Berreraiki ala osatu?
Berreraki eta osatu, bi aditzek adierazten dute hemen zerbaiten zati edo puska sakabanatuak bateratzea, gorputz batu eta koherentea eratzeko. Gauza jakina da Arantzazuko baladak aldaera askotan eta puska ugaritan iritsi zai(zki)gula. Ba ote dago horiek bateratzerik? Nola? Guztien azpian jatorrizko balada hipotetiko handia –bakarra edo bakanak– aurkituz? Ala hasierako kanta hipotetiko txikiari –bakarrari edo gehiagori– mendetan barna gaineraturiko aldaera eta buskak erantsiz, balada handi bat edo gehiago eraikitzeko? Horra bi hipotesi eta bi jokabide ezberdin.
Zuhaitzaren irudia erabili zuen Joxe Azurmendik Arantzazuko Balada edo Erromantzeen panorama deskribatzeko (Azurmendi 2003, 152. or.): “Kanta zaharra, izan ere, zuhaitzak bezala, beti adar berriak altxumatuz bizi da. Zenbat zabalduago eta hainbat aldaska gehiago eta diferenteagoak, gainera”.
Basora sartu izan diren aditu guztiek sentitu izan dute ordena ipini nahia, zuhaizti edo txaradi horretan inausketa edo entresaka eginez nahiz zuhaitzak espezie jakin batzuetan sailkatuz, eta, ahal izatera, horietako jatorrizko landarea(k) begiz joz edo enbor nagusiaren –edo nagusien– ingurua garbituz.
Hainbat eta hainbat testu-aldaera eta -pusken artean aurkitu izan dira ikertzaileak: sarritan antzekoak eta erdizka errepikatuak eta beren artean gurutzatuak, baina gehienetan bakoitza bere doinu, grafia edota euskalki-berezitasunekin. Horiek ugarituz joan dira gainera. Gaur egun 150 aldaera inguru daude erregistratuta ADK liburukion oinarrian eraturiko AKDB datu-basean.
Ordena jartze aldera, aldaera guztiak nolabait sailkatzea izan daiteke lehen ahalegina: darabiltzaten gaiaren, bildu izan dituzten herri edo eskualdeen, ispilatzen dituzten garaien edo testuinguru historiko-sozialen arabera. Arantzazuko Balada edo Erromantzeen– corpus osotu samarraren bi argitalpenak aipatuak ditut: Antonio Zabalarena (EERV) eta Igone Etxebarriarena (ABK).
Etxebarriak gaien araberako ordena modukoa bilatu zuen bere liburuan; eta aldaerek titulurik ez dutenez gehienetan, horien hasieren arabera ordenatu zituen, aldaera ta puska bakoitza modu autonomoan hartuz, konparazio-lanak egiten eta horien arteko bestelako loturen bila ibili gabe (50 bat aldaera). Zabalak, berriz, “aldaera guztiak bata bestearen jarraian” eman zituen, inolako ordenarik bilatu gabe (55 aldaera).
Zabalarenak badu, ordea, eranskin moduko bat, non berak lehenago Arantzazu aldizkarian argitaraturiko bi “erromantze” hauen forma berreraikiak gaineratu baitzituen: “Aguztuaren amabostgarren. El romance de la romería del cautivo” (8 ahapaldi) eta “Arantzazura egin dut promes. El romance de los romeros de Aránzazu” (25 ahapaldi).
Zer da “erromantze berreraikia”? Zabalaren ustez, Arantzazuko Erromantzeen jatorrian kanta nagusi bat (edo gehiago) dago, enbor gisa, gero herritarren ahotan adar ugaritan zabaldu dena, puskatan zatituz eta aldaeratan sakabanatuz. Puska eta aldaera horiek bateratuz, jatorrizko erromantzea –edo erromantzeak– berreraikitzera iritsi nahi luke berak, “testu zaarra berriztatuz” –“restaurar”– (EERV, 671. or.).
Bestelako iritzikoa zen Salbatore Mitxelena. Haren ustez, Arantzazuko erromantzeek jatorri herritar apalagoa izan zuten, eta ahapaldi bakarreko edo gutxiko kanta moduan sortu ziren, erromantze edo tradizio ezberdinen abiapuntu bezala, eta horien inguruan joan ziren kantariak aldaera eta puska berriak gaineratuz eta gurutzatuz edota aldatuz; horrela gertatu dira gauzak herri guztien erromantzeen historian, beraren iritziz: “Lehendabizi, albiste-txamar bat baizik ez zenuen, estrofa bat edo beste. Gerora, pixkaka-pixkaka, rapsodia batua osatuko zaizu estrofa haiekin: horra erromantzea” (AHH, 64. or.). Aztertzaile kritikoari dagokio aldaera eta puskok bildu, ordenatu eta txukundu, eta balada osatzea. Horixe egin nahi izan zuen bere liburuan, Arantzazuko hiru erromantze nagusiak –lehenak– “osatuz”, Menendez Pidal-ek Flor nueva de romances viejos obran egin omen zuenaren antzera.
Poetari legokioke erromantzeen gain poema handia lantzea: “Azkenik, erromantze horiek herri-ahoan ugaldu direnean, Homero batek denak bildu eta mamituz, Iliada ederra josiko dizu zati (fragmento) horiekin” (id., ibid.). Bere aldetik horrelako zerbait eskaini nahi izan zuen –xumeagoa, jakina– Arantzazu. Euskal Poema obrarekin.
Jose A. Lizarraldek eta Ignazio Omaetxebarriak ez zuten Arantzazuko balada-aldaera eta pusken jatorriari buruz beren teoria garbirik zuzenean jaulki, baina agerian utzi zuten norberaren ikuspegia, horiek tratatzeko bakoitzaren metodologian bertan. Lizarralderen ustez, jatorrian oinarrizko balada bat zegokeen: Errodrigotxo Baltzategikoarena; eta horren garapen tematikoak lirateke ondorengoak, “Arantzazuko poema” handia eratzeko bidean; puska eta adaera ugaritan etorri zaigu hori, ordea, eta horiek konparatu eta ordenatzen saiatu zen bera, Erromantze “handia” osatze aldera. Omaetxebarriak, bere aldetik, garai eta testuinguru historiko ezberdinei erantzuten dieten baladak ikusten ditu Arantzazuko tradizioan, sortzez autonomoak eta gaiez diferenteak, gero herritarren ahotan sarritan gurutzatu eta nahastu egin direnak, balada bakoitzean hainbat aldaera eratuz. Horrela, Arantzazuko balada-aldaera eta -puskak testuinguru historikoan kokatzeaz gain, horiek sailkatzen, horien kidetasun-ezberdintasunak nabarmentzen eta horien arteko gurutzaketak bilatzen saiatu zen.
Joxe Azurmendi dugu orain arte azkena Arantzazuko baladen jatorriari buruzko eztabaida honetan, gorago aipaturiko I. Etxebarriaren liburuaren epilogoan. Bere azterketa historiko-kritikoan nabarmen uzten du jatorrizko balada bakarra ez, baina hainbat daudela Arantzazuko tradizio herritarrean, garai eta testuinguru historiko eta sozial –eta politiko– ezberdinetan sortuak, zio eta interes ezberdinek eraginda gainera. Horietako bakoitzak herritarren ahotan eman dituen kanta-aldaera ugariak ordenatu eta bateratuz erromantze osatua(k) bilatzea ez da Azurmendiren helburua. Garbi dago, Azurmendiren ikuspegi historiko-kritikotik begiratuta, ez lukeela ez lekurik eta ez zentzu handirik izango “Arantzazuko Erromantze handia” –bakarra edo– bilatzen saiatzeak, ez tradizioaren hasieran eta ez amaieran.
Dena dela, Arantzazuko “Balada edo Erromantze handiaren” bila ez bada ere, bi edo hiru (edo gehiago) balada ardatzezko edo nagusien bila saiatu, gorago aipatu ditudan autoreak eta beste saiatu dira nolabait, dozenaka eta dozenaka aldaeren ohianean ordena tematiko eta logiko errazionalagoa ipini nahian. Ahalegin horien berri ematera dator, etorri ere, liburu honen atal hau, aurreko atalaren eranskin modukoa: aski luzea, bestalde.
Ekarriko ditudan balada berreraiki edo osatuok, ia denok, argitaratuta daude, bat edo beste behin baino gehiagotan. Hala ere, interesgarria iruditu zait hemen denak batera ematea, ahaleginok alderatu ahal izateko, aldera daitezkeen neurrian.
Zuzenean balada-aldaera eta puskak bateratuz osaturiko testuak ekarriko ditut hona, ez jatorrizko kanta jakin baten gain sorturiko bestelako kantarik –Azkueren eta Omaetxebarriaren “Arantzazu aldean”, adibidez–, eta ez autore-poemarik, baladetatik abiatuz eta horietan oinarrituz edota horietako puskak ere erabiliz sorturikorik –S. Mitxelenaren hainbat–.
Azken oharra: Orain arte ez bezala, euskara batuko ortografiara ekartzeaz gainera, forma dialektalak ere euskara batura ekarri ditut gehienbat berreraikitako balada hauetan, bertsoaren neurriak eta errimak uzten duenean, nahiz eta berreraikitzaileek beraiek jatorrizko formak jaso izan. Horrela jokatu dut, batetik, birlandutako testuak direlako nolabait, eta gaurko irakurlearentzat hurbilagokoak gerta daitezen, bestetik.
Anonimoa
Iturria: G2T, 079-082 + 083-084
Musika: “Melodía de Ntra. Sra. de Aránzazu” (AAB, 644-652 or.)
+ “Ai artzachoa, ai artzachoa” (AAB, 781-782 or.)
AKDB, 195 erg.: “Ai artzachoa, ai artzachoa”
Jose Adrian Lizarralde
Iturria: “La Virgen de Aránzazu en el Romancero Vasco”,
in: Arantzazu, XII, 1932, 235-238 or.
Ignazio Omaetxebarria
Iturria: “Rodrigo, el hijo del carpintero”.
Arantzazu, XXIX, 1944, 249. zenb., 260-264 or.; AIZ, 204-211 or.
© 2024 arantzazu