Testua: Salbatore Mitxelena
OKA-1969, 22-23 or.
Doinua: Herri-doinua 
AEP-2, 10. kanta, 250. or.; OKA-1969, 9. kanta, 22. or. 
– AAB: 125, 180, 200, 221, 246, 264; 240

  1. Iturriak badaki
    kainabera nun den;
    Andra Marik ere bai
    gaixorik non duen.
    Haietxen etxez etxe
    gauero da ibiltzen,
    hegatan airez aire
    eriak sendatzen.

  2. Ilargia ez bezin
    ixil eta zuzen,
    lo dagon gaixoari
    zaio urreratzen;
    bere eskuz zapi batez
    izerdi hotza ken,
    ta pa emanaz dio
    osasuna pizten.

  3. Ta han doa berriz ere,
    berriz aldez alde,
    beste gaixoengana,
    danen sendagile.
    Ez, baina, bakoitzari
    agur egin gabe,
    esanaz: “Gabon, seme,
    ta beste bat arte”. 

  4. Euskal Herri osoko
    elbarri ta eri,
    galde beharrik gabe,
    bat-bana dakizki.
    Halako probintzian,
    lau, beste hartan bi.
    Guzien ohetara
    dabil hegalari.

  5. Fededun Euskal Herri,
    egizu lo lasai.
    Ez izan bildurrikan
    kezkadun amesai.
    Andre Mari baitabil
    zure loaren zain.
    Haretxen esku utzi
    dana; ta lo orain.

  6. Aingeruen kanta da
    Angelus jotzean:
    “Gloria zeruetan
    pakea lurrean.
    Birjin hegaztiaren
    hego-babesean
    lo dagin Herriari...
    pakea lurrean”. 

Bere Poema-ko “Ama zaindaria” izeneko kapituluaren lehen ataleko gaia baliatu zuen Mitxelenak kanta hau osatzeko (ik. AEP-2, 201-205 or.); baina, funtsean hango ahapaldiak erabilita ere, aski birmoldatu zituen OKA-ko kantarako; eta hemengo bosgarrena, adibidez, berria da, OKA-rako sorturikoa nonbait.

Martzelino Idoiagak bere Cantos religiosos bilduman (II. t., 64. kanta) jaso zuen abesti hau, bere aldetik organorako harmonizatuta. Hiru estrofako testua du bertan: hemengo lehen biak; hirugarrena, berriz, hemen ageri ez dena, baina AEP-en aurki daitekeena, “Gurutz-bidea” kapituluko lehen ahapaldia.

Gurutz bidea dago
Arantzazurako,
hantxe baitegu
gure euskal kalbario.
Gurutzez eta katez
hara behar da igo.
Hala zuten ohitura
asabak lehenago.

Nolatan ez dago OKA liburuxkan Mitxelenak berak jasota, eta bai Idoiagaren bilduman? Uste izatekoa da 1950-1952 urteetan Arantzazuko teologiako ikasleen eskuetan zebilela kanta hau, hirugarren ahapaldi hori eta guzti.

Doinua, berriz, Poema-ko atal horretarako iradokita dagoena (AEP-2, 10. kanta, 250. or.) baliatu zuen Mitxelenak OKA-rako ere. M. Idoiagak organoko laguntza gaineratu zion (OKA/Id, 9. kanta; AAB: 264). Arantzazukoak sortan bi alditan ageri da kanta hau, “Iturria” tituluarekin, bakoitzean doinu banarekin, eta duoan kantatzeko eratuta: “Arantzazu aldean” doinuarekin (7. kanta) –OKA-ko 1. eta 4. ahapaldiak, azken hau aldaera txikitxo batekin– eta OKA-ko doinuarekin (13. kanta) –1. eta 6. ahapaldiak, azken hau aldaera txiki batekin–. Felix Ibarrondok 4 ahotsetara harmonizatu zuen doinua.


AAB: 125

AAB: 180

AAB: 200

AAB: 221

AAB: 246

AAB: 264

AAB: 240