Testua: Salbatore Mitxelena
OKA-1969, 44-45 or.
Doinua: Herri-doinua (“Edari maitagarria”)
OKA-1969, 20. kanta, 44. or.
– AAB: 181, 210, 232, 275 –
- Horra Eliza jasoa,
hamaika aldiz erasoa,
zenbat lehien arazoa!
Bihotz bakoitzean begira zazu
ermitatxo erosoa;
begira, Ama gozoa!
zure esanera jasoa:
euskal histori osoa! - Zure Herriaren begiak,
zureganako geziak,
zuregan daude josiak.
Arantza horretan kakotzen dira
zurearekin nahasiak,
gure gogo ta biziak,
amets eta kutiziak:
euskal gizaldi guziak! - Ordu onean dizugu
laugarren eliza altxatu!
Ama, pozik al zaitugu?
Gure nekeak zure baietza
beste saririk nahi ez du.
Zer gehiago behar degu?
zuk esaten badiguzu:
“Seme zaitut, Ama nauzu!”
Artean amaitu gabe zegoen eliza berria bere Ogei Kanta Arantzazuko (OKA) moldatu zuenean Mitxelenak, baina nahikoa aurreratua horren eraikuntza. Ez zuen kanta-liburua itxi nahi izan, Arantzazuko laugarren elizari abesti berezia eskaini gabe. Izan ere, bere Arantzazu. Euskal Poema handian dagoen Arantzazuren historiaren interpretazio-ildorik behinena elizaren eraikuntzaren bidetik doa: hasierako ermita eta eliza, geroko bi elizak, 1622ko eta 1834ko erreketen ondorengoak, eta azkenik 1950ean hasi eta 1955ean inauguratutako oraingoa. Elizaren eraikuntzaren historia da funtsean Mitxelenaren irakurketa historiko-teologikoa, Arantzazurena, non herriak (Euskal Herriak) protagonismo handia baitu. Horren adierazgarri nabarmena dira, Poema-ren atzera begirako lehen partearen –“aldi” historikoaren–, azken atala: “Ermitagintza” (AEP-2, 77-106 or.), eta bigarren “aldia” burutzen duen “Horra Eliza jasoa” azken kanta (AEP-2, 243-245 or.), hizki larriz idatzita ‘Eliza’ –ondoren etorriko da “Bizi nai”, hirugarren “aldia”, aurrera begirakoa–.
Historia horrixe lotzen dio eliza berriaren –laugarrenaren– eraikuntza ere. Hiru urte lehenago argitaratua zuen AEP-ko bigarren parteko azken kantaren lehen ahapaldia hartuz abiatu zen Mitxelena, OKA liburuxka burutzeko. Horren ondorengo bi bertsoak berriak dira, jakina: OKA-rako idatziak alegia, 1952an bertan seguruenik, kanta-liburua argitaratzeko azken orduan, artean eraikitzen ari zirela eliza berria.
Arantzazu aldizkariak behin baino gehiagotan hartu izan du kanta honen gaia bere orrialdeetan, Mitxelenaren bertsoak jasoz, hain zuzen ere, eta azalean nabarmenduz (ik. LXI, 1984, 633. zenb., 1'. or., azala; LXIV, 1987, 659. zenb., 1'. or., azala). Baina OKA-ko kanta bera ez dut bere horretan eta osorik aldizkarian argitaratuta aurkitu.
Herri-doinua aukeratu zuen Mitxelenak kanta honentzat ere. Martzelino Idoiagak organoko laguntza ipini zion (AAB: 275), eta Felix Ibarrondok lau ahotsetara jarri zuen (AAB: 181).