Testua: Salbatore Mitxelena
AEP-2, 79-81 or.; OKA-1969, 17. or.
Doinua: Herri-doinua (Mitxelenak moldatua)
AEP-2, 6. kanta, 248. or.; OKA-1969, 6. kanta, 16. or.
– AAB: 196, 218, 244, 261 –
- Aida txuri! Aida gorri!
Itzaintzan Andra Mari.
Bera dabil karrioan,
bera, bi behi ta gurdi.
Ermitatxogintzarako
teila ohol eta guzti,
Aida txuri! Aida gorri!,
itzaintzan Andra Mari. - Aida txuri! Aida gorri!
Nahiz ta kondea konde,
ez diagu etsi behar
Arantzazura arte.
Kanpaiak dei ginduneko
leku hartan bertantxe,
Aida txuri! Aida gorri!,
ermita altxa arte. - Aida txuri! Aida gorri!
Itzaintzan Andra Mari.
Kondeak pilatutako
teila, ohol eta guzti
Oñatiatik gaberdiz
itzaintzan Andra Mari,
Aida txuri! Aida gorri!
Arantzazura itzuli... - Aida txuri! Aida gorri!
Itzaintzan Andra Mari.
Egunez pilatu ahala
teila, ohol eta guzti,
Urtiagainetik ere
itzaintzan Andra Mari,
Aida txuri! Aida gorri!
Arantzazura itzuli... - Aida txuri! Aida gorri!
Itzaintzan Andra Mari.
Hirugarren aldiz ere
teila, ohol eta guzti,
Gesaltzatik behin berriro
itzaintzan Andra Mari,
Aida txuri! Aida gorri!
Arantzazura itzuli... - Aida txuri! Aida gorri!
Birjinaren antzera
euskal gizaldiak ere
eliza egitera...
Lau aldiz erre eliza;
lau aldiz jaso, ostera.
Aida txuri! Aida gorri!
Ama-semeak batera!
AEP-ko “Ermitagintza” kapituluko lehen ataleko kanta da hau funtsean (6 bertso). OKA-koan 3 bertso ditu: Lehena eta azkena handik hartuta daude zuzenean; bigarrena berria da; ez da AEP-n ageri. Arantzazuko korua kanta sortan bigarrena kanpoan utzi zuten (ik. IV. Maria, 5. kanta).
Arantzazuko Andre Mariarentzat lehen ermita non eraikiko tirabira eta gorabeheren herri-tradizioko gaia kantatzen du hemen S. Mitxelenak (ik. J. A. Lizarralde “Manifestación de la Madre de Dios a los vascos en Aránzazu según la leyenda”, in: Arantzazu, I, 1921, 4. zenb., 88-90 or.). Aingeruak –edo Andre Mariak– peskizan zegoen emakumeari bota omen zion madarikazioarena ere jasotzen du Lizarraldek kanta zaharretik:
Aida txuritxo!
Aida gorritxo!
Begira dagon orri
begia galdu bekixo.
Mitxelenak, ordea, alde batera utzi zuen, eta oharrean eman horren berri. Herritarrak ez baina Oñatiko kontea da Mitxelenaren Poema-n ermita Arantzazun eraikitzearen kontrakoa; herritarrak eta Andre Maria bat datoz lehia horretan.
Herri-doinua aukeratu zuen eta moldatu Mitxelenak AEP-n; bi ahotsetara moldatu zuen doinua OKA-n, bestelako aldaketa txikiren bat egiteaz gain. Arantzazuko korua sortan (IV. Maria, 5. kanta), abestiaren azken konpasa zerbait aldatuta dator.
J. M. Ibarbiak Arantzazukoak sortan jaso zuen kanta hau (11. zenb., 8-9 or.), lehen eta azken ahapaldiak aukeratuz eta doinuan aldaketa txikiren batzuk eginez. M. Idoiagak organoaren laguntza jarri zion (OKA/Id, 6. zenb.; AAB: 261).
1997ko Arantzazu. Ameskabi, otoizleku grabazioan (CD + testuen liburuxka) 8. kanta da hemengoa; zuzenean jaso zuen AEP-ko testua, ortografia eguneratuz–; bestalde, honako ahapaldiok datoz, kantatzekoen artean errezitatzekoak, AEP-2 liburu beretik hartuak, eta ortografia eguneratuan (79-80 or.):
Oñatiko parrokia begiz jo zan lehenengo
irudi agertuari estalpe emateko.
Barrez hago, Kondetxoa, asmo hortan harroxko.
Barre hori, Kondetxoa, aurki zaik itzaliko!
…………………………
Urtiagaingo muinoa, bigarren aldia hauxe,
hauta zuten pilatzeko teila, ohol eta habe.
Kondetxo horrek barre dagik, barre berriro ere?
Bihar jakingo diagu barre hori noiz arte!
…………………………
Goratxoago, Gesaltzan pentsatu zan urrena
hirugarren probaldia, hirugarrena azkena.
Handik ere ihesten bazen argiz pila zutena,
garbi zegon non behar zen ermita hasi urrena.