Zortzico a la Virgen de Aránzazu
Testua: Jose Ignazio Arana
AVAC, 38-40 or.
Musika: J. J. Oñederra (“Estribillo”) // – AAB: 031 –
Kantartea
Agur, Arantzazuko
arrosa, Maria,
lora eder zeruko
parerik gabia!
gugan ezarri zazu
bertute loria,
kendurik pekatuen
arantz elorria.
Kantaldiak
- Agur, Ama Birjina
zeruko Erregina!
Agur, gure bizitza
uste ta atsegina!
Errukizko jargoia
gure poz-erpina!
Egin gaitzatzu zure
mesedeen dina. - Erbestetuta gaude
Ebaren umiak,
deiezka zuri altxarik
bihotz ta begiak:
Ibar negarrezkoan
hona hemen utziak!
Zu opa zaitu gure
arnas intziriak. - Ea bada! zerala
gure Bitarteko,
itzul gugana, errukiz
gu begiratzeko;
egin gero mesede
Jesus ikusteko,
zure fruitu eder hori
beti maitatzeko. - Birjina Ama Maria,
on ta bihozbera,
atoz, bai, atoz, arren,
gu salbatutzera:
segurki, guregatik
zuk erregutzera,
Kristoren aginduen
dina egingo gera.
Alabiz.
AVAC liburuan Felipe Arrese Beitiaren Arantzazuko bertsozko kondairaz eta beraren “Agur, agur, agur, Maria” kanta ezagunaz gain, Aranaren lau abesti-testu daude, hiru berak idatziak eta latinetik euskaratua, bestea –“Stella Maris”. Hemengo hauxe da lehenengoa. Berak sorturiko beste biek –“Arantzazuko Ama Birjina” eta “Agur Jesusen Ama” kantek arrakasta bikaina izan zuten bezala, honako hau bere horretan geratu zela dirudi. Musikatu eta abesteko sortua da, zalantzarik gabe, baina badirudi ez zuela inork musikatu.
Kantaren jatorrizko testua –bi aldetatik eskuz idatzitako koartila– Arantzazuko artxiboan dago (L. XXV-37), autoreak Jose Epelderi bidalitako “Ama Virgiñaren kantategi euskarazcua” abesti-bildumaren proiektuarekin batera, “Arantzazuko Ama Birjina” kantarena bezala; eta badirudi bilduman sartzekoa zuela, tituluari begiratuta (ik. gorago, 28. orrialdean, aurkibidearen erreprodukzioa, 2. zenbakia).
Kanta hau sortu, ez zuen Arantzazuko Andre Mariaren kantatzat sortu Aranak; jatorrizko titulua “Agur Erregiña edo Salvea” zuen, besterik gabe.Eskuizkribuak hasieran ez zuen lelo eta ‘kantarterik’ Arantzazuko Andre Mariaren izenekorik, eta funtsean Agur Erregina edo Salve Regina otoitz ezagunaren birmoldaketa edo iruzkina besterik ez zen, Aranak bertsotan jarritakoa. Argi ikus daiteke hori geroago Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zuenean, Gure Aita eta Agur Maria otoitzen bertsozko iruzkinekin batera (VII, 1882 (uztaila-abendua), 416. or.) –Agur Erregina eta Agur Maria beste nonbait ere argitaratuta zeuden, Aranak berak aditzera ematen duenez–.
Zer gertatu zen tartean? Eskuizkribuaren tituluaren eta lehen bertsoaren artean honako bi puntuko bertsoa sartzea iradoki zuen, eskuizkribuaren azpialdean idatzi zuena:
Agur Ama Doncella
Aranzazu-coa,
Agur gure biotzeco
Ama chit gozoa.
Horrela Arantzazuko A.M.-ri bereziki abesteko kanta bihurtu zuen, hasieran “Salbea” otoitza besterik ez zena. AVAC liburuxkan kanta hori argitaratzekoan, berriz, eskuizkribuko hasierako bi puntuko leloa aldatu egin zuen. Eta kantaren titulua ere osatu egin zuen: “Ama Virgiña Aranzazu-coari agur-ona edo salvea”. Beraz, Agur, Erregina edo Salbearen Arantzazuko moldaketa berezia izan nahi zuen nonbait Aranaren asmotan, baina Salve Regina latinez kantatzen jarraitu zuten Arantzazun: gregorianoz edo bestelako musikaz. Eta Aranaren bertsoak musikarik gabe geratu ziren, itxuraz. Ala izan ote daiteke Azkoitian abesten bide zuten kanta berezia, “Agur” hitzaz hasten zena?
Jose Antonio Garate frantziskotar azkoitiarraren artxiboan berri bitxia aurkitua dut. Azkoitian abesten omen zuten eta “Agur...” hasten bide zen kantaz galdezka idatzi zion gutuna Arantzazun bizi zen bere lagun Joan Jose Arrieta fraideari –azkoitiarra hau ere–, ea hango artxiboan aurkitzerik zuen horren aztarnarik. Hain zuzen ere, jakin nahi zuen ea kanta hori aurrenik Arantzazurako egina ote zen. Arrietak egin zituen bere mihaketak eta kontsultak, Garateri bidalitako erantzunaren arabera (1988-09-27), eta aterea zuen bere ondorioa: ezin zela ziurtzat eman jatorriz Arantzazurako konposatua zen ala ez.
Ez dut ezagutzen Azkoitian abesten omen zuten kanta, baina badirudi hemengo hau izan daitekeela, hasierako lelorik gabe, jakina. Jose Ignazio Aldalur musikari azkoitiarrak musikatua ote zen? Ala Patrizio Orkaiztegik iradokitzen dituen “Arantzazuko... erromeriraco Letemendiko don Modesto-c Tolosan atera dituan musiquetakoren” bat ote da? (Orcaiztegui, 1881,123. or.).
Aranaren testuko “kantartea” J. J. Oñederrak bere “Zortziko a la Virgen de Arantzazu” abestirako lelotzat aukeratu zuen.