Testua: L. Capellastegui; J. Alberdi (euskaratzailea)
Musika: Eujenio Urandurraga
“A la Virgen de Arantzazu”, in: Melodías Vascas. Canciones populares para Canto y Piano,
Buenos Aires: Editorial Vasca Ekin, 1948, 46-49 or.
Eskuzko partitura, eta inprimatua (arg. eta u. gabe) (AranMusArtx, D 35)
– AAB: 032 –
- Zeruko erreinutikan
Aloña mendira
euskaldunen artera
Birjina etorri da. - Rodrigo Baltzate(g)iko
pastoretxo bat zan,
zapatu egun batian
ahuntzen bila juan zan. - Iruditu zitzaion
pertsona ote zan,
hantxe bilatu zuen
Birjina arantzan - Emakume eder bat
haurtxo bat besuan,
kanpanila txiki bat
albuan bazuan. - Inork behartu gabe
soinu jotzen zuan,
Arantzazu izena
hartxek para zuan.
Kanta hau gaztelaniazko eta euskarazko testuekin ageri da partituretan. Jatorrizko testua gaztelaniazkoa zen (Kapellastegirena): hiru estrofa, musikan errepikatuz doazenak. Honetara hasten da: “De la región empírea / ceñida de arrebol...”; eta azken estrofa honetara da: “De Aránzazu paloma /Madre del Niño Dios / los ruegos de la Euskaria / no desatiendas no”; osorik ADK liburu sail honetako 8. liburukian ikus daiteke.
Badirudi partitura horri egokitu ziola Alberdik euskarazko testua; erdarazkoaren itzulpentzat ageri den arren, ez da inola ere itzulpena. Izatez, lehen estrofa bakarrik da nonbait Alberdik asmatua; ondorengo lau estrofak Telleriarteko Plazaolaren “Gure Ama Birjina” hasten den bertso sorta guztiz ospetsu eta zabalduko 3. eta 4. estrofak dira, Alberdik lautan banatuta.
Arantzazuko Musika Artxiboan euskarazko partitura daukagu. Hortik hartu dut testua ere, ortografiaren aldetik eguneratuta. Edizio inprimatuetan –horietako bat Buenos Aires-eko Ekin argitaletxeak argitaratua– testu-oker ugari daude, seguruenik inprimatzaile erdaldunaren eskutik sartuak: Balsatuko (Baltzateiko), auntzan (auntzen), besuau (besuan), aintze (aintxe), artze (artxek), iñore (iñork), para zuau (para zuan).
Eresbilen ere aurki daiteke Urandurragaren kanta: Kapellastegi eta Alberdiren testu eta guzti (E/URA-02/A-01) eta horren bertsio instrumentala bakarrik (E/URA-02/D-01), organo edo pianorakoa. Modesto Amutxastegi Soraluzeko organo-joleak kopiatua, dirudienez, azken hori.
Eresbilen iradokizunari jarraituz, 1890. urtearen ingurukotzat jo dut Urandurragaren kanta –1905ean hil zen musikaria Madrilen–; lehenagokoa ere izan daiteke; euskarazko testua gaineratzearena geroagokoa da agian.