Testua: Patrizio Antonio Orkaiztegi
Jesus eta Mariaren billeracoentzat..., 118-120 or.
Doinua: “Arantzazuko Ama Birjina” (Modesto Letamendia)
– Ik. doinua, AAB: 001

Kantartea

Zuretzat beti ditezeala
izan nere alabantzak:
Zuk nigandikan dituzu kentzen
nere nekeen arantzak.

  1. Ezin dituzu, Birjina Ama,
    desanparatu semeak;
    nahiz eta izan gaur ta lehenago
    esker batere gabeak,
    errukiara zaitu mugitzen
    penetan gu ikusteak;
    alaba beza Ama biguna
    Kantabriako jendeak.

    Zuretzat beti ditezeala, etc.

  2. Aitortzen degu dadukazula
    gu ondo ikusi nahia;
    guretzat zure begiratua
    agertutzen da alaia:
    Zure bihotzak ematen digu
    amore-suaren gaia;
    bagendukean orain baino lehen
    ezagutzeko garaia.

    Zuretzat beti ditezeala, etc.

  3. Elorriaren arantz gogorrak
    hauturikan Zuretzako,
    beste arbolen frutu gozoak
    nahi zinduke guretzako;
    halaxen zinan egondu ere
    Kalbarioan lehenago,
    zeru-Semeaz padezitutzen
    lur-semeen onerako.

    Zuretzat beti ditezeala, etc.

  4. Pekatuaren arantzak dira
    Zuk nahi ez zindukeanak;
    umeak gaizki ikusitzeaz
    asko du sufritzen amak.
    Jesusengana bertatikantxe
    bihurtzen gerade danak;
    junta gaitzala orain geroko
    Berarekiko laztanak.

    Zuretzat beti ditezeala, etc.

Doinuari dagokionez, aurreko kantaren oharrera ekarritako Orkaiztegiren aipu berbera gogoratzen dugu hemen: “Arantzazuco Virgiñari jarri zayozcan laucoac (Alabantzac gure Amari etc.) eta zortziko aundiya (Zuretzat beti diteceala etc.) cantatu litezque aurtengo erromerirako Letemendico don Modestoc Tolosan atera dituan musiquetan” (Orcaiztegui, 1881, 123. or.).

Horietako bat J. I. Aranaren “Arantzazuko Ama Birjina” kantari jarritakoa da, hemengo honi ondo datorkiona, bertso-neurrien aldetik behintzat.

Dirudienez, Orkaiztegiren kanta hau ez du abestu izan Arantzazuko koruak. Santutegiko Musika Artxiboan ez dago horren partiturarik.


AAB: 001