Testua: Iñaki Beristain
Arantzazu, LXXI, 1993, 729. zenb., 1' or., azala
Musika: Pello Zabala
Arantzazuko korua, IV: Maria, 24. kanta
– AAB: 175

  1. Erromesen arreba,
    bideko Andre Mari,
    gure fede-bidean
    zu zeu ibiltari.
    Emaiozu bihotza
    gure bideari,
    zure aintza dezagun
    helmugako sari!

  2. Ez dizugu eskatzen
    kentzeko arantzik,
    ezta ere gozatzeko
    gure bide latzik.
    Gizadi berri baten
    esperantza baizik,
    gure pozak ez dezan
    sekulan arratsik.

  3. Ez dizugu eskatzen
    itzalen freskura,
    ezta ere biderik
    gabeko helmuga.
    Baizik Espirituzko
    zure indar hura,
    anaiak zerbitzera
    daraman ardura. 

  4. Ez dizugu eskatzen
    bizitza erreza,
    inoiz jausi ez diren
    tenteen laineza.
    Emaguzu fedea,
    apalen pobreza,
    berriro jaikitzeko
    behar den ametsa.

  5. Sufri ezazu gugan
    arantzen artean,
    zaztadak izan arren
    ez bitez kaltean.
    Zailtasun asko dela?
    aurrera artean!
    Jaunak bere besotan
    har gaitzan artean.

Arantzazu aldizkariak argitaratu zuen lehenbizikoz 1993an, otoitz moduan edo, azkeneko ‘Amen’ eta guzti, eta doinurik gabe. P. Zabalak musikatuta (4 ahots) abestu izan dute Arantzazun (ik. Arantzazuko korua, IV: Maria, 24.kanta).


AAB: 175