Andredena Maria

Testua: Polikarpo Iraizoz; Martzelino Idoiaga
Musika: Aita Donostia
Martzelino Idoiaga, Arantzazuko Amari..., 6. kanta, 12. or.
Zeruko Argia, III, 1921, 29. zenb., 53 or.;
Karmengo Argia, IV, 1934, 44. zenb., 240. or. // – AAB: 081, 083

  1. Atsekabe garratzetan
    hondatua det gogoa:
    zuri oihuz nagokizu,
    oi, Ama, zerukoa;
    zure begi ezti hoiek
    nigana itzul itzazu:
    Ama Arantzazukoa,
    oi, gutaz errukitu!

  2. Zenbat neke daramagun
    zeru-bide malkarrean,
    zenbat lahar, zenbat arantza
    sortzen zaigun aurrean.
    Zuk gure neke-saminak
    arindu, (bai), ditzakezu:
    Ama Arantzazukoa,
    oi, gutaz errukitu!

  3. Ilunbetan, itxu-itxuan
    gabiltza hemen lurrean,
    leize-zulo(re)n batean
    amiltzeko zorian.
    Oi zeruko izar ederra!
    Gure bidea argitu:
    Ama Arantzazukoa,
    oi, gutaz errukitu!

  4. Gu galdu nahiez dabiltza
    etsaiak gure aldean,
    sareak jarri dituzte
    gu gabiltzan bidean.
    Galbide guzietatik
    zuk begira gaitzatzu:
    Ama Arantzazukoa,
    oi, gutaz errukitu!

Partituretatik ez, baina Frantzisko Ondarra eta Joan San Martinengandik dakigu, jatorrizko testuaren autorea Polikarpo Iraizoz dela (ik. “Aita Polikarpo Iraizoz (1897-1980)”, in: Euskera, XXVI, 1981, 502. or.).

Zeruko Argia aldizkariak argitaratu zuen aurrenik kanta hau 1921ean, doinu eta guzti, “Miren Andredena'ri” tituluarekin. “Donosti'ar J.A. Ak” asmatua”: horrela dator sinatuta. 1934an Karmengo Argia-k argitaratu zuen, doinu eta guzti berriro (1934, 44. zenb., 240. or.), “Atsekabe garratzetan” tituluarekin, autore-izenik gabe, eta lehen bi ahapaldiekin. Jorje Riezuk (DCV) “Luz del pobre peregrino = Atsekabe garratzetan” titulu pean argitaratu zuen, gaztelaniazko testu eta guzti. Hiru edizio horietan ahapaldiak ez dira bukatzen Martzelino Idoiagaren eskuzko kopian bezala, beste honetara baino:

Ene Ama, ene Ama,
ai! guzaz errukitu.

Beraz, Iraizoz–Donostiaren kanta ez zen Arantzazuko Andre Mariari eskainia jatorriz. Nolatan gertatu zen Arantzazuko kanta bihurtzea? Idoiagaren lana izan zen: horren partitura-kopiak, A. Donostiaren musika-autoretza aitortuz, eta titulu bera baliatuz, Arantzazuko Andre Mariari egokitu zion leloa.

A. Donostiak beste kanta bat ere sortu zuen: “Himno a Ntra. Sra. de Aránzazu” (AranMusArtx, D 26; AAB: 082); eta gaztelaniazko Jose Maria Sanz y Aldaz-en “Salve Virgen Gipuzcoana” olerkiko bi estrofekin batera, Iraizozen hemengo euskal olerkiaren lehen bi estrofak gaineratu zizkion gero, jatorrizko leloarekin. M. Idoiagak horren eskuzko kopian “Ene Ama Arantzazukoa” titulua ipini zion (Arantzazuko Amari..., 12. kanta, 17-18 or.; AAB: 083).

William Lei Dawson-ek ere badu “Atsekabe garratzetan” titulu bereko kanta, ezagutzen ez dudana, baina, ustez, Iraizozen abesti-testuan inspiratua.


AAB: 081

AAB: 083