Testua: Anonimoa
Musika: Jose Maria Arregi
Eskuzko partitura (testu daktilografiatua) (AranMusArtx, D 16)
– AAB: 056

Bene-benetan maite zaitugun
Ama Birjina Maria,
gorde zuk beti fede garbian
zure Euskaldun Herria.

  1. Arantzazuko Birjina eder,
    Ama gozo txit laztana,
    Arantzazutik Euskal Herriko
    kontu hartzaile zaudena.
    Hementxe gatoz gaur euskaldunak
    alkar harturik zugana,
    amoriozko begiratu bat
    eman dezazun gugana.

    Bene-benetan....

  2. Gipuzkoarrak hartu zaitugu
    geron zaindari izateko,
    Aita Santuak nonbratu zaitu
    gure patronatzarako.
    Gipuztar danok pozikan gaude
    zure esanera egoteko
    ahal danik gehien zure izena
    goratu ta ondratzeko.

    Bene-benetan...

  3. Aginte danak zureak dira
    zeruan eta lurrean,
    Satanas eta bereak ere
    zuk daukazkitzu mendean,
    hartu gaitzazu, arren! betiko
    gu zure anparu pean,
    guzti-guztiok bizi gaitezen
    Jesus onaren legean.

    Bene-benetan...

1918an, Arantzazuko Andre Maria Gipuzkoako zaindari izendatu zuteneko kanta dirudi honek, batez ere bigarren estrofari begiratuta. Baina ez dirudi, Zaindari berriaren ereserki edo gorazarre ofizialtzat sortua denik.

Testuaren autorearen berririk ez dut inon aurkitu. Arantzazuko Musika Artxiboko partiturak ez dakar inolako indikazioarik, ez testuaren eta ez musikaren autoreenik. Baina bertako katalogoak Jose Mari Arregiri esleitzen dio doinuaren autoretza; ahots bakarreko kanta da.

Artxibo berean beste eskuzko partitura bat bada, Jesusen Bihotzari (“Al Corazón de Jesús”) eskainitako bestelako kantarekin batera, paper berean: “A la Virgen de Aránzazu” du titulua gureak, eta hemengo leloarekin batera lehen ahapaldia jaso zuen. Musika aldetik badu honek aldaera txikirik daktilografiatuarekiko.


AAB: 056