Testua: Patrizio Antonio Orkaiztegi
Jesus eta Mariaren Billerakoentzat..., 91-93 or. 
Jatorrizko doinua: “Hiru juezen erabakia” (J. A. Santesteban)
– AAB: 031, 046-047, 049

  1. Arantzazu mendian
    zaudean Birjina,
    guri lagun nahiean
    zerez etorria;
    euskaldun jendearen
    ongile Maria,
    izazu gaur ta beti
    gutzaz errukia.

  2. Zaleturikan gatoz
    zu ikusitzera,
    hartutako mesedez
    esker ematera;
    baita ere berriak
    zuri eskatzera:
    iritxi gabetanik
    bihurko ez gera.

  3. Lareun ta hamabi urte
    beteak dirade
    euskaldunak gerala,
    Ama, zure jabe;
    Rodrigok harriturik
    omen zizun galde:
    Zeruen Erregina,
    Arantzan Zu zaude?

  4. Nahasmendurikan gerrak
    euskaldun herriak,
    lehorteak hondatu
    zituan guziak:
    pakea eman zien
    Birjina Mariak;
    orobat euriz ase
    ibar ta mendiak.

  5. Premietan zeudela
    gure aurrekoak,
    zabaldu ziezkatzun
    gozoro besoak:
    beharrean baziran
    lehengo gurasoak,
    ez daude gutxiago
    seme oraingoak.

  6. Espero genezake
    zugandik, Maria,
    eskatutzen dizugun
    mesede guzia.
    Beti dezu izandu
    esku ugaria;
    beti dezu ondratu
    Aloña mendia.

Orkaiztegiren aipaturiko liburuko Arantzazuko kantetan aurrena da hau.

Hemengo bosgarren eta lehen ahapaldiak –ordena horretan– Bizi nahi liburuan jaso zituen Salbatore Mitxelenak (ik. AEP-2, 296. or.), beste autore batzuen testu-zatiekin batera; autorea eta jatorria aitortuz, jakina.

Orkaiztegik berak seinalatzen du olerkiarentzat “Hiru juezen erabakia” kantaren musika, Jose Antonio Santestebanena (1835-1906), beraren Colección de aires vascongados liburuan argitaratua (1862); baina badira Arantzazuko Musika Artxiboan piezak, Orkaiztegiren lehen ahapaldia oinarrizko testutzat hartuz (beste iturritako bigarren ahapaldiren bat ere erantsiz), bestelako melodiaren gain landuak:

1. Juan Jose Oñederra: “Zortzico a la Sma. Virgen de Arantzazu” –AAB: 031– (Orkaiztegiren lehen ahapaldia + J. I. Aranaren “Agur Arantzazuko arrosa Maria” hasten den kantaren leloa). Oñederra musikariaren berririk ez dut aurkitu; Biktoriano Balerdi musikariaren irakasle zela 1886an Gipuzkoako Alegi herrian, besterik ez. Seguruenik ondo ezagutzen zuen Tolosako parrokoa zen P. Orkaiztegi, eta beraren olerkia hartu zuen oinarritzat bere konposizioak egiteko: bata zenbait ahotsetara eta bestea ahots bakarrera –azken hau “Arantzazu mendian” tituluarekin–. Koruarentzako zatirako, ordea, J. I. Aranaren “Ama Virgiña Aranzazu-coari agur-ona edo salvea” kantaren leloa edo “kantartea” aukeratu zuen:

Agur Arantzazuko
arrosa, Maria,
lora eder zeruko
parerik gabia!
Gugan ezarri zazu
bertute loria,
kendurik pekatuen
arantza elorria.

2. Biktoriano Balerdi: Oñederraren ikaslea mutikotan (1886), irakasleak aukeraturiko Orkaiztegiren testu bera aukeratu zuen, Arantzazuko Andre Mariari zenbait kanta idazteko:

a) “Gozos a la Virgen de Aránzazu” –Arantzazuko Abestien Bilduman Balerdiren “Gozos a la Virgen de Aránzazu” kantetan 2. zenbakiarekin dago markatuta, AAB: 046–: Sarrera, Orkaiztegiren 1. ahapaldia + 1. estrofa, Jose Ignazio Aranaren “Agur Arantzazuko / arrosa zuria” kantaren leloa edo “kantartea” + 2. estrofa, beste norbaitena –Jose Arruek idatzia ote, ortografiaz moldatua?– (Ik. liburuki honetan “Zaindu zazu, Ama Miren” kanta).

b) Arantzazuko Abestien Bilduman bada Balerdiren “Gozos a la Virgen de Aránzazu”-3 ere –AAB: 047–, sarrerako testutzat J. I. Aranaren “Arantzazuko Ama Birjina” kantaren leloa duena, eta estrofatzat Orkaiztegiren hemengo kanta honetako lehen ahapaldia.

c) Orkaiztegiren kanta honetako lehen ahapaldia aukeratu zuen Balerdik bere “Arantzazu mendian. Arantzazuko Birjina Amari erregu bat” ahots bakarreko kanta konposatzeko –AAB: 049–. Konklusiotzat, berriz, J. I. Aranaren “Arantzazuko Ama Birjina” kantaren lelo bera gaineratu zion, bigarren partean:

Arantzazuko Ama Birjina
Zeruko erregin haundia,
kendu pekatu danen arantzak,
eman Jaunaren grazia.

d) Balerdi beraren beste kanta bat bada Arantzazuko artxiboan, “Arantzazu mendiyan” titulua daramana, hain zuzen ere (AranMusArtx, D 24): sarrera eta estrofa –AAB: 045–. Euskarazko testuarekin batera gaztelaniazkoa ere badu. Euskarazko sarreratzat Orkaiztegiren hemengo olerkiaren lehen ahapaldia aukeratu zuen. Estrofak, ordea, ez du euskarazko testurik. Gaztelaniazko testutzat, berriz, XVIII. mendeko “Pues tomó de vuestro pecho” abesti-testua, Arantzazuko Andre Mariari eskainia, aukeratu zuen: bertako sarrera eta bigarren estrofa. Honetara:

Pues tomó de vuestro pecho
Jesús virgíneos candores,
Madre de Dios de Aránzazu,
rogad por los pecadores.

Estrofa

De Cantabria en la Región
serenasteis la discordia,
reduciendo a la concordia
aquella jurisdicción:
¡Oh infinito parangón
de prodigios superiores!

Sei estrofako testu osoa ADK liburu sail honetako VIII. tomoan ikus daiteke –Arantzazu cantado por los poetas–, “Textos de canciones de Arantzazu” eranskinean.


AAB 031

AAB 046-047

AAB 049