Testua: Felipe Arrese Beitia
Eskuzko partitura (AranMusArtx, D 32)
(AranLitArtx: BPR, 15-035)
Musika: Jose Ignazio Aldalur
– AAB: 025 –
Izango dira munduan asko
jatorriz herri garbiak,
baina horretan ez dira azken
behinik behin euskal herriak,
nun zuzterrikan ez duten hartu
kanpotik sartu berriak,
etorri arren erromatar, nahiz
moroen talde haundiak.
Felipe Arrese Beitiaren “Ama Birjina Arantzazukoaren kondaira zortziko haundietan” bertso sorta luzearen lehen bertsoa da hemengo hau; osorik ikus daiteke ADK liburu sail honetako IV. liburukian: Arantzazu bertso berritan. (1881ean argitaratu zuten AVAC abesti-liburuan, 3-26 or.). Arantzazuko Literatur Artxiboan ere aurki daiteke horren jatorrizko testua, eskuz idatzia (ik. goian horren erreferentzia). –Arantzazuko Musika Artxiboko Aldalurren kantaren partituran ez da ageri hitzen autorearen izenik–.
Jose Ignazio Aldalur azkoitiarrak (1829-1890) konposatu zuen zortziko laburra; uste izatekoa da 1881ean Arantzazuko ospakizun eta erromesaldietarako idatzi zuela bere pieza. Izan ere, musikari azkoitiarrak protagonismo berezia izan zuen urte hartako elizkizunetan, koruaren zuzendari eta organista moduan; kanta hau ere abestu izan zuten nonbait, artxiboko partitxelek aditzera ematen dutenez. Era berean 1886an, Andre Mariaren koroaziokoan, autore beraren “Letanía lauretana” eta “Te Deum” abestu zituzten.
Ez dakit zein harreman zuen Jose Ignazio Aldalurrek, bera hil ondoren (1894) Azkoitiko parrokoa zen Pedro Aldalur euskaltzalearekin.