Testua: Erraimunda Errenderia
Gipuzkoarra, 6 (1912, 262 zenb.) 3. or.
Musika: Alfontso Ugarte // Tomas Maria Elduaien
– AAB: 053, 060-061 –
Horra hor Arantzazun,
horra Ama garbia;
horra begiz begira
gure zaindaria.
- Guda gogorra alde guztitik
hondatu nahirik gure herria...
Begira bertan, ama onena,
Euzkadi dena eroria! - Iparraldetik hotzak jotzen du
ta usteltzen gaitu hego txarrak.
Miren Garbia, aldendu min-gaitz,
erauntsi-ekaitz hego-iparrak. - Neke-arantzez bete-betia
Euzko Herria da arantzatsu...
Arantzazura, Amatxo maite
kutun horixe betorkigu. - Ama heldu-ta arantza-sasira,
loratzen dira arantz denak...
Erdu, Neskutza, herri honera
guri kentzera gaitz-hobenak. - Indarrez degu guk aintzatuko
Arantzazuko Miren hori:
Aupa luditik ortze-ondora!
Gora ta gora beti-beti!!
Erraimunda Errenderia (1881-1916), bataioz Jose Ramon Astibia, kaputxinoa, euskal olerkaria izan zen. Beraren konposizioak Olerkiak liburuan bildu zituzten (1935). Lizarran bizi izan zen urtetan, eta han ezagutu zuen zalantzarik gabe Alfontso Ugarte musikaria, bere testua musikatu zuena (AAB: 053), 1902tik aurrera Lizarran bizi izan zena berau ere, San Pedro elizako organista aurrenik eta gero San Joan Bataiatzailearenekoa.
1912an argitaratu zuen hemengo abesti-testu hau Gipuzkoarra aldizkarian: “Arantzazuko Miren Garbiyari Obertikiya”. Agian Ugarte musikariak eskatuta idatzi zuen, urte berekoa baitu horrek bere “Cántico a la Virgen de Aránzazu”, “Orra or Arantzazun” hasten dena euskarazko testuan (Eresbil: E/UGA-03/R-33). Errenderiaren olerkiko leloa eta hiru estrofa (1.a, 4.a eta 5.a) aukeratu zituen Ugartek bere konposiziorako (3 ahots eta org.). Ugarteren kantak badu gaztelaniazko testua ere, baina ez da Andre Mariari buruzkoa, Jesusen Bihotzaren kanta baino. Eresbilgo partituran kantaren euskarazko testuaren azpian dago idatzita erdarazko testu hori, doinuari aplikatuta.
Gipuzkoarra-ko edizioaren oinean zera dio autoreak: “Abertikiya au Arantzazun abeztutzen da”. Eta kanta-partituraren titulu-azpian zera dago idatzita: “Obra escrita para el solemne Novenario que se celebra en el Santuario de Arántzatzu por el mes de Septiembre (Estella, año 1912)”. Urte horretan abestu zutenik ez dakit, baina 1924ko A.M.-ren bederatziurreneko programan bai, ageri da Errenderia–Ugarteren kanta. Hala ere, Arantzazuko Musika Artxiboan ez dut aurkitu ahal izan, autore beraren beste bi kantika badauden arren: Jesusen Bihotzari eskainia bata, eta San Frantzisko Asiskoari eskainia bestea. Ugarte beraren Meza ere abestu zuen Arantzazuko koruak 1943ko bederatziurrenean.
Erraimunda Errenderiaren estrofak baliatu zituen A. Elduaien musikari kaputxinoak ere bere bi pieza esberdin, biak Arantzazuri buruzkoak, konposatzeko: “Arantzazuko Amari” izenekoak. Baina horietako estrofa gehienak ez daude Gipuzkoarra aldizkarian. Agian abesti-testu luzeagoa zen Errenderiaren jatorrizkoa, eta Gipuzkoarra aldizkarian parte bat bakarrik argitaratu zuen; eta beste partea Zeruko Argia aldizkarian askoz beranduago, doinu eta guzti (1935, 201 zk., 136-137 or.). (Ik. tomo honetan bertan Tomas M. Elduaienen abesti-testuak, 1935an datatuta).