Testua: Salbatore Mitxelena
OKA-1969, 26-27 or. (ik. AEP-2, 229-231 or.)
Doinua: “Boga, boga, marinela” (Mitxelenak moldatua)
OKA-1969, 11. kanta, 26. or. // – AAB: 204, 223, 266 –
- Boga marinela,
boga urrutira...
Bai Indietara,
bai Indietara!
Eskuetan arpoia ta soinean zira,
itxasoz jo dezagun jo Amets-herrira,
lur berririk agiri ote dan begira... - Ai urruti-mina!
gaitz senda-ezina,
baina, hala ere,
ondo atsegina.
Min izkutu horretxek beti eragina,
euskal kondaira doa itxasoz aitzina.
Egonak pozik ez du. Boga ahalegina! - Marinel herria
da Euskal Herria;
ta itxasoa, euskal
minen ataria...
Legazpi ta Urdanetak beren Goierria,
Okendo ta Elkanok, aldiz, Kosterrria,
itxasoz daramate euskal historia... - Bai ontzi lerdena
euskal Sinismena,
“Loiola-Arantzazu”
daramala izena!
Asegabe dijoa itxaso barrena,
Andra Maria eskutik ziur ta zuzena...
Kristorekin bakarrik nahi du atsedena!
Bere Poema-ko “Stella maris” kapituluko lehen ataleko (AEP-2, 229-231 or.) kantaren zatia jaso zuen hemen Mitxelenak, Arantzazuren mundu zabalerako dimentsioa goraipatzeko, Euskal Herriarenarekin batera. Ataleko lehen hiru ahapaldiak daude, aldaketa txikiren batzurekin; hemengo laugarrena, ostera, berria da, eta ez dator AEP liburuan.
AEP-n bertan dago adierazita zein doinurekin abestekoa den kanta (229. or.): “Boga, boga, marinela” herri doinu hain ezaguna. Mitxelenak berak moldatuta, liburuaren atzeko partituren artean aurki daiteke (14. kanta, 251. or.). OKA liburuaren ediziorako duoa ipini zion.
M. Idoiagak organoko laguntza gaineratu zion kantari (OKA/Id, 11. partitura; AAB: 266) –lehen ahapaldia bakarrik–. Arantzazu aldizkariak AEP-ko kanta oso-osorik argitaratu zuen 1966ko ekaineko zenbakian.