Ave de Aránzazu / Ave Arantzazukoa

Testua: Salbatore Mitxelena
Salbatore Mitxelena, Idazlan guztiak-II (Ed.: Karmelo Iturria eta Jose A. Gandarias), Oñati: Editorial Franciscana Aránzazu, 1984, 610. or.
Musika: Joan Jose Ndad. Garmendia
Joan Jose Ndad. Garmendia, Ave de Aránzazu,
Tolosa: Graf. Laborde, 1949
– AAB: 071, 364

  1. Mariarentzako
    gure txaloak,
    gure kantak eta
    gure errezoak.

    Ave, Ave, Ave, Maria
    Ave, Ave, Ave, Maria.

  2. Kalbariotikan
    guzion Ama,
    Aloñatik degu
    euskaldunena.

    Ave, Ave...

  3. Arantzazun zaude
    gure Amatzat,
    Euskal Herri dana
    hartu semetzat.

    Ave, Ave...

  4. Arantzazu mendi
    graziz betea,
    hortik gora dago
    zeru-bidea.

    Ave, Ave...

  5. Erdian zaitugun
    lau probintziak
    zugana dauzkagu
    bihotz-begiak.

    Ave, Ave...

Dirudienez, S. Mitxelenak bereziki Joan Jose Ndad. Garmendia musika-konposatzailearentzat idatzi zuen zuzenean olerkia. Mitxelenaren idazlan guztien editoreek haren Ogei Kanta Arantzazuko liburuko abestien ondoren sartu zuten olerki hau, “Arantzazuko kanta” tituluarekin; eta honako oin-oharra erantsi zioten: “Arantzazuko kanta hau 1949garren urtean egin zuen Salbatore Mitxelenak, bere «Arantzazu: Euskal sinismenaren poema» argitaratua izan zen urtean, hain zuzen. Eta Aita Juan Jose Natibidad Garmendia zenak jarri zion doinua, harrezkeroztik hainbat eta hainbat urtetan Arantzazun abestua izan dena. Aita Garmendiak berak eskatu zion Mitxelenari bertso hauek egitea”.

Urte berean argitaratu zuen Garmendiak bere partitura (5 ahots eta organoa), “Ave de Aránzazu” tituluarekin eta abesti-testu osoarekin (AAB: 071). Zarautzen bizi zen orduan konposatzailea eta emakumeen “Cantoras Antonianas de Zarauz” korua zuzentzen zuen. Beraiei eskaini zien pieza. Euskarazko testuarekin batera gaztelaniazkoa ere badakar, Angel Villaronga-k idatzia, “Cantad a María” hasten dena.

M. Idoiagak badu Garmendiaren kantaren eskuzko kopia (Arantzazuko Amari, 8. kanta, 13 or.): Euskarazko testua bakarrik, eta bigarren estrofa kenduta; Idoiagak berak badu sorta berean beste kanta bat, berak sortua eta “Ave de Aránzazu (o de Begoña)” titulua daramana, “Zuregana gatoz” hasten dena (9. kanta) (AAB: 119). Liburu honetan bertan ikus daiteke horren berri zehatzagorik.

Arantzazuko korua sortan 8. kanta da hau, “Arantzazuko «Ave»” tituluarekin, eta laugarren ahapaldia kenduta –organo-laguntzarik ez du–.


AAB: 071

AAB: 364