Arantzazuko Andre Mariari

Testua: Romualdo Galdos
Jesus′en Biotzaren Deya, 1918, 21. zenb., 266-267 or.
Euzkadi, 1918 (septiembre 8), 1997. zenb., 1. or.
Aita Onaindia, Milla Euskal Olerki Eder, Larrea-Amorebieta: Karmeldar Idaztiak, 1954, 878-879 or.
Musika: J. A. Erauzkin; J. J. Ndad. Garmendia; J. M. Ugarte
Partitura: José A. de Erauzquin, Dos Canciones a la Virgen, Madrid: Sacro Tesoro Musical, 2-8 or. (AranMusArtx, D 35)
– AAB: 067, 097, 133

Korua

  1. Ederrenetan ederrena zera, Ama,
    ta arantzan zu?...
    Arantz baten edertasun berbera,
    nola agertu zaigu?
    Lorarik ederrena arantz artean
    Jaunak ipintzen du:

    Herria

    Horregatik, Ama, arantz gainean
    agertu zinan zu.

    Bakarlaria

  2. Arantzak guretzat mintsuak dira,
    Ama; ta zuretzat?
    Mintsuak badira; zergaitik hartu
    zure bakaulkitzat?...
    Mintsuak dira bai; baina Jesusek
    asko maite ditu:

    Herria

    Horregatik, Ama, arantz gainean
    agertu zinan zu.

    Korua

  3. Zeru-lurren jabe beti zalako
    Jesus Bakalduna;
    hartu nahi izan du gurutzerako
    arantz-burestuna.
    Arantz-burestunduta gurutzean
    hil ei zan ba Jesus:

    Herria

    Horregatik, Ama, arantz gainean
    agertu zinan zu.

    Korua

  4. Bere bihotz ontsua erakusteko
    gizon gaiztoari;
    bihotzean Jesusek hartu ditu
    arantzak ugari.
    Arantzak semearen bihotzean
    zorrotzak zuk dakus [sic]:

    Herria

    Horregatik, Ama, arantz gainean
    agertu zinan zu.
    ______________
    Korua

  5. Lilien artean lili ederra,
    bai, Miren, zara zu:
    Zugan edertasunik ederrena
    Zuk darakusguzu:
    Ta hain garbi ta ederra beti dalako
    zure edertasuna...

    Herria

    Zuri daskintzugu lili artean
    gure maitasuna.

    Korua

  6. Mendi ta zelaiko lili guztiak
    zuretzat nahi doguz:
    Zuretzat lur guztiko edertasunak,
    gureak bagenduz.
    Hain garbi ta ederra beti dalako
    zure edertasuna...

    Herria

    Zuri daskintzugu lili artean
    gure maitasuna.
    ______________
    Korua
  7. O zein eder, zein gozoro, / zaude hor, Ama nerea; / zeruetan izar zuri, / zelaietan lorea. / Ahalmentsua bada zera, / zeru, mendi eta ibar, / egin ni lurrean lore, / goi-urdinean izar.

R. Galdos jesuitak (1885-1953) lau estrofako abesti-testua idatzi zuen, Arantzazuko Andre Mariari eskainia, eta “Arantzan zu? Arantzazuko Andre Mariari” tituluarekin. Jesusen Biotzaren Deya aldizkarian (1918, 21. zenb., 266-267 or.) argitaratu zuen aurrenik eta gero Euzkadi egunkarian (1918, irailak 8, 1. or.), “Arantzazu'ko Andre Miren'i” tituluarekin. Dirudienez, testu horren gain konposatu zuen Jose A. Erauzkinek (1888-1961) kanta, baina gaztelaniazko testua ere gaineratuz, agian Galdosek berak idatzia, ez baita zuzenean euskarazkoaren itzulpena; “Flor de las flores. Arantzan zu?...” titulu bikoitza eman zion –herria, korua (4 ahots) eta organoa–.

Partituratik kanpo utzi zuten aldizkarian argitaraturiko laugarren estrofa, baina bi berri gaineratu zituzten, euskaraz, partitura inprimatuaren azkenean –jakin ez, Galdosenak diren ala ez; jatorrizkoen atzean doaz goian: 5 eta 6–.

J. J. Ndad. Garmendiak bere aldetik “Arantzazu zu? Tú sobre el espino” konposatu zuen, Galdosen lehen estrofaren eta beste estrofa berri baten gain eratuz (7): “O zein eder, zein gozoro” (biak erdarazko testu eta guzti). Galdosena ote azken hau ere? Neurri ezberdinekoa da.

Geroago Jose Maria Ugartek – “Ugarte'tar Joseba Mak C.R.L.”– Txilen konposatu zuen beste kanta bat (4 ahots mixto), Galdosen testuan oinarrituta. “Arantzan zu? Nire Ama maiteari” titulua jarri zion. Galdosen euskarazko testutik lehen bi estrofak aukeratu zituen, jatorrizkoan dauden bezala. Honela dago datatuta Ugarteren partitura: “Saltan, 1954ko irallaren 11'an”.


AAB: 067

AAB: 097

AAB: 133