zu gurtu nahiez,
Arantzeko Ama izenez
kaperatxo bat Ainho gainean
      badizugu ordez.

Han dago txuri-txuria,
mendi gainean jaikia,
Laburdi dana mende duela,
      kapera argia.
Bere oinetan barreia,
herrixka-artalde ugaria
bazka gozotan, artzain duela
      Ama Zaindaria.

Izatez, Mitxelenak bere Poema-n epigrafe osoa (hiru orrialdekoa) eskaini zion Ainhoako ermitari: “Ainho'ko kapera, elizatxoa” (AEP-2, 223-235 or.). Goiko bi ahapaldiez gain beste hiru ere baditu bereak; eta Harrazpiren bost bertso ere jaso zituen.