Testua: Autore ezezaguna
Musika: Anjel Urzelai
Eskuzko partitura (AranMusArtx, D 10)
– AAB: 132 –
Arantzazuko Ama maitea
Gipuzkoako zaindari,
maitetasunez, arren, begira
zeure dezun herri honi.
Zeruko kaira heldu artean
izan bai gure gidari.
Estrofa
Bateltxoaren antzera dabil
gure arima gaxoa;
ekaitz honetan, Ama, luza,
arren, zeure besoa,
zure laguntzaz izan gaitezen
hemen kristau zintzoak,
ta zeru goian betiko
maitale zoriontsuak.
Anjel Urzelai musikaria zarauztarra zen, baina urte asko eman zituen Sevillako Katedraleko organo-jole, 1939tik aurrera. Ordurako idatzia zuen, ordea, hemengo kanta hau (korua eta 4 ahots): 1931ko urtea dago idatzita Arantzazuko Musika Artxiboko jatorrizko partituran. 1943ko Arantzazuko bederatziurrenean abestu zuten: “En la producción musical de Urcelay resaltan una Ave Maria a 4 voces iguales, y el Himno a la Virgen de Aránzazu, que se cantará durante esa semana” dio bederatziurreko programak, musikariaren aurkezpena egitean –“Agur, agur, agur, Maria” eta “Arantzazu aldean” kantekin txandakatuz abestu zuten meza nagusiaren azkenean. Urte horretan Arantzazuko A.M.-ren Gipuzkoako zaindaritzaren aldarrikapenaren 25. urteurrena ospatzeko, bederatziurreneko predikari eta musika-autore guztiak gipuzkoarrak aukeratu zituzten, programaren hasieran bertan oharrarazita dagoenez.
Nor da gorazarre honen testuaren autorea? Uste izatekoa da 1918koa-edo izan daitekeela, urte hartan izendatu baitzuten Arantzazuko Andre Maria Gipuzkoako zaindari. Baina ez ote zuen doinurik eduki 1931 arte? Ez dut inon aurkitu horren berririk. Kanta hau bezalatsu hasten da beste bat, Frantzisko Madinak musikatua: “Arantzazuko Ama maite”; baina ondorengo testua oso ezberdina da, eta gehienetan gaztelaniazko testuarekin batera doa gainera. Bestalde, Madinaren kantan euskaldunen zaindaria da Arantzazuko Andre Maria, eta ez gipuzkoarrena bakarrik.