[Agur, Jesusen Ama]
Testua: Jose Ignazio Arana
AVAC, 42-44 or.;
AKZB: REA/JK, 76 or.
Jatorrizko doinua: Felipe Gorriti1
– AAB: 026-029, 359 –
- Agur, Jesusen Ama
Birjina maitea!
Agur, itsasoko izar
distiratzailea!
Agur, Zeruko Eguzki
pozkidaz betea!
Agur pekatarien
kaia ta estalpea! - Agur, gizonen Ama,
Zeruko Erregina,
Ama gozo txit maite
amorezko pina!
Zuregandik juatea
gauza da samina...
Agur, nere biotzeko
poza ta atsegina! - Agur, gure poza ta
atsegin guztia,
atsekabe danetan
gozakai eztia!
Agur, Birjina eder
txit zoragarria!
Hartzazu bihotza ta
torizu bizia... - Baina zugandik alde
bihotzak ezin du;
zuregana dijoa,
zugan bizi nahi du;
Birjin paregabea,
bedeinka nazazu,
Agur, ama nerea!
Agur, agur, agur!
Ez dago zalantzarik abesti-testu honen autorea Jose Ignazio Arana dela, Mikel Gotzon Telleriak Enciclopedia General Básica de Tolosa obran Patrizio Orkaiztegiri esleitzen badio ere. AVAC-eko lehen argitalpenaren tituluak honetara dio: “Azquen-agurra Ama Virgiñari, Aita Aranac ipiñia”.
Eliz kanta gutxi egongo da Euskal Herrian hau beste kristau fededunek abestu dutenik, han eta hemen. Aski da Interneten begiratu bat ematea. Youtuben ere entzun daiteke: Zarauzko, Irurtzungo edo beste zenbait lekutako koruek abestuta. Bada “Música Sacra de Tolosa” saileko diskoa ere Gorritiren kanta honen titulua daramana, berorrekin batera beste zenbait pieza dituena; beste talde askok ere abestu izan du. 2011ko otsailaren 26an kanta honen tituluarekin izendatu zuten Iruñean emandako kontzertuetako bat. Bada autore ezezagunekotzat ematen duenik kanta hau eta bada herri-kantatzat ematen duenik ere... Izatez, zein herri-kantagorik hauxe baino? Ez da, ordea, autore ezezaguneko herri-kanta horietakoa.
Aranaren kanta hau ez da zuzenean Arantzazukoa, testuari begiratuz, edozein izenpeko Andre Mariari eskainia baizik. Baina egia da, bestalde, inon baino gehiago Arantzazun abestu izan dutela bertako erromesek urte luzetan, santutegiko bisita egin, hango elizkizunetan parte hartu eta ondoren etxerako bideari ekitean.
Zerbaitegatik Salbatore Mitxelenak ere bere Arantzazu. Euskal Poema-ren kapituluetako bat “Agur, Jesusen Ama” izendatu zuen. Oso sartua egon da Arantzazuko tradizioan; bada Arantzazuko bertako kanta berezia dela uste duenik ere. Eta baliteke aurrenik Arantzazun abestu izana, eta handik zabaldu izana Euskal Herriko bazterretara. Kontuan eduki behar da, zein garai eta girotan sortua eta argitaratua den kanta, eta zein den horren testuaren autorea: J. I. Arana. 1881eko Arantzazuko erromesaldietako giroan eta horren kariaz sorturiko beste bertso sorta, testu eta doinuen artean sortutakoa dela dirudi. Une hartan Tolosan ziharduten bi musikari konpositore handienek, Modesto Letamendia Udal bandaren zuzendariak eta Felipe Gorriti parrokiako organo-jole eta konposatzaileak, musikatu zioten horietako kanta bana Aranari: Letamendiak “Arantzazuko Ama Birjina”, eta Gorritik “Agur, Jesusen Ama”.
Joan Urteagak zuzenean Arantzazuko Andre Mariaren abestitzat ulertu zuen Aranaren “Agur, Jesusen Ama” testua, eta horren lehen ahapaldia bere hartan hartu zuen bestelako doinuarekin kanta berria sortzeko (Eresbil: E/URT-01/R-101); lehen lerroa aldatu zion, “Arantzazuko Ama” idatziz, eta honako amaiera hau erantsi:
“Agur, Maria, agur
Arantzazuko Ama, agur!
Dena dela, abesteko doinua osatuta, baina organoko laguntza burutu gabe utzi zuen Urteagak, Eresbilgo partituran eta AAB-n (Z/377) ikus daitekeenez.
AVAC liburuxkan argitaratu ondoren, 1883an berriro argitaratu zuen abes-ti-testua Aranak berak Euskal-Erria aldizkarian, ortografia zerbait aldatuta, eta bestelako adaera morfologiko txikiren batekin; adierazgarriagoa da laugarran ahapaldiaren lehen lerroko aldaketa, oin-oharrean ikus daitekeenez.
Arantzazuko erromes-taldeentzat atera ohi zituzten kanten esku-orrietan, 1918tik aurrera –horrelako lehenagokorik bat bakarra ezagutzen dut– ia beti ageri da “Agur, Jesusen Ama” ahapaldiren bat edo besterekin: Oñatiko erromesentzakoak –1918ko apirilaren 28an izan zen horien erromesaldia eta gero urte bereko irailaren 5ean, J. A. Lizarraldek dioenez (HVSA, 481-495 or.)– lau ahapaldiak aukeratu zituen (REA/JK, 76. or.); 2.a eta 4.a bakarrik zarauztarrentzakoak, “Agur gizonen Ama” hasten denak (1918) (REA/JK, 77. or.); urte bereko Arrasateko erromesentzakoak beste kanta baten barruan –“Agur, agur Maria, / agur, agur, agur” hasten denekoan– jaso zuen hemengo kantaren azken ahapaldia (ik. REA/JK, 75. or.); 1920ko Arantzazura bidezkundeko abestiyak liburuxkan ageri da noski (1. eta 4. ahapaldiak, azken hau “Zuregandikan alde” hasten dela). Urte horretan Arantzazu aldizkariak doinu eta guzti (ahots bakarrera) argitaratu zuen lehen ahapaldia, “Azken agurra” tituluarekin, baina bigarren lerroa “Birgiña nerea” idatzi zuen, “Birgiña maitea”-ren ordez –inprimaketa-okerra?– (II, 1922, 17. zenb., 264. or.).
Dirudienez, Gorritik berak bere doinuaren harmonizazio ezberdinak landu zituen: organorako edota ahotsetara. Bada konposatzailerik, Gorritiren doinuaren gain bere harmonizazioa landu duenik ere: Jose M. Arregi (1931, Zarauzko komentuko Musika artxiboan), Javier Bello Portu, etab. Arantzazuko Musika Artxiboan ere bada Letamendiaren doinuaren harmonizaziorik, anonimo edo erdi-anonimo: Horietako bat bi ahotsetara (AranMusArtx, D 35); beste bat, doinua eta organoko laguntzarekin, M. A. sinatuta; hirugarren bat, autore izenik gabe, lau ahotsetara harmonizatua, eta euskarazko kantaren lehen eta laugarren ahapaldiekin –euskara batuko ortografiara ekarria eta bestelako aldaera zenbaitekin: paregabea / berdingabea, bedeinka / onetsi, Zuregana dijoa / Zuregana baidoa–. Gainera pareko partitura du honek, gaztelaniazko testuarekin: “Adios, Virgen querida, / Madre del Salvador”. Azken hau eta “Agur, agur, agur, Maria” kantaren gaztelaniazko bertsioa –“Adios, adios, Virgen querida / del alto Aránzazu prez y honor”– ezberdinak dira.
Aranaren “Agur Jesusen Ama” testuaren bestelako doinu eta kantak ere badira, goian aipaturiko Urteagarenaz gain. Bereziki aipatzekoa da Nemesio Otañorena (1913): “Ama Birjiñari azken-agurra” –Donostiako Erviti etxeak argitaratu zuen euskarazko, gaztelaniazko eta katalunierazko testuekin: Aranaren 1. eta 2. estrofak–. Arantzazuko Musika Artxiboan bada horren eskuzko partiturarik, euskarazko testuarekin bakarrik, Aranaren lau estrofekin. Bizente Aranburuk bere Colección de cantos religiosos. Eliz Abesti sorta liburuan argitaratu zuen, Letamendiarenarekin batera (212-213 or.) –lehen estrofa bakarrik, euskaraz eta gaztelaniaz–.
Azkenik, Arantzatzuko Musika artxiboan bada Aranaren testuaren bestelako kanta-bertsioa ere –fitxatu gabea–, “Azkeneko agurra” tituluarekin: lehen estrofa bakarrik, bi ahotsetara jarria; konposatzailearen izenik ez du ematen.
Bestalde, Arantzazuko Literatur Artxiboan bada “Arantzazuko Amak” hasten den bertso sorta, Hondarribiako kaputxinoren batek idatzia, Gorritiren doinu honekin kantatzekoa (ADK liburu sail honetako IV. liburukian ikus daiteke).
Azken ohar kontuzkoa
Liburu hau inprimategian dagoela, mezua bidali dit Tolosako adiskide Ignazio Negredok –Parrokiako Musika artxiboaren arduraduna berau– Fermin Olaskoagak idatzi berria duen artikulua gaineratuz: “El verdadero compositor de Agur Jesusen Ama” (2018ko Hondarribiako festetako programarekin batera argitaratua). Beraren arabera Joan Maria Mintegi, Hondarribiako organojolea, litzateke Agur Jesus Ama doinu klasikoaren autorea; gainera, darabilen iturriaren arabera, 1879an Guadalupeko Santutegian abestu zuten kanta hau. Doinuaren autorearena lehenetan utzita ere, horren konposizio-urtea aurreratu beharra legoke; Aranak bere testua argitara eman (1881) baino lehenagokoa litzateke.
_________________
1 Joanito Dorronsorok Anbrosio Arriolari esleitzen dio doinua (ik. Bertso Doinutegia-I, Donostia: EHko Bertsolari Elkartea, 1995, 22. or.