Testua: Salbatore Mitxelena
OKA-1969, 30-31 or. (ik. AEP-2, 219-220 or.)
Doinua: Herri-doinua (Mitxelenak moldatua)
AEP-2, 13. kanta, 251. or. (OKA-1969, 13. kanta, 30. or.)
– AAB: 165, 203, 225, 268

  1. Itsasoan urak haundi,
    probatuta gaude ongi.
    Goian oztina, behian urdina;
    ur eta ur beti.
    Sorterritikan urruti,
    famili gabe aspaldi...
    Urrunago ta maiteagoa
    zaitugu, Laburdi!

  2. Itsasoan urak gazi.
    Ez dakianak ikasi.
    Bakailutara bi hilabeteko
    urtero goazi.
    Gurekin batean nahasi
    etorri hadi lehenbizi;
    ikusiko dek hobea dala
    lehorrean bizi.

  3. Joanaldi bakoitzean
    senarrok abiatzean,
    han juten dira Arantzazura
    andreak taldean,
    bide luze ta latzean,
    gure alde otoitzean...
    Zeru-laguntza ondo beharra
    itxas haserrean!

  4. Udara heldu orduko
    bueltan gaituzu aguro,
    Terranobako urak utzita
    beste urterako.
    Jan eta edan, bateko;
    kantu ta zantzo, besteko.
    Etxerakoan pozik ez bada,
    gure poza noizko?

Bere Poema-ko “Ama zaindaria” kapituluko “Terranobara joan-etorria” atala, lau ahapaldikoa, osorik jaso zuen OKA kanta-liburuan, testu-aldaketa txiki batzurekin, ordea, oin-oharretan seinalatu dudanez.

Herri-doinua aukeratu zuen, eta AEP-ko partituren artean aurki daiteke, Mitxelenak berak moldatuta (13 doinua, 251. or.). Bere horretan dago jasota OKA-n ere, aldaketa txiki batekin. M. Idoiagak organorako laguntza gaineratu zion (OKA/Id, 13. partitura: AAB: 268). Manolo Urbietak harmonizatu zuen, 4 ahotsetara kantatzeko jarriz, eta bestelako moldaketak eginez –“ja, jai, ja, jai” ohiua erantsi zion, estrofa bakoitzaren azkenean, epifonema gisa–.

Arantzazuko eta Oñatiko Santa Anako koruek batean lau ahotsetako bestelako harmonizazioarekin –norena?– OKA-ko kanta osoa abestu eta grabatu zuten (Arantzazu. Ameskabi, Otoizleku, 10. kanta).


AAB: 165

AAB: 203

AAB: 225

AAB: 268