Testua: Pedro Migel Urruzuno
Arantzazu, III, 1923, 19. zenb., 310-311 or.
Pedro Migel Urruzuno, Koroi eder bat. Bertso-bilduma [Auspoa liburutegia, 291], 2005, 291-292 or.
Doinua: Musikatu gabea

Aloñan zauden izar ederra
Arantzazuko Birjina,
inortxok ere ez zaitu maite
Euskal Herriak adina.

  1. Begira nola larros(a) eder bat
    dagoan arantz batean,
    zorioneko mendi Aloñak
    dauzkan harkaitzen artean.
    Banatzen duan usai gozora
    datoz bideak betean
    kristau taldeak, honuntz pozikan,
    nahigabez hemendik jutean.

  2. Artzai gaztetxo batek zaitu Zu
    harkaitz artean arkitu;
    eta, nork esan artzai gaxoa
    nola dan zuzaz [sic] harritu?
    Harkaitz guztiak edertasunez
    nola dituzun argitu,
    Errodrigotxok berri gozoak
    kalera ekarri ditu.

  3. Artzai gaxoak, harriturikan,
    galde bat egiten dizu:
    Horren ederra izanik ere,
    nola zaude arantzan Zu?
    Geroztik honuntz mundu guztiak
    ospatzen du Arantzazu;
    zure kontura, Ama maitea,
    Euskal Herria har zazu.

  4. Aloñak daukan edertasuna
    gaur da osoro haundia,
    bada dirudi, argiren argiz,
    dala Taborko mendia;
    bertara pozik, aldapak gora,
    bizkorrik dator jendia,
    uste duela mendi eder hau
    dala zeruko bidia.

  5. Agorte haundi eta luzeaz
    lurrak zeudela egarri,
    nekazariak, berriz, zerura
    begira estu ta larri,
    euri gozatsu ta ugariak
    laister diztezu [sic] ekarri;
    herri guztiak gaurtik nahi dute
    zure mantupean jarri.

  6. Zorionean zerutik jetxi
    zinan Aloña mendira,
    geroztikako gure guztion
    atsegin danak han dira;
    ezin aspertuz, Ama maitea,
    gaude horrera begira;
    gure bihotzak beti zurekin
    daude ta egongo dira.

Arantzazu aldizkariak argitaratu zuen aurrenekoz Urruzunoren abesti--testu hau, Aita Arrue zuzendariak eskatuta nonbait, eta berari eskainia, aldizkariak aitortzen duenez. Arrue bera olerkaria eta konposatzailea zen; eta testu hau, tituluak adierazten duenaz gain, musikatzeko eta, lelo eta guzti, taldean abesteko idatzi zuela esan daiteke; baina, dirudienez, ez Arruek eta ez beste inork zion doinurik ipini.