(Ave maris stella, euskaraz)
Jatorrizko testua: Liturgiako latinezkoa
Itzulpena: Jose Ignazio Arana
AVAC, 41-42 or.
- Agur, itsasoko izar,
Ama Jainkozkoa!
Beti-beti Birjina
ta ate zerukoa! - Harturik Gabrielen
agur-on maiteak,
pakez sendo gaitzatzu
Ebaren umeak. - Askatu pekatutik;
argitu begiak;
kendu gaitzak; eskatu
on guzti-guztiak. - Amatzat ager zaitez:
har bitza erreguak
zugandik jaio zaigun
Seme Jaungoikuak. - Birjin paregabea,
garbi ta otxan zera;
kulpak kendu, ta iguzu
garbitasun bera. - Bizi gaitezen garbi
bide seguruan,
Jesus ikusi arte
betiko zeruan. - Ondra Aita, Seme ta Jaun
Espirituari;
onore bat-berbera
hiru pertsonai.
Halaxe izan bedi.
Kanta honek ez luke egon behar hemen, Arantzazuri buruzkoa ez delako, eta Arantzazun abestu ere egin ez dutelako, latinez ez bada. Salbuespen moduan sartu dut, seguruenik Arantzazuko Goardianoaren eraginez paraturiko Ama Virgiña Aranzazucoaren condaira zortzico aundietan eta aurtengo erromeriaraco itz neurtu batzuek (AVAC) libururako aukeratu zutelako, “Arantzazuko Ama Birjina” (Arana–Letamendia), “Agur, agur, agur, Maria” (Arrese Beitia–Letamendia) eta “Agur, Jesusen Ama” (Arana–Gorriti) kanta hain Arantzazukoekin batera.
Latinez da ezagunagoa kanta hau herrian bertan, nahiz eta Lope de Vegak eta beste poetek testu zoragarri hori itzultzeko grazia izan duten. Euskarara ere bi itzulpen behintzat, ia garai berekoak, baditugu: Aurrena J. I. Aranaren hau, agian lehenbizikoz AVAC liburuxkan argitaratua (1881), eta geroago Euskal-Erria aldizkarian (XI, 1884, 166. or.); bigarrena, Patrizio Orkaiztegirena, 1886an aldizkari berean argitaratua. –Arana eta Orkaiztegi, biak ziren Arantzazun ikasitakoak mutikotan–. Aranarena latinezko testuari oso loturiko itzulpena da, zazpi ahapaldiak banan banan; Orkaiztegirena, berriz, libreagoa da, beharbada iruzkina, zuzeneko itzulpen baino areago, 12 ahapalditan banatua.
Abesti hau ere Aranak J. Epelderi Arantzazura bidalitako Andre Mariaren “Kantategiaren” proiektuan agertzen da, eta lehendik argitaratuta zegoen Andre Mariaren kanten liburuxkaren batean, Aranak Epelderi idatzitako gutunean zioenez (1881-08-02).