Marcha

Testua: Autore ezezaguna
Musika: Charles Gounod 
G2T, 90. or.; AranMusArtx, D 35
– AAB: 024

  1. Salbe errugabeko
    Birjina Maria,
    salbe zeruko izar,
    lausorik gabia.

  2. Guztiz zera ederra,
    zenduen aditu,
    Jaunagandik mundura
    zinanian sortu.

  3. Ez det, bada, errurik
    zuregan topatu,
    Adanen pekatuan
    ez zera kutsutu.

  4. Bertatik eguzkiak
    zinduen apaindu,
    ilargia oinetan
    zitzaizun prestatu.

  5. Zure burua izarrak
    zuten bai koroatu,
    zeru-lurreko gabak
    Zugan ziran bildu.

Arantzazuko Kanta Zaharren Bildumako G2T, 90. orrialdeko kanta honek “Marcha” du izena, eta bertan aitortuta dagoenez, Gounod-ena da: Izan ere, Charles Gounod-ek idatzitako “Martxa Pontifikala” izenekoaren doinua da honena. 1869an inauguratu zuten pieza hori, eta 1950ean Pio XII.ak Vatikanoko martxa ofizial izendatu zuen.

Nork eta zergatik egokitu zion Andre Mariaren testua Gounoden martxari? Arrakasta handia izan zuen horrek, besteak beste, garai hartako Aita santuaren Aulkiaren gorabehera politikoengatik. Arrakasta horrek eragin zion seguruenik norbaiti Arantzazuko Andre Mariaren koroaziorako horrelako ereserki handirosoa paratzea. Testuak ez du Arantzazuko Andre Mariarenik aipatzen, eta izan daiteke zuzenean Andre Maria Sortzez Garbiaren gorazarrea; baina, sortu bide zeneko testuinguruari begiratuta, eta Arantzazuko Kanta Zaharren Bildumaren barruan bakarrik dagoela kontuan izanik, Arantzazuko kantatzat eman dezakegu.

Abesti bera kopiatuta dago Arantzazuko Musika Artxiboko eskuzko partitura batean, baina “Himno a la Virgen” izenpean: Gounot [sic], autorea (AranMusArtx, D 35). Kantaren hitzak, berriz, euskaraz bai eta gaztelaniaz ere baditu, “Inmaculada Virgen” hasten direnak. Dirudienez, euskarazkoaren ondorengoa da hori: itzulpen egokitua. Beste inon ez dut aurkitu, eta uste izatekoa da partitura honetarako asmatu zuela norbaitek. ADK liburu sail honetako 8. liburukian –Arantzazu cantado por los poetas– ikus daiteke.

Gounoden Martxa pontifikala bera ere badago Arantzazuko artxiboan (AranMusArtx, M 51), pianorako moldatua, ordea, ez kantatzekoa.


AAB: 024