Testua: Salbatore Mitxelena; Jose A. Gandarias (?)
AEP-2, 139 +143
Doinua: Herri-doinua (Mitxelenak moldatua)
AEP-2, 248, 8. doinua
Organoko laguntza: Jose Antonio Gandarias (?)
– AAB: 233 –
- Errodrigotxo Baltzategiko
ermitatxo bat eidazu,
ermitatxo bat eidazu eta
nerea izango zera zu. - Nik zainduko 'tut zure ardiak
belate garbi batean,
belate garbi batean eta,
elorri honen aldean. - Nik heriotza hartu behar det
Kalbarioko mendian.
Kalbarioko mendian eta,
gurutze gogor batean.
–––––––––––––– - Negarrez dauzkat
Samin garratzak leherturik!
Banoakizu, o Euskal Herri,
banoakizu mindurik. - Ibar pozgarri, mendi jatorrak,
agur baserri-kabia!
Nere bihotza hemen utzirik,
negarrez noa, maitia!
Kanta honen lehen hiru ahapaldiak Mitxelenaren Arantzazu. Euskal Poema-ko “Gau-bijilia” kapitulutik hartuta daude. Aktore ezberdinek hartzen dute parte gaubeiletan –“gau-bijilietan”, Mitxelenaren hitza erabiliz–, beren kantuz, eta txandakatuz: bakarlariak, “gau-emaleek”, denek. Jasotako ahapaldiak gau-emaleentzakoak dira; honako orrialdeetan daude urrenez urren: 139, 139, 143.
Azken bi ahapaldiak ez ditut ez Mitxelenaren Poema-n ez beste inon argitaratuta aurkitu; partituraren azkenean daude eskuz idatzita. Uste izatekoa da, Jose Antonio Gandariasek berak gehituak direla, Mitxelenaren hurbileko, adiskide eta miresle izateaz gain, bere aldetik ere aski trebea zelako musikan eta literaturan. Bertsoen neurrian aurrekoenari atxiki zitzaion; gaiaren aldetik, ordea, lehen hiru ahapaldietatik aldendu egiten dira azken biak.
Kantaren doinua ere gau-emaleen ahapaldietarako dago pentsatuta; liburu berean emandako doinu-bildumako 8.a da (AEP-2, 249. or.). Norbaitek organoko laguntza gaineratu zion. Eta partitura osoa Jose Antonio Gandariasen artxiboan agertua da; zalantzarik gabe, berak kopiatua da. Baina ez dakar harmonizatzailearen izenik. Gandariasek berak egina ote? Ala Martzelino Idoiagak, adibidez, horrelako besterik ere konposatu baitzuen? Baina Arantzazuko Musika Artxiboan ez zegoen partitura hau, berriki bertaratu arte.